Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
Irudia: Kristina Fernandez  
 
GUTUNA 
 
Parisen, 2006ko martxoaren 2an

Urtarril hasierako aurkezpenean ezagutu zintudan, gainerako ikaskide guztiekin batera, eta, bai, erreparatu nuen zure erakargarritasunean; gutxitan gertatzen zait eta, aspaldian, ez. Goitik behera aztertu zintudan; segundo gutxi batzuetan irudikatu nuen zure izatea eta... gustatu egin zitzaidan.

Egun hartan, etortzen bezala, joaten ikusi zintudan, besterik gabe, bait banekien, ondo jakin ere, zer ez nuen nahi. Ez nuen nahi inork erakar nindezan; ez nuen ametsetan hasi nahi, badakidalako azkenean, ametsak oro ezereztu egiten direla; horregatik, etortzen bezala, joaten ikusi zintudan. Agurtu nindutenak agurtu nituen eta zu, agurtu gabe, joaten ikusi zintudan.

Ondorengo egunetan ez genuen klaseetan bat egin, areto ezberdinetan ikastea egokitu zitzaigun eta; ostegunean, ordea, halabeharrak bata bestearen atzean esertzea ekarri zigun. Zu nire aurrean. Libre begiratu zintudan. Klasea bukatu eta atsedenaldian jarlekutik jaiki ginenean, zerbait galdetu zenidan; ni, esanak zioenari kasurik egin barik, zure ahotsean zintzilikatuta bezala gelditu nintzen eta, «bai» lotsatuaz begietara zuzendu nintzaizun... eta iruditu zitzaidan galderatik harantzagoko zerbait adierazi nahi zidatela zure begiek... eta, agian, nik, «bai» baino askoz gehiago esan nizun ostegun hartan. Lagunak Aratz deitu zintuen, gero,
nire hatz erakusleak gelako ateko zerrendan aurkitu: Aratz Etxaburu Labrit. Asko gara Sorbonan euskaldunak.

Ilunabarrean, egunerokoa ireki eta... zer idatziko nuen ba?... ba... hori! Ez nuela sentitu nahi!

Gaur, ostera, egunerokoaren aurrean geldirik nago, paperari begira, barruko berbak zela josi ez dakidala.

Poliki igaro dira egunak, asteak, berriz ere ostegun hau iritsi arte... Aurreko egunetan zu bazterrean lagatzeko ahaleginetan ibili naiz; ez dut zure berririk izan. Ez dizut nirerik igorri; gaur, baina, disimulu antzean bilatu zaitut ikaskideen artean, bilatu, diot, bilatu; eta zuk zeuk aurkitu nauzu. Denbora labur bezain urduri eta estuan esan didazu, urrunetik, hitzik gabe, nik esan nahi izan dizudanaren bikoitza... Izar hautsetan batutako oparia esquían didazu, eta... Zelan poztu den nire barrua! Amets jantzitan hurbildu zatzaizkit, erotuaraziz gogoa; erantsi didazu beldurra, negarra, eta, bihotza bete, biluztasun epelez jantzi...

...Eseri egin naiz lagunaren ondoan. Ordu eta erdi luzea aurretik barrukoak baretzeko... Baina zutitu egin zara irakasleak eskatuta eta Inteligentzia Emozionalaren inguruko lana azaldu diguzu, “L’inteligence Emotionale”... Zer eta norberak bere emozioak kudeatzeko gaitasunaren garrantziaz lezioa! Eta ni emozio baten punta-puntan. Sentimendua emozioaren
ondoren geratzen den arrastoa dela esplikatu diguzu, emozioaren aldean lasaia baina iraunkorra. Autokontzientziaz ere hitz egin diguzu, sentitzen duguna zer den identifikatu beharraz eta zentzumenak sakonki sentitzearen onuraz...

Badakizu? Apropos niretako prestatua zirudien aurkezpenak, jarri dituzun adibideak... Bi aldiz begiratu zaitut hitzaldiak iraun duen denboran; bietan irribarrea eman didazu...

Azalpena bukatu bezain azkar zutitu eta presaka alde egin dut, presaka bihotza, presaka burua, presaka oinak, presaka... sosegura, pisura. Gaurkoan ez zaitut joaten ikusi; gaurkoan agian, zuk ikusi nauzu, agurrik gabe, joaten.

Eskailerak binaka jaitsi ditut eta kalera irtetean haizea gelditu egin da, bide ertzetako haritzen ostotsa isildu eta zeru lainotuak begiak itxi ditu nire gainean. Distantzia gabeko denboran egin dut atearen beste alderainoko ibilbidea. Buruan, eta gogoan, eta azalean, eta entzutean, eta begietan... zu, zu, zu.

«Berbek ez dakite betik esaten barruak sentitzen duena...» idatzi dut egunerokoan.

Biharkoa irudikatzen ari nintzen telefonoa izan denean, «Aratz, seguru!»... Eta ez... Jaso ditudan berriek aurreikusita zirudien geroa aldatu dute, geroa aurreikusterik ez dagoela bermatuz, eta gutun hau arrazoitu. ...Banoa, Aratz... Ezinbestean. Bilbora. Etxera. Arazo larriak gurean.

Bukatu da Paris, eten ametserako denbora. Luzerako behar zuen bekaren aukera motz geratu da. Hala ere, hiru hilabete eskasean limurtu nau bizimodu anitza bezain paradoxikoa bereganatzen duen hiriak... eta zuk. Hasten den guztia bukatzen da, baina, eta, hasi gabekoa?... Ametsa zen eta ezereztu egin da.

Agian harritu egingo zara, Rose (konturatuko zara nire ondoan esertzen den rubia dela) idatzi honekin hurbiltzen zatzaizunean, baina, bera da zuregana iristeko bururatu zaidan aukera errazena eta ia bakarra.

Ez dakit... Hemen utzi nahi ditut neureak bakarrik diren esanak, zurekin, zuretako; hitzetatik harantzagokoak, berba barik adierazitakoak daramatzat nik zugandik. Kalen Bengoetxea Irizar. Haritz-zabaleta 18. Bilbo. Euskal Herria. 
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago