Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gutun inbasioa Palestinan

7K1332Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Lauela berrogei urte eskas ezagutu nuen, baina azken hilabeteetara arte ez dut haren izenaren esanahia hiztegian begiratu: Khaled, hilezkorra. Sei hilabeteko bidaian bisitatu nituen Galilea, Nazareth, eta Jesusalemgo lau auzoak: musulmana, judua, kristaua eta armeniarra; 90 ibilbidea korritu nuen iparraldetik hegoaldera; Itsaso Hilera heldu nintzen; Sinai basamortuan kanpatu nuen egun batzuez; ume beduinoekin egin nuen trukean... Lan egin nuen han-hemen.
 
Palestinan ezagutu nuen Khaled, Zisjordania eremuan hain zuzen ere, mahatsondo lursailetan. Hango landetxe batean eman nuen denboraldi bat sos batzuk irabazteko, aurretik kibbutzean ezagutu nituen bi lagunekin. Ez ditut haien izenak gogoan, urte asko igaro baitira. Gogoan dut lehenengo Intifada garaia zela. Gauez heldu nintzen moshavera, autobusean luzaz egon ondoren, israeldarren kontrolen eta miaketen menpe bizi baikinen. Bakarrik nengoen. Azken kilometroetan autostop egin behar izan nuen ditxosozko moshav lekutan zegoelako. Akordatzen naiz une hartan pentsatu nuena: hemen hiltzen banaute, amak ez dit barkatuko.
 
Baserritarren alaba naizen arren, nekeza zen lursail amaiezinetan lan egitea. kutxa batean igota, hostoak kendu eta mahats-mordoak erdizka garandu, gainerakoak ongarri kimikoz puzteko. Horra, gure zeregina. Israeldar nekazariek edozein itxuradun ongarria saltzen zutela esaten genuen, mahats itxuraduna, mailuki itxuraduna, madari itxuraduna... Kontua da, orduak eta orduak besoak altxatuta, mindu egiten zitzaigula bizkarraldea, eta, izan eskarmentu eskasa genuela izan trebetasun edo ganora falta, lana astiro egiten ei genuela. Khaled aldamenean jartzen zitzaigun, eta bakoitzari zegokigun ilara amaitzen zuen, jabea gurekin haserretu ez zedin. Atzeratzen ginela ohartzen zenean, gure lanari ekiten zion. Zelan eskertzen genion inork eskatu bako ardura!
 
Atsedenaldietan, Khaledek eta bere lagunek tea eskaintzen ziguten. Gozo-gozoa, irakindakoa; te galdua, ingeles batentzat. Berak erakutsi zigun tea edatea ona dela beroa gorputzetik ateratzeko, edota burua ez dela busti behar tenperatura altua denean, ura lurrundu ahala, buruko mina sor dezakeelako. Jatorduetan, etxetik ekarritako biribilkiak ematen zizkigun, mahats-orri samurretan bildutako arroz espeziatua.
 Egunsentiarekin hasi eta iluntzera arte lursailetan egoten ginen, palestinar jornaleroekin buruz buru. Batzuetan, haiek ez ziren lanera etortzen, soldaduek kontrolguneak itxita zeuzkatelako. Inoiz, nagusiak traktorea uzten zigun joan-etorrietarako, eta guk bazterretara botatako banana lukuak jasotzen genituen, janarian aurrezteko. Inoiz, postalen bat heltzen zen herritik onik ote geunden jakiteko.
 
Behin, Khaledek bere etxera gonbidatu gintuen. Oraindik gogoratzen dut Jeriko eta inguruetako edertasuna. Ez zen paraje horretan Jesusek hiru tentaldiak jaso zituena? Emakumeek otordu pantagruelikoa prestatu zuten; Ramadan sasoia zenez, hala ere, geuk baino ez genuen bazkaldu. Auzoan zabaldu egin zen, nonbait, hiru atzerritarrak bertan ginela, umeen buruak agertzen baitziren behin eta berriro atearen hutsunean. Haien irriek biribiltzen zuten helduon elkarrizketa behartua. Jeriko zaharra utzi genuenean, ehunka esku ziren airean gu agurtzeko, errege-erreginak bagina legez.
 
Egun batean, mahatsondoen gerizpetara tea hartzen ari ginela, Khaledek gutun bat atera zuen irakur niezaion. Ingelesez idatzita zegoen. Bera ondo moldatzen zen mintzatzeko baina ez zen hizkuntza arrotza leitzeko kapaz. Gutuna irakurri nion, astiro, haren aurpegi keinuetan ataza ondo betetzen ari nintzen asmatu nahian. Amaitutakoan, hausnarrean geratu zen, begirada mahatsondo lerrozuzenen amaierako mendi arrosakaretan galduta. Gero, paper bat eta arkatza atera zituen poltsikotik. Write, esango zidan, nirea bezain ingeles traketsean. Eta hala egin nuen. Berak diktatutako esaldiak idatzi nizkion inoiz ezagutuko ez nuen atzerritar bati, geu bezala lursail hartan lan egin zuen gazteren bati, mahatsondo ilara infinituetan Khaledek lana amaitzen lagundu zion bati.
 
Zoragarria iritzi nion. Kate bat osatzen ari ginen mundu zabalean, amaraun bat eraikitzen, postarien konplizitate xaloarekin. Eta harro sentitu nintzen Khaled urtez urte ehuntzen ari zen sarearen partaide egin ninduelako. Mugarik ezagutzen ez zuten hitzak, desirak, testigantzak, goraintziak, zorion agurrak, mezuak, istorioak: ezkondu egin naiz, bi ume dauzkat orain, ama hil zaigu, etxe berria erosi nuen, ospitalean nago, neska-lagunak utzi ninduen, album batean jarri ditut argazkiak, autoa erosi dut, unibertsitatean sartu naiz, kale artista nabil... eta... goraintziak, agurtu familia nire partez, besarkada bat, asko akordatzen naiz zutaz, eskerrik asko, beste batera arte, hurrengora arte, ez adiorik...
 
Armada bat eraiki zuen Khaledek, hitzen bitartez.
 
Egunotan, irudipen bat dut. Munduko zoko guztietatik armada horrek gutunak jaurtitzen dituela Palestinara. Gutun zuriak gurari onez beteak. Gutun inbasioa, mezu bakar batekin: As-salam alaykum, bakea zurekin.
 

Idazleari buruz...

Gotzone Butron Kamiruaga Gotzone Butron Kamiruaga. Filosofian lizentziaduna, egun bibliotekaria naiz. Zenbait autorek idatzitako narrazio liburuetan parte hartu dut, euskaraz zein gaztelaniaz. 2021ean “Sardinerak” albuma idatzi nuen (Bizkaiko Foru Aldundia), eta 2022an “Nire Sarajevo”, BizkaIdatz lehiaketari hasiera eman zion narrazioa.arrazioa.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago