Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Sukarra

7K1328Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Aspaldi izan ez nuen amets batek esnatu ninduen. Gaua zen, eta arin nindoan zuhaitz artean korrika, inoiz baino arinago. Belarrean distira egiten zuten ur tanta hotzek ez zidaten enbarazu egiten; izan ere, atsegin nuen freskotasuna abiadurak berotutako oinetan. Maldan gora abiatu nintzen, eta mendixkaren buruan arkume bat aurkitu nuen, ilargi betearen kontra.

Aztoratuta esnatu nintzen ostatuan, izerditan blai. Euriak leihoaren kontra jotzen zuen gogor. Atea zabaldu egin zen eta ama agertu zen. Eskuan zekarren kandela mahaitxoan utzi eta nire alboan eseri zen.

– Laztana, ondo zaude? –eskua kopetan jarri zidan –. Sukarra duzu berriro, Leire.

Mantan bildu eta besarkatu ninduen. Oin biluziak hartu zizkidan, eta bero sentitu nituen haren eskuak, sutan. Besoetan jaso eta sukaldera jaitsi ninduen. Min ematen zidan hitz egiten saiatzeak, eztarria zarrastatu arte garrasi egin izan banu bezala neukan.

Sukaldean, amak pertza bete ur jarri zuen berotzen sutan, eta leiho gainean esekitako belar batzuk hartu zituen. Txikitzen hasi ahala, pauso batzuk entzun ziren eskaileretan behera. Gizon bat agertu zen atetik, aho zabalka. Handia zen, bizar- duna eta burusoila, barruko arropaz jantzita. Markos zen, bosgarren gelako maizterra.

– Zer da iskanbila hau? –galdetu zuen.

– Ez da ezer, Markos jauna, itzuli ohera –erantzun zion amak, oraindik ere bizkarra ematen –. Bi ordu falta dira gosarirako.

Begiratu zidan, eta nik, eztulari ezin eutsi, ihes egin nion bere begiradari. Hatz zikin bat luzatu zuen nigana.

– Txarto dago kakalardoa?

– Ez kezkatu, Markos jauna, ondo dago. Itzuli ohera, mesedez –errepikatu zuen amak. Egonarria agortzear zegoela sumatu nion.

Markosek ipurdia hazkatzeari ekin zion. Nazka eman zidan.

– Garrasi bat entzun dut. Marru bat bezala.

Amak buelta eman zuen, orain bai pazientzia agortuta.

– Imajinatu egin duzu, Markos jauna. Itzuli ohera, bi ordu falta dira gosarirako.

– Bueno, tira, emakume, ez dago horrela jarri beharrik – eta desagertu egin zen, azkenean, eskaileren iluntasunean.

Amak katilu bat bete zuen berotutako urez eta belarrak sartu zituen. Edateko eman zidan usain mingots eta zapore are nazkagarriagoa zuen likido hura. Labana balitz bezala sentitzen nuen eztarrian behera. Amak altxatu eta ate zabalaren aurrean kokatu ninduen, nire gorputza hotzari eskainiz. Eguzkia ez zen oraindik atera, eta larrak izotzak zurituta ageri ziren.

– Badakit ez duzula atsegin, Leire, baina sukarra jaitsi behar dugu –masaila laztandu zidan eta alboan eseri zitzaidan –. Zurekin geratuko naiz hobeto sentitu arte.

Igotzeko esan nahi nion, bestela bera ere gaixotuko zela, baina eztarriak utzi ez. Zurrupada bat eman nion edabeari. Ez zen atsegina, baina mina baretzen zuen behintzat. Handik gutxira ezin izan nituen begiak zabalik mantendu, eta lokartu egin nintzen.

Berriz esnatu nintzenean, argia leihotik sartzen zen, euriak beira kolpatzen zuela oraindik ere. Arropa ezberdina neraman, eta izarak garbi zeuden. Izpiliku lurrina zerien, eta unetxo bat hartu nuen burua haien artean biltzeko, usainaz goza- tzeko. Eztarria pitin bat minduta nuen oraindik eta nekatuta nengoen, baina oro har askoz hobeto sentitzen nintzen. Ostatuko bi pisuak jaitsi nituen, eta sukalderantz nindoala, ahots batzuk entzun nituen jangelatik.

– Ume horri zerbait gertatzen zaio, egon zaitezte ziur –Markosen ahotsa zen.

– Bai, gaixotu egiten dela, ume guztiak bezala –erantzun zion ezagutu ez nuen beste gizon batek.

– Serio nabil, Inaz. Neskatxoa ez da normala, okertzen den bakoitzean gauza arraroak gertatzen dira. Ez zenuten atzoko marrua entzun?

– Animaliaren bat izango zen –ezagutu ez nuen hirugarren ahots batek –. Irudimentsuegia zara, Markos. Zenbat denbora daramazu ostatu honetan?

Atearen marko atzetik begira geratu nintzen. Markosekin batera aste horretan elkarrekin ailegatutako bi bidaiari zeuden eserita, kartetan jokatzen. Plater zikinak zituzten alboan, eta ardo botila huts bana. Bazkaldu berritan zeuden.

– Urte erdi edo, zer ba?

– Eta ez duzu familia nonbait? Ez duzu uste mugitzeko garaia duzula?

– Nora joateko? Non egongo naiz hemen baino hobeto? Ez, ez; hemen janaria prestatu eta arropa garbitzen didate. Ezkonduta baino hobeto nago hemen, ez dut ezein emakumeren tontakeriak jasan behar.

Hori entzutean aztoratu egin nintzen, eta eztula egin nuen berriro. Aurrera erori nintzen eta ateari eutsi behar izan nion.

– Hara, gure kakalardoa! – esan zidan Markosek –. Zutaz ari ginen, hobeto zaude?

Erantzun baino lehen amaren ahotsa entzun nuen sukaldetik.

– Leire, zer egiten duzu ohetik kanpo? –nigana hurbildu eta eskutik heldu zidan –. Utz ditzagun bakean gizonak, zatoz zerbait jatera. Barkatu, jaunak.

Gurina zabaldu zuen ogi puska batean, eta aurrean jarri zidan, esne katilu batekin batera. Jan ostean, Markosen hitzak oroitu eta luzaroan gogoratu gabeko pentsamendu bati ahotsa eman nion.

– Ama. Nor dut aita?

Amak, leihoaren aurrean harrikoa egiten zegoenak, buelta eman zuen.

– Zuk ama baino ez duzu, Leire. Jan eta gero, amak ohera bidali ninduen bueltan. Eguna leihotik begira eman nuen, manta batean bilduta. Atsegin nituen ur tantek leihoan egiten zituzten marrazkiak, eta labur pasatu zitzaizkidan orduak behingoz atertu zuen arte.

Arratsaldean, Markos eta bi bidaiariak ikusi nituen, bata etxeko arroparekin, beste biak zorroa prest bideari ekiteko. Elkarri agur esan, eta bikotea urrundu zen. Baina beste zerbait ikusi nuen leihotik, gaua heldu zenean. Ilun hartan, zuhaixka batzuk astindu zituen zerbaitek, eta eskua sutan jarriko nuke bi begi distiratsuk begiratu zidatela urrunetik. Orduan ama sartu zen afariarekin, eta lotara joateko agindu zidan. Berriro begiratu nuenean, begiak desagertuta zeuden.

Ametsa errepikatu egin zen. Indar basatia sentitzen nuen gorputz osoan, eta izotzezko ilargi erraldoiaren azpian sentitzen nuen askatasuna inoiz dastatutako gauzarik gozoena zen. Oraingoan ia-ia ailegatu nintzen arkumearengana, egundoko goseak bultzatuta, baina beheko pisutik zetozen garrasiek esnatu ninduten. Ez nituen ulertzen, baina eztabaida doinua ezagutu nuen. Eztula egin nuenean, isildu egin ziren, eta ama etorri zen.

– Sukarra daukazu?

– Ama, ulu bat entzun dut.

– Barkatu, laztana, ez genuke gauez oihuka ibili behar. Egizu lo lasai.

Baina ez zen hura nik nioena. Nik entzundakoa kanpotik zetorren. Basotik. Eta ez zen oihua, berak zioen bezala. Ulu bat zen. Urrunetik zetorren ulu eder bakarti bat. Nekatuegi nengoen ezer galdetzeko, eta berehala lokartu nintzen.

Goizean, jaitsi eta Markos aurkitu nuen jangelan, bakarrik gosaltzen.

– Kaixo, kakalardo. Hobeto?

– Bai –erantzun nion. Zerbait zeukan begiradan. Zerbait sakona eta zitala. Ihes egin nuen sukaldera.

Egun hura ere leihotik begiratzen eman nuen, mugitu gabe, buruari bueltaka amets horiek zer ziren, eta zer susmatuko ote zuen Markosek niri horrela begiratzeko. Ez zitzaidan inoiz gustatu, baina orain beldurra ere sentitzen hasia nintzen hura gogora zetorkidanean. Gau aldera sukarra desagertuta zegoen, eta amarekin afaldu nuen sukaldean. Normalki egiten genuen bezala, harrikoa egiten lagundu nion, eta oheratu ginen.

Hirugarrenez, ametsa errepikatu zen, eta gau hartan bai, arkumea harrapatu nuen. Marraka egin zuen, eskuen artetik ihes egin nahian, alferrik. Ilargi betea gorriz busti zen, eta ekaitzak esnatu ninduen. Trumoiak baino ozenago entzuten zen oihu ito bat sartu zen kanpotik, eta leihotik begiratu nuenean, ama ikusi nuen han behean, euripean. Belauniko zegoen, Markosen burua magalean harturik, zeinak, bularra txiki eginda, odola galtzen zuen larriki, bustitako belarra zikinduz. Amak zerbait oihukatu zion basoari, eta ni lurrera irristatu nintzen, arnasestuka.

Ezin izan nuen lorik egin, baina eguzkia atera arte itxaron nuen ohean, leihotik begiratzera ausartu gabe. Jaitsi nintzenean, ama zegoen sukaldean, eta ostatuan ez zen ezer entzuten.

– Egun on, Leire –esan zidan, eta urduritasuna eta pena ikusi nizkion begiradan –gose?

– Non da Markos?

– Joan da.

Isilik egon nintzen une batez, gosaldu bitartean, baina bazen gogotik aldendu ezin nuen zerbait.

– Ama — esan nion –. Nor dut aita?

Sendabelarrak lehortzen esekita zeuden leihora astiro hurbildu, eta basoari so geratu zen. Leihoaren islan malko bat ikusi nion masailean behera. Ez zidan ezer erantzun, eta aurpegia berotzen sentitu nuen, eztulari ezin eutsirik. Idazleari buruz...

 

Idazleari buruz...

Borja Alonso Vaamonde. Idazle eskolako ikaslea, bilbotarra, zapaturo- zapaturo goizeko zazpietan nekez jaikita ere. Baina esaten den bezala, gogoko tokian aldaparik ez. Hau ez da nire lehenengo ipuina, baina bai pozik geratzen naizen lehena.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago