Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Maleta beteak

7k1232Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Bi egun eskas eman ditu etxean, baina joan beharra dauka berriz ere. Maletak eginda zeuzkan bezperatik eta prest utzi ditu sarrerako ate ondoan. Pilotu izatearena asko gustatzen zaio, baina, familia bat osatzen denean, gauzak ez dira hain errazak, begiratu besterik ez dago lanera joan beharra daukala esaten duenetan ze aurpegi jartzen duten etxekoek! Jada ez dauka lehen zeukan askatasunik! Bizitzan erabakiak hartzeak horixe dakar batzuetan, lotu egiten du bat, askatasuna galdu egin ohi da.

Umeak gosaltzen ari dira dagoeneko. Nahikoa lan dute esnatzen. Ez diote begiratu ere egin. Haserre izan ohi dira lanera doala dakiten guztietan. Behin eta berriz errepikatzen den eszena da hori. Ez da samurra izaten egoera. Ez eurentzat eta ez beretzat. Badaki, azken batean, haserrea ez dela bereganakoa hainbeste, baizik eta etxean ez dutelako aldi batean ikusiko.

Sukaldeko ertz batetik begiratu dio familiari. Alaba nagusia institutuan da jada. Ez daki ziur noiz pasatu den hainbeste denbora. Bera hegaldi batean eta bestean, hara eta hona dabilen artean, umeak hazi egin dira. Hainbeste denbora pasatzen al du, bada, etxetik kanpo, noiz hazi diren ere ez konturatzeko? Ez zaio berari hainbeste denik iruditzen. Txikia ere ez da jada hain txikia. Atzo goizean jaio zela ematen du, eta, hara!, beteak ditu jada 10 urte.

Bikotekideak beti aurpegiratzen dio, gaixorik jarri den guztietan, dela hortzak atera zaizkiolako, dela beste zerbaitegatik, alegia, laguntza behar izan duenetan, ez dela etxean egon. Ez dela sekula etxean egoten. Horrek urduri jartzen du. Bere soldata behar dute familia aurrera ateratzeko, eta badakite lanaren parte dela etxetik kanpora ibili behar izatea. Badakitela esaten diote, baina ez dute jakin nahi. Bitartean, familiarekin egon nahiko ez balu bezala sentiarazten dute. Aitortu beharra dauka, bestalde, beretzat arnasaldi luze bat egitea bezain beharrezkoa bihurtu dela lanera joatea. Beharra sentitzen du familiarengandik urruntzeko. Noizean behin norbanako sentitu eta ez talde. Badaki bikotekideari hori guztia esango balio, haserretu egingo litzatekeela, eta berak ere nahiko lukeela arnasaldi luze bat erantzungo liokeela, baina ez duela pribilegio hori. Hobe izaten da isilik geratu eta ezer ez esatea.

Bikotekideari erreparatu dio ondoren. Sukaldean dabil gelditu ere egin gabe, umeei gosaria eman, eskolarako hamaiketakoak prestatu... Bazkaria ere ari da aurreratzen eta antolatzen. Bai, denborak hatz tarteetatik hareak bezain erraz egiten du ihes! Konturatu da azal zimurtzen hasia dela, baina oraindik sasoian dago, eder eta lirain. Ez da ezagutu zuen eguneko hura. Gauzak asko aldatu dira elkar ezagutu zutenetik. Egoera oso da desberdina orain. Familia osatzeak berak egoera zeharo aldatu zuen. Umeak, eta... errutina. Ulertzen du umeek errutinak behar dituztela, baina tarteka errutina hautsi egin beharra dago, ezen bestela... Eta batzuetan, ezin dela hautsi ematen du. Betiko gauzak egiten jarraitu behar dela; bestela, dena behera etorriko dela. Berak ez du, ordea, uste hala denik.

Ozta-ozta eman dio denbora kafesnea hartzeko. Hari azken zurrutada ematen ari dela hasi da telefonoa jo eta jo. Lankidea da. Kanpoan dela zain eta jaisteko lehenbailehen. Umeei muxu bana eta bikotekideari beste bat eman eta abiatu da. Hiru ordu laurdenean iritsi dira aireportura. Eurak, bi pilotuak, azkenak orain ere! Beste lankideak, azafatak, bertan ziren dagoeneko. Beti puntual haiek! Bilbotik Mallorcarako hegaldia egitea dagokie gaur. Iritsi orduko agurtu ditu azafatak. Beti bezain irribarretsu erantzun diote. Oso atseginak dira denak. Horrela izanik, pozarren egiten du bidaia emakume lankideokin.

Mallorcan, hotelean, gau bat eman beharko dute hurrengo eguerdian Madrilerako hegaldia egiteko, eta, hirugarren egunean, handik Bilbora. Baina Mallorcan denbora izango dute atseden hartu eta lasai egoteko. Horrelakoetan lankideekin afaltzen du. Deskonektatzeko modu bat da, eta gustatzen zaio pilotukidearekin eta azafatekin elkartu eta berriketan aritzea, atseginak baitira oso eta ez baitu aukera handirik izaten, bere lanbidea tarteko, bizitza sozialerako. Maite du bizitza soziala egitea, eta laneko tarte horietan ez bada, apenas izaten duen gehiagorako tarterik! Ordu batak izango ziren oheratu direnerako. Emakume gazteak dira eta ez da zaila haien ondoan gustura sentitzea. Baina ezin gaua luzatu. Lana egin beharra baitago hurrengo goizean.

Biharamunean, Madrilera egin dute hegaldia. Bertan ere izango dute tartea solasaldirako eta zinez eskertzen du hori. Baina berak nahi zuena baino askoz arinago egin du denborak berea. Berehala pasatu da tartea. Hurrengo egunean, gosaldu orduko, sartu dira berriro ere hegazkinera. Nahiko arina egin zaio bidaia, baina nekatuta dago. Konturatzerako, ordea, Bilbon da berriz. Aireportutik atera orduko taxi bati deitu eta etxerantz abiatu da. Badu giltza, txirrina jo du, halere. Txikiak ireki dio atea eta berehala besoetara egin dio salto:

–Amaaaaaa!!!

 

Idazleari buruz...

Itzaltzu Edo (Gebara, 1974). Ikasketaz filologo, lanbidez irakasle. Iñurriak gara mundu zabalean eta mundua handi ikusten dugu. Ez gaitezke, ordea, txiki sentitu, gu bezalako txiki asko dagoelako mun- duan. Zorigaitzez, ez gara konturatzen gure txikian zenbat daukagun emateko. Ahalduntzea falta zaigu. Zergatik ez eman lehen urratsa eta zerbait kontatu?

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago