Bizitzaren gortinak
Urtebete igaro da Amaia azken aldiz ikusi nuenetik. Denboraren gurpila azkar doa. Urtea ziztu bizian; Amaiaren zain eserleku honetan itxarotea, ordea, luze egiten ari zait. Amaia ez da inoiz batere puntuala izan; gaurkoan ere aitzakiaren bat izango du.
Eguna sargoria da apirila izateko, bero. Arratseko 17:30 dira eta 26 gradu markatzen ditu aurrean dudan farmaziako termometroak. Gainean dagoen etxebizitzan musika entzuten da. Gorantz begira jarri naiz. Mutiko bat antzeman dut leihoaren atzean. Hamahiru bat urte izango ditu, beltzarana. Kalin izena jarriko diot. Bere ordenagailuko bozgorailua da entzuten dudana; musika doinua bideo-jokoren batekoa dela esango nuke. Aulkitik jaiki eta leihora atera da.
• !Qué pasa, puta vieja! ¿Tú también vigilándome? ¿Te paga el viejo para ver lo que hago?, pues más te vale no abrir la boca–mehatxatu nau, ondoren leiho barnera sartu eta gortina bortizki itxi du.
Begirada lurrera makurtu dut. A ze lotsa. Hori da amorrua Kalinek duena. Gorputzaldi txarra jarri dit. Puta vieja! Jopee! Pixkanaka begiradak gorantz egin du berriro.
Hirugarren solairuan, neska gazte polita, ile kizkur eta gorputz ederrekoa. Lorea izango da niretzat. Arropa esekitzera atera da. Egun osoa ispilu aurrean emanez edota argazkiak ateraz zoriontsu diren nerabe horietakoa dirudi. Begira nagoela konturatu da. Derrepentean besoa altxatu eta agur keinua egin dit; bitarte horretan eskuan zuen pintza kalera erori zaio. Irribarre bat bueltatu dit oraingoan. Beste bat hartzera sartu da. Azken galtzerdia zintzilikatu ondoren ezpainak gorri-gorri margotu ditu.
–Lorea! Non zabiltza? Ez duzu pentsatuko kondesa zarenik, ezta?- Haren ama izango da deiadarka.
–Amaitu dut ama! –begirada konplize bat bueltatu dit. Telefono mugikorra atera eta selfie bat atera du bekainak goratuz. Barrura sartu da.
Bigarren solairuan, gizonezko bat zigarroa errez, lasai dagoela dirudi. Beherantz begiratu eta zigarroa leihotik kalera jaurti du. Zerbeza lata bat du beste eskuan; trago bat eman dio.
–Miren! Orain garagardoak ahaztea hunake earra! Azkena edaten ari naun, eta gainera epela zagon! –Marru batean.
–Bihar ekarriko ditut; gaur ez naiz berriro jaitsiko supermerkatura.
Leihotik barrura sartu da gizona. Biraoka dabil, a ze eztabaida dagoen etxe horretan. Zer gertatzen ote da? Emakumea mehatxatzen ari dela dirudi. Han da berriro, leihora atera da.
–Niri kontra, ni Dios! Zer uste den! Besterik egiten ba al dakin ba!–oihuka.
Handik gutxira Miren, emakumea, portaletik atera da erosketetako poltsa zintzilik daramala. Emakume polita da. Bere begiak nirearekin gurutzatu dira; beldurra ageri da begi-ninietan, begi-zulo ilunak ditu; jotako txakurra dirudi. A ze eszena, emakume koitadua.
Hodei beltzak nabari dira. Haizea aldatu egin da bat-batean. Trumoi hotsak entzuten dira urrutian. Giro errea izan da gaurkoa. Espaloia euri tantaz bustitzen hasi da, eta oraindik Amaiaren arrastorik ez. Jaiki eta estalpe bila abiatu naiz farmazia ondora. Bertako ordulariak 18:00ak markatzen ditu.
–Maialen? – Oihuak entzun ditut. Amaia da, presaka dator.
–Bazen ordua! –Besarkada batez inguratu nau. Amaiaren berotasuna eta aspaldian usaindu gabeko larrosa lurrin gozoa sentitu ditut.
–Jo, Maialen. Badakizu ni eta puntualitatea... ezin dut orduarekin.
–Bai, ez dago esan beharrik. Goiko etxebizitzako bizilagunen bizitzei errepaso ederra eman diet; egia-fikzioa, auskalo! Denbora betetzeko ariketa polita izan da.
–Nire gurasoak hementxe bizi dira. Kronika ederra egin daiteke, bai. Begira, hor dator nire ama–erosketa poltsarekin datorren emakumea seinalatuz. Bigarren solairuko emakumea da.
–Amaia, zer egiten duzu hemen? Noiz etorri zara?–galdetu dio emakumeak.
–Ez dizuet molestatu nahi izan; bueltan joan behar dut berriro. Aita? Zer moduz dabil?
–Ondo, maitea. Futbola ikusten utzi dut. Etxean denak beti bezala jarraitzen du. Banoa gorantz. Zaindu zaitez Amaia.– Poltsatik giltzak atera eta bebarruko atea ireki du.
–Mingarria, ezta? Ibilbide bakarreko elkarrizketa lausoa, hitzik gabekoa, iluna... aldatzeko izpirik gabea. Amak errukia pizten dit, baina ez dakit nola lagundu. Ez du la- guntzarik onartzen, hori omen da tokatu zaiona, eta ez dela hain txarra. Familia aurrera ateratzeko gai izan dela, eta ea nor naizen zer egin behar duen esateko.
Zur eta lur geratu naiz.
–Aita jubilatu denetik ez da giro etxean. Lehen gutxi ikusten genuen; hilabeteak ematen zituen kanpoan, itsas-gizona zen Terranovan. Etxeratzeko garaia hurbiltzen zenean, amaren umorea aldatzen hasten zen; Chavela Var- gasen “Llorona” besterik ez zen entzuten etxean. Lehen egunean pozik sartzen zen etxera, amari musu eman eta ondoko logelara eramaten zuen; gu, berriz, kalera bidaltzen gintuen. Bueltakoan ez zen aitaren seinalerik, eta amaren aurpegia beste bat izaten zen. Etxeko gortinak itxi egiten ziren, iluntasuna sartzen zen. Bai, aita mozkor eta liskarzalea da.
Begiak malkoz bete zaizkio Amaiari, eta berriro besarkatu nau, oraingoan indarrez. Ondoko kafetegira sartu gara ondoren. Eguna bezala, nire aldartea ere aldatu da. Amaiak, ordea, berehala eman dio buelta. Eskuekin malkoak kendu eta unibertsitateko lanaz hitz egiten hasi zait.
Idazleari buruz... Goiz Eder Iturain Aramendi, 48 urteko zumaiarra. Lanbidez irakasle, eta afizioz aktore. Jakin-min handiko pertsona ipurterretzat jotzen dut neure burua. Hortik, idazle eskolan izena ematea ere. Ikastea, bizitzaren prozesua. |