Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Oilo salda 

7K1127Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Trenez zortzi ordu. Gaueko hamaikak. Maleta ostatuan utzi duzu. Gelak argazkietan agertzen ziren koloreak, gortinak, telebista eta birentzako ohea galdu ditu. Bezperan zakarretara bota duzun guakamole berdina, natxo berdinak mutur aurrean afaltzeko. Bikaina hasiera!

Konfiantza plusa emango diozu zure psikologoari. Laurogei euro bisitak.

–Konfort zonaldetik atera behar duzu. Beste kultura, jende eta pentsatzeko eskema batzuk ezagutu, aurreiritziak gainditu… bidaiatzea da terapiarik hoberena!

Lehenengo gosaria: laranja zukua, ogi txigortua, tomatea, olioa, kafesnea. Kaio xinpatikoa hurbildu zaizu: hanka horiak, luma zuri, gris eta buztanaren puntan beltzak, mokoan pikoxta gorria. Ogia lapurtu dizu:

– Txori kabroia!

Terapeutaren agindua: libretan apuntatu gertatutakoak, sentitutakoak eta erreakzioak.

Tira, aurrera.

Mugitzeko mapa behar. Turismo bulegoa bilatu. Eguzkipean hiru ordu oinez. Informazio guneen arrastorik ez. Opari, litxarreri eta liburu dendetan galdetu duzu, estankoetan:

–Ez dago mapa puta bat salgai hiri osoan! Hondartza zure kabuz bilatzen hasi zara. Itsasoa aurkitu duzu: itsasoa non hondarra han. Itzalkina, hozkailua eta aulki tolesgarria daramatzan bikoteari jarraitu diozu:

–Hauek ez doaz patata jorratzera!

Errenkadan jarri zara hondartzan sarrera mailakatua egiten ariko direlakoan. Katamarana iritsi da eta lerroko guztiak nonbaitera eraman ditu zu mozolo aurpegiarekin lehorrean utziz.

Eguerdiko hamabiak. Terrazako aulkian eseri zara:

–Garagardoa mesedez!

Idazten hasi zara. Zerbitzariak etxe-azpiko tabernako garagardo marka bera atera dizu, baina ez da edozein elkarrizketari eusten dion etxe-azpiko zerbitzaria.

–Jendea ezagutzea, erraz esaten da!

Kaioa bai, kaio kabroia hurbildu zaizu bigarrenez.

–Hondari hemendi!

Agian bertako kultura ezagutzeak jendearekin falta zaizun konplizitate punttua emango dizulakoan segapotoa atera duzu. Lehenengoan bingo! Zer aproposagorik jatorri kultural zelta duen hiria ezagutzeko “Libreria Celta” baino?

Ordu bat irakurri duzu pantailan.

–Aurrera, beti aurrera!

Erdi-erdigunean hasi duzu ibilaldia pertsona izateko ezkata gehiegi, besorik ez, itsaslamina izateko hanka gehiegi eta gizonezko aurpegia dituen eskulturapetik. Bi zutabek hamaika metrotara jasotzen dute.

Mendebaldeko norabidea hartu duzu. Maitagarriak zamalkatzen duen hegodun dragoiaren ondotik pasa zara.

Erdigunetik aldendu ahala erakusleiho erraldoiak, jaka eta praka urdin ilunak, aurpegi makilatuak, ileapaindegiko orrazkera eta bizarrak, banketxeak, belarritako handiak, atorra arrosa janzten duten gizonezkoak, optikak, erloju eta poltsa dendak desagertzen hasi dira eta espazioa betetzen dute gorputz astunek, soineko maiztuek, fruta dendek, txankletek, txandalek, “Zapaten Konponketa eta Giltzen Kopiak”, gurpildun aulkiek, kalfarrek, maskara kirurgikoek, garajeek, kirrinka egiten duten artikulazioek, juanikoteek, boxeolari aurpegiek, “Borroka arteak- Opariak-Tatuaiak-Prentsa”.

Bi ordu ondoren, helmugara iristean zer topatuko erakusleihoan eta… Biblia! Haurrendako edizioan!

–Kaguendios!

Afal orduan bizkarrean Satan idatzia daraman gaztea hurbildu zaizu.

–Joño! Ez dakizu zenbat pozten naizen! Totel batekin elkarrizketa neketsua bada, pentsa biren artekoa!

Lotara.

Ateoa izan arren, ostatuko bidean bazter guztietara begira: ez duzu behirik ikusi, ez aharikorik, ez zaldirik, ez belerik, ez aporik, ez katurik, ezta bat-batean eztanda egindakoan desagertzen den oinezkorik ere. Gosaltzerakoan kaioa agertu zaizu hirugarrenez:

–Ospaaaa!

Ez duzu etsitzen hondartzarik gabe. Zerbitzariak esan dizun norabidean abiatu zara. Infernura bidali ote zaituen zalantza duzu: garabiak, burdin xaflak, hodiak, esmerilak, konpresoreak, buzo zikinak, txalekoak, kaskoak, argona, argon-botila asko. Burua altxatzen ausartzen zarenean ikusten duzu mastodontea, munstroa aldamio artean preso. Are ezdeusago sentiarazten zaitu.

Alde egiten duzu norbaitek lanean jarri baino lehen. Ez da erraza: mastodonte bat atzean uzten duzunerako hurrengoak mehatxatzen zaitu.

Azkenean hondartzara iristeko ordaindu behar. Hogei eurogatik “Deorum Islae”-ra.

–Erromatarrek ez zituzten Jaungoikoak estimu handitan!

Eukaliptoak, sasiak, kaioak, itzal gutxi, urak hankartea jotakoan alderantzizko “mainguaren sindromea”, ardoa egiteko ere aukerarik ez: ze paradisu klase da hori?

Eskerrak norbaiti bururatu zitzaion taberna egitea.

-Garagardo “boc”-a eta menua, mesedez.

Txori gogaikarria enegarrenez. Olagarro zatitxoa jarri duzu eskuan jan dezan.

Orain bai! Garagardoa eskutan eta kuluxka perspektiban bidaiek behar duten irakaspena aurkitu duzu: bide orok tabernara eramaten du.

Ezin eskertu gabe utzi bidaiaren bultzatzailea. Ez zaio ekarri diozun oparia gustatu:

–Zu seko jota zaude!

–Haginetako minarekin ez nintzen zurera etorriko!

Piztiak botatzen ditu ahotik pikoxta gorridun mokoarekin atzazala garbitzen duzun bitartean. Kutxan sartu duzu giltzatako palmipedoa, bi dituzu orain. Afaltzeko gonbidapena ere errefusatu du:

–Oilo saldaren antzeko izan behar du ba!

 

Idazleari buruz...

Joxe Aldasoro Jauregi (Etxarri-Aranatz, 1974)
Idazle Eskolako ikasle ohia eta Pedro Lope
de Larrea ikastolan irakasle.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago