Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ardi euskaldun baten historiak 

7K1126Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Mo ondoko pentzeko behiak eman dit ideia, hark memoriak idatzi omen zituen, eta nik ere idatzi nahiko nuke zer edo zer. Ardi gaztea naiz eta ez ditut Mok bezainbat istorio bizi izan, baina idatziko ditut egunean lauzpabost lerro, beste ardiak jaten dauden bitartean, pentze zolako harri azpian gordeko ditudan paper hauetan, noizbait irakurriko dituzuenontzat. Ardia nauzue, ardi zuria gero, 100% euskalduna, aizue! AOC etxaldekoa, autentikoa, bertakoa, ekologikoa. Gutxi gara, baina markako esnea egiten dugu guk, eta jakizue harro gaudela. Ohitu egin gara gure bularrak makinetan errenditzera, eta ez dago hain gaizki azkenean, belardi ederra ematen baitigute ordainetan.

Bi hankakoak dira hemen jaun eta jabe. Haien menpeko omen gara, baina badirudi ez zaigula askorik inporta. Nik gorroto ditudanak zakurrak dira, beti dauzkagu zelatan. Bi hankakoek nahi dutena egin dezagun egiten digute zaunka, eta gorroto dut motel eta bihurrienei haginkadaz nola egiten dieten mehatxu.

Baina ez nago kexatzeko moduan, ederki bizi gara gu, lasai ederrean. Txikitan kontatu izan didate, badaudela gure moduko ardi batzuk, eraikin gris erraldoietan bizitzera kondenatzen dituztenak. Ezin omen dute eguzki izpirik ikusi, eta gaixoentzako janariarekin elikatzen dituzte. Amari galdetu ohi nion ez al zioten penarik ematen, eta zergatik ez ginen beraiei laguntzera joaten. Erantzun berbera eman izan dit beti: «Gure esku dagoena egin behar dugu, txikitik. Ardi euskaldunak gara, bertako esne ekologikoa egitea da gurea».

Zerbait arraroa gertatzen ari dela erran dit gaur Mok, gure pentzea harenetik bereizten duen hesira hurbildu naizenean. Orain serora etxe inguruko belardian lasai bizi bada ere, abentura askok ekarri zuten hona gure pentze kidea, eta usna berezia dauka bi hankakoen munduan gertatzen ari denaz. Zozotzeko pantailetan erran omen dute gaixotasun larri bat dabilela airean, eta neurri zorrotzei buruz mintzatu zaio Pauliñani serora. Askorik ulertu ez diodan arren, ni ere larritu naiz. Zer gertatuko da? Beste ardi guztiek berdin-berdin jarraitzen dute, belarra jan eta jan, elkarri segika. Banoa ni ere haien gibeletik.

Ez dakizue zer izugarrikeria gertatu den, ezin izan dut idatzi 40 egunetan, ez didazue sinetsiko. Barruan eduki gaituzte, 40 egunez barruan. Ez eguzki, ez belar. Pentsu nazkagarria ahoratu behar izan dugu iluntasun gogaikarrian. Bakartuak izan gara, bizitzeko behar genuen airea ukatua izan zaigu, eta ez dugu txintik ere erran. Zakur gorrotagarriz inguratuta geunden, egin genezakeen bakarra egin genezan: gure bularretatik makinen xurgapenez esnea atera, bi hankakoek poltsikoak betetzen jarrai zezaten.

Gaur utzi digute lehenengoz belardira joaten eta gozatzen egon gara, baina urduri. Pixka bat argiago dugu orain zer ezegonkorra den bi hankakoek guretzat prestatu duten bizimodua. Mo kezkatuta sumatu dut, biziki. Luze egon gara hizketan eta kontatu dit nola behin bere behi kide guztiak ikusi zituen hanka bikoen eskuetan hiltzen. «Ez dago honetatik bakarkako aterabiderik. Zuek badezakezue, egin behar duzue». Eguerdirako deitu dut ardi asanblada.

Ez, lagunok, nik ere ez nekien posible zenik. Ardiok bezalako animalia inozook ere asanblada bat egiteko gai izanen ginenik. Baina izan gara eta antolatzen hasi gara! Ez dugu horrela bizi nahi, menperaturik, tetrabrik baten balioa dugun hankabikoen eskuetan. Hasi gara pentsatzen, erran izan digutenaz kanpora, beste modu batera bizi gintezkeela. Orain, argi dugu eraikin gris erraldoietara kondenatzen dituzten ardi gaixo haiek ere gure kideak direla.

Lehenik, hanka bikoen lekua nola hartu pentsatzen hasi gara. «Baina ez dugu horiek bezalakoak izan nahi!» iharduki du ardi amatxik. Ardi nerabek ez zeukan kaosa besterik ahotan: «Hasi gaitezen bee eta bee, isildu gabe. Joan gaitezen itzulipurdika larreak suntsitzera. Eraso egin diezaiogun zakurrari». Ideia kilikagarriak ziren, baina kaosa eta gero zer? Iraultzaren hitz handiak bete dizkigu ahoak. Eta gaur hitz horrexekin hartuko nau loak.

Lema berri bat daukagu: “Bakoitzak bere ahaletatik, bakoitzak bere beharretara”. Jada ez dago atzera itzultzerik, horrela bizi nahiko genuke. Baina gaurkoan gaurkoa, isilpean hasi behar gara, gaitasunak eskuratzen. Eztabaidatu, ikasi eta eraiki, eraiki, ikasi eta eztabaidatu. Gero eta antolatuago.

Moren pentzeko hesira hurbildu naiz, inoizko begi zulo handienen itzalpean, inoizko irribarre zabalena neramala. Azken asteetan egiten ari garen guztia azaldu diot: «Iraultza egin nahi dugu». Ez dut sekula Mo hain zoriontsu ikusi: «Jada ari zarete! Zer da bada iraultza egitea, pixkanaka bizi antolaketa desberdin bat eratzea ez bada?».

Banekien arrazoi zuela. Pixkanaka joanen gara gaitasunak biderkatzen, eta iraultza belardiz belardi hedatzen. Hau hastapena baizik ez da, eta, Mok dion gisan, ziurrenik iritsiko da hanka bikoek pentzea txipez eta kameraz beteko duten eguna. Baina ordurako, orri hauek eginen dute bidea, eta ez da Abereen Etxaldeko kontakizun desitxuratu hura izanen iraultzaren kontakizun bakarra.

 

Idazleari buruz...

Maddi Sarasua (1995, Itsasu). Ardi horiek egiten ari direna egiten saiatzen, gure herrian, gure garaian. Mugimendu sozialistaren belardian, ikasten, eztabaidatzen eta eraikitzen. Denbora eskas, nahi adina irakurri eta idazteko, baina denbora eskaini nahian, gizarte hobe bat antolatzeko prozesua elikatuko duen arte ekoizpenaz hausnartzeari. Saiatzen, inoizko irribarre zabalena ahoan.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago