Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
     
Belar artean dago sugea

Hilerrirako bidean, funerariakoa harriturik zegoen gertatutakoarekin. Inoiz ez zuen horrelakorik ikusi. Hilerrirantz zihoan autoan herriko apaizarekin, eta azken agurra esatera inor azaldu ez zen gorpu batekin. Aldez aurretik tanatorioan bertan ere sentitua zuen egonezina, halako hotzikara bat, kutxari tapa jartzean. Burura etorri zitzaion benetan hilda ote zegoen ere... Hilik egoteko bakarregi balego bezala.

Ez zen hasiberria eta bazekien esperientziaz gorpu batzuen barnemugimenduek, hil osteko orduetan ere, soinuak egiten zituztela. Oraingoan, baina, gorpua prestatzen aritu zenean, tarteka hilotzak arnasa hartzen zuela ematen zuen; eta hori, izan, oso desberdina zen. Ikarak zeharkatu zuen gogoratu hutsez.

Apaiza, ostera, bakean zihoan, pozik, gorpuaren segizioan inor izan ez arren, egun hartan bere arteko pentsamenduak aske utzi balitu bezala, buruan bueltaka; eta meza eman behar izan ez zuenez, ordubete gehiago balu bezala bere burua ongi antolatzeko.

Funerariakoak bere kezka azaldu zionean apaizak ez zion jaramon larregirik egin. Gaur egun, forentseek ziurtatzen bazuten pertsona hilik zegoela, hori horrela zela eta kitto; ez zuela bueltarik, eta ahazteko antzinako ipuinak.

Zain zuten ehorzlea hilerrira heldu zirenerako. Zazpiak jo berriak izanik ere, negua zenez ilundurik zegoen. Apaizak erlojuari begiratu zion berriz; handik lehen baino lehen alde egiteko irrikitan. Funerariakoa, egonezinari eutsiz, ez zen ausartu berriro ezer esaten, mutu jarraitu zuen hilotzaren kutxari so, lur eman zain. Ehorzleak, ordea, ilunduta zegoela eta, gorpua beilategira bideratu zuen hurrengo egunean lurperatzeko. Lasaitu handia hartuz, apaizak berehala alde egin zuen handik, baita funerariakoak ere.

Etxera heldu orduko, emazteak zurbil aurkitu zuen funerariakoa. Hain goiz iritsi bazen ere, festa eta berriketarako gogo gabe zegoen; hala ere, gizonak gertatutakoa azaldu zion. Emaztea izutu egin zen; nola egongo zen bada trankil gorpua ez bazen oraindik gorpu!

–Hobe duzu hilerrira bueltatzea –esan zion–, ehorzlea oraindik han izango duzu eta momentu batean argituko duzue hilik edo bizirik dagoen gizagaixoa. Bestela, auskalo etorkizunean nolako asaldurak izan ditzakezun, ezingo duzu lasai lo egin.

Funerariakoa hasieran damutu zen emazteari ezer kontatu izanaz; ez zuen berriro hilerrira joan nahi, baina andreak arrazoi zuen inolaz ere, eta argitu beharra zegoen auzia. Morroia bizirik egon zitekeen susmoa izanda, ez bazuen deus egiten emazteak ez zion inoiz barkatuko. Beraz, kotxea berriz hartuz hilerrira abiatu zen.

Hilerria itxita zegoen, orduantxe itxiko zuten. Istantean gogoratu zuen bazuela hilerri atzeko atea zabaltzen zuen giltza bat. Ez zekien zer egin. Beste aukera bat ere bazuen, emaztearekin gezurretan aritzea; begiratu zuela, eta morroia ondo hilda zegoela esatea.

Hilotz artean hogei urte bazeramatzan ere, ezin uxa zezakeen ezinegona. Haserre zegoen bere buruarekin, ez zen profesionaltasunez ari. Bere eginbeharra, behingoz, tontakeria gutxiago pentsatu, eta egoera horri aurre egitea zen. Beraz, segurtasunez, atzeko atea irekiz hilerrian sartu zen.

Beilategia zabalik zegoen. Ez zen ausartu argia pizten, ez zuen auzokiderik ohartarazi nahi. Azalpenak eman beharko zituen orduan eta ez zeukan horretarako batere gogorik. Kapera txikian ixiltasun osoa zegoen. Ilunpean kutxara hurbildu, belarria ohol gainean ezarri eta giharrak tenkatzea bat izan zen. Barrukoak bere etorrera sumatu izan balu bezala, bat-batean kutxakoa harramazka ari zela irudi zitzaion; bai, zaratak entzun zituen, harramazkak eta garezurrak oholaren kontra egin zitzakeen kolpe txikiak. Izutu eta estropezu eginez ospa egin zuen handik.

Kotxearekin istripua izateko zorian egon zen. Garajean gaizki aparkatu ostean, etxera igo, izerdi patsetan telefonoa hartu, eta artega apaizari deitu zion egoera hura konpon zezan, bera ez baitzen gai.

Apaizak trankiltzeko eskatu zion. Urduriegi zegoela, eta horrela ezin zirela gauzak ganoraz egin. Etxean lasai gelditzeko, berak deituko ziola ehorzleari eta berehala konponduko zutela dena. Apaizak, ondoren, afalosteko ohiko pattarra kopa eskuan zuela, dei horrek bere digestioan eragina izango zuela pentsatu zuen; umorea txartu eta urduritzen hasia zen-eta.

Izan ere, biharamuneko solasaldia hain izango zen garrantzitsua, ezen eta hitz egokiak aukeratu behar zituen senarra hil berri zuen alargun batentzat, hark bere etxera joateko gonbidapena luzatu baitzion, eta ez baitzuen huts egin nahi. Saiatu zen arren, apaizak ez zuen gaua bakean igaro. Imajina desberdinak nahasten zitzaizkion; Ama Birjina, alarguna eta alargunaren seme gaztetxoa bueltaka zituen bere amets beroetan, izerditan blai zegoen.

Goizean goiz, serora etorri aurretik, garbitzera bota zituen bustirik utzi zituen izarak. Irrikaz eta urduri, hain gustuko zuen bekoki alboko kiribilari azken ukitua eman, kolonia pixka bat bota eta ondo entseatutako irribarre onbera itzuli zion ispiluari. Denbora larregi zeraman arrakastarik izan gabe, eme alargunik edo ar umezurtzik dastatu gabe. Hala ere, susmoa zuen, aspaldiko partez, aukera paregabea iritsia zitzaiola. Kapela jantzi eta Ama Birjinaren estanpatxoa poltsikoan sartuz zuzen abiatu zen alargun gaztearen etxera.

Irene Zarraua
Zaletasunez ikaslea eta ogibidez irakaslea; dislexia eta futbolfobia
ukituak ditut, beste zenbait sindromeren artean, tartean
eibartarra izatea; ama inperfektua, ibiltaria, fedegabea, poteozalea,
feminista, autista, independentista eta hiruzpalau
«ista» jator gehiago, besteak beste.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago