Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
     
Betiereko itzulera

Miles Davisen “Blue in Green” sonatua jarri du. Ordenagailuan idatzi du «Miles Davisen ‘Blue in Green’ sonatua jarri du». Pantaila zurian hitzak agertuz eta desagertuz tronpeta sosegatuaren erritmo etena imitatuz. Eta zer zentzutan idatzi? Adierazterik balu... 7K-rako ipuinek zer dela eta izan behar dute amaierarik? edo hasierarik? –pentsatu du– non kokatu dira bisaia zehatzik gabeko pertsonaiak? eta zertaz aritu dira solasean ikusi ez ditugun artean?

Miles Davisen tronpeta sosegatuaren tuneletik mutu azaleratzen dira bizitzaren doinuak. Poesia. Gorputzeko orainaldi sakona. 5 minutu eta 26 segundoko aitortza mugagabea. Miles Davisen emariak dakar idazlanaren norabidea. Orrialdea. Narraziorik ez. Poetak –irudi nahaspila lepo gainean burbuilatsu–, bihotza behatzetatik labainduz funtsezkoa ez den gertaera margotu du burmuin-paperean: kikara ordenagailuaren alboan, kafesnearen hondar gaztaina eta –ikuslea mundutik banantzen duen– erakusleihoaren gibelean: pertsonaia ezezaguna bidazti olatuei so bere baitan murgildua. Orobat bere taupada hotsen baitan hondoratua. Puntzoia eskuan, “Théroigne” idatzi du aulkiaren egurrean. Tragikoa. Amoratua.

«Zenbat begirada galdu ditudan ezerezean zure keinuaren esperoan, zenbat huts dudan ispiluaren bestaldean. Alferrik itxaron dut klubeko erakusleihoan zure joan-etorri iheskorra. Zigarroa luzatzen dut eta kearen hodeian desegiten zara mundua iraultzeko itxaropena bezala».

Ai! Ez ba. Bihotzekoan jota hil da zoria. Ez dut desiratu. Ispilua krudela da. Perikardioa estuturik ezin dut tekleatu. Poeta jakobinoa ez banaiz, poeta kamikazea naiz, poesian ez dago kontraesanaren zuloa besterik. Topikoan erraz erortzen naiz. Idazten dudana arinegi pentsatzen dut, baina ez dut ezabatzen. Bizia arinegi xahutzen da. Ezin dut airea hitzetan jaso. Mugikorrean ez dut mezurik eta Interneten ez dago albisterik. Miles Davisen “Blue in Green” sonatua jarri dut berriz. Berriz hasiera:

Eguzki bortitzaren lanbro kartsuak errepideko brea baporatu du atmosfera itoan. Ezin duela bidaiarekin segitu erabaki du eta klub bakartian sartu da gure pertsonaia ezezaguna. Pertsiana veneziar beltzak zeharkatu ditu lokal isil, ilun eta misteriotsuan barneratuz. Argi pusketa erronboideak egur beltzezko zoruan iltzaturik daude, hauts malutak argi jauzi agoniazkoan amiltzen dira eta piano jolea ron-kola izoztua edaten ari da. Zuriak dira tekla gehienak, apur batzuk beltzak; abestia ezdeusa da ibaiaren azken malkoa pianoaren eskaileran behera belarrirat iristean. Urdina. Blue. “Blue in Green” sonatua. Lokala huts. Kalea erraustua. Goizeko bederatziak.

Berriz hasi da astelehena. Abesti berbera berriz. Langilearen denborak ezin du poetaren denborarekin bat egin, bi lerro paralelo bezalakoak baitira espazio bakarrean, bi euli sistemaren marasma sarean. Eta egunero topo egiten dute kontrako norabidetan: bata lantokirat, bestea etxerat; bata zuzen, bestea kulunkan; bata jorran, bestea lotan; nolanahi ere bi arima herrestan, bi arima pareko. Patuak arratsaldeko zazpietan elkartzen ditu egunero izen gabeko klub ilunera. Biek entzuten dute Miles Davisen “Blue in Green” zortzietan. Fisika + Jazz = Langileriak betetzen du izen gabeko kluba. Bertan dago pertsonaia ezezaguna ere. Piano jolearen behatzek berriz ere libratu dute aztikeria. Tabakoaren lurruna zabaldu da espazioan. Gaueko bederatziak.

Betty agertu da itzaletik sortua. Sua! Argia! Limoizko begiak eta marrubizko ezpainak. Ahogozagarriz betetako erretiluz kargatua dator: karramarro egosia kreole erara, oilasko bularkiak curry saltsan, patata purea, babarrunak eta abar. O Betty! Beti zerbitzari. «Betty! Betty! Non zaude?», oihukatzen du jendeak, «Betty! Zatoz hona!», oihukatzen dio tabernariak. Bettyren ipurdi zabala mahai artean mugitzen da zakar eta lirain, harat-honat. Nahi duena egiten du. Ezagunak agurtzen ditu, lagunekin esertzen da edatera eta hizketan luzatzen da edonorekin. Denek maite dugu Betty. Denek gorrotatzen dugu tabernaria. Bettyk tabernaria maite du. Kimika + Jazz = Ulertezina.

«Bettyk elikatzen du langileria. Bettyk elikatzen du pertsonaia ezezaguna. Betty da poetaren eta Miles Davisen arima galduen gidari. Baina inork ez dio eskaintzen merezi duena, klub honetako inork ez baitu zorionik. O Betty! Mendebalde salbaiaren hautsa daukazu ilean».

Berriz hasi da ipuina. Berriz jarri dut Miles Davisen “Blue in Green” sonatua. Zenbat istorio abestiaren aberri ñimiñoan. Zenbat hari albaindu. Eta zein nabarmendu? Tekleatzeari utzi nahi diot, sagarra hozkatu eta irudimenezko paradisu honetatik irten, arriskatu, bizipenez aberastu. Baina era berean, hodeietako erreinutik amildu eta lanera bueltatuko naiz bihar ere. Jorraren bortitzaz galduko dut arima, askatasuna, ankerra bihurtuko naiz. Istorio miresgarriok permititu ezin ditudan deskuiduak izango dira, akatsak debekatuta baitaude praktikaren infernuan. 5.000 karaktere espazioak barne. Ahalegin izugarriak amaiera irudikatzeko. Eta hala ere, beti izango dut Miles Davisen “Blue in Green” jartzeko aukera.

Odei Ruiz Sarrias

Iruñea. Idazle eskolako ikasle ohia. Filosofian graduatua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago