Santa Bata
|
SANTA BATA. Santa Bata baselizako aldare aldeko horma zen zutik geratzen zen zati bakarra. Ezkerraldean, metro eta erdiko harresi irregularra besterik ez zegoen; eskuinaldeko zatia, aurrekoarekin lotuta, garai hasten zen, baina, zenbat eta erdialderantzago, orduan eta jausiago, jauskorrago eta arriskugarriago; atzean, noizbait sarrera nagusia izan zenaren aldean, ez zegoen ezer. Bai; sastraka ugari, arantzaz beteak. Bertako batzuek diotenez, gerra denboran, barrua jendez beteta zegoela meza entzuten, faxista italiar edo alemanek, batek daki, hegazkinetatik bonbardatu zuten. Beste batzuk, ostera, lehenagoko gerraren batean edo, birrintzea gertatu zelakoan daude, eta norbaitek dio bera bakarrik erori zela, denbora, bakardadea eta itsas haize eta euriaren eraginez. Nire ama eta izebak abesten zuten hari buruzkoa:
Santa Bata gajua
Gerran zapuztua,
Hiru mila soldadu
Azpixan hartua.
Umea nintzela, kanta hark harritzen ninduen, benetan. Hiru mila soldadu, eliza barruan, eta denak hil zituzten. Ez nuen ulertzen zertan zeuden han, meza entzuten edo, eta ez etsaiari tiro egiten. Jakingo al zuten hegazkinekoek, ala ez, hura soldaduz beteta zegoela, edo herritarrez, edo apaizez... Ez nuen ulertzen.
Eta, orain, han azpian, sastraka eta lurraren azpian haien hezurrak izango ziren. Txundigarria.
–Horregatik-, pentsatzen nuen, -inor ez da hemen ibiltzen-.
Eta halaxe zen; nik neuk, han ez nuen inoiz inor ikusi, geu, ume batzuk, izan ezik. Hogei bat metro harantzago dagoen bidezidorretik, handik bai, egunero zenbait jende igarotzen da, gaur ere, paseatzen; denak Santa Batari begira, denak zer gertatu zen jakinda –bakoitzak, berak entzundakoa-, eta, agian, bihotzean arrararen bat sumatuaz; baina bertan ez da inor geratzen.
Denbora pasa ahala, sasiak denaren jabe egiten baitira beti, han ere, bonbez edo astiz zapuztutako hormen aztarnetatik, harrizko leiho zulatu eta harresi apurtuetatik, landare kolonizatzaile horien adar luze eta elkarrekin nahastuek, eliza hondakinak ia estali dituzte.
Lauki luzea da, hamar bat metro zabal eta hogei luze -ez dakit; egia esan, neure gogameneko sastrakek ere, hogeita hamar urte geroago, agian, hari buruzko ikuspegia aldatu egin baitidate-. Aurrealdean, gurutze kristauaren irudi, beste lauki luze estuago batek, perpendikularki, nabe nagusia zeharkatzen du, eta bi adar, ezker-eskuin, ezartzen dizkio. Gurutzearen burua, aldarearen tokia, zirkulu erdiko guneak osatzen du.
Hiru mila soldaduak erabat estu ibiliko lirateke han barruan, zentzu guztietan; baina nik halaxe sinetsi izan nuen urte askotan.
Mutil koxkorra nintzenean, Elgoibarren eskolak amaitzen zirenean, guraso eta anai-arrebekin, amonaren etxera joaten ginen, Mutrikura, oporrak pasatzera.
Dozena eta erdi lehengusu izango ginen –lehengusu txikiak eta txikiagoak ere kategoria berdina baikeneukan- han, hondartzatik eguerdian etorri eta, bazkaldu ondoren, atarira ateratzen ginenak. Atxitxin kale estu horretan, bero egiten zuenean ere, itzalean egoten ginen -eguzkia ez baitzen sartzen-, freskuran, gure jolasetan, alde batetik bestera.
Bada, batzuetan, Santa Batara joaten ginen arratsalde pasa, bidean masustak hartzen –noizbait mamakuluak ere bai-, belarretan borrokatan jolasten eta pinudietan ezkutuka ibiltzera.
Herritik kilometro eskas batera daude Santa Batako hondakinak, Samikollako aldaretxo babestua eta gero dagoen zumarditxoa baino haratago; baina guri, orduan, zeharo urruti zegoela iruditzen zitzaigun; eta uste izaten genuen paregabeko zerbait egiten ari ginela, erabat arriskutsua, eta, aldi berean, erakargarria: pentsa, geu bakarrik, nagusirik gabe, lehengusu zaharrenen gidaritzapean, taldekoi, geure kontura, eliza izandako haren ingurura hurbiltzen, hormetako zuloetatik sartzen, sasiartean trabatzen, batzuetan belaunak harriaren kontra urratzen...oraindik ere arrara ematen dit...
Ni ez nintzen ausartenetakoa. Ez azkarrenetakoa, ez nagusienetakoa; ez nintzen garai hartako izarretako bat, alegia. Eta hala ere, horren ongi ibiltzen nintzela gogoratzen badut, nola sentituko ote ziren besteak? Batek daki. Ez diet inoiz galdetu.
Santa Bata itsaslabarraren gain-gainean dago. Aldare paretik bi metro ere ez daude amildegiaren ertzeraino. Han, puntta-punttan belar bete-betea izaten zen, gainean biguñ-biguñ etzateko modukoa. Han etzaten ginen, saltoka, korrika, horman gora eta behera ibili eta gero, itsas handira begira. Umeak izanda ere, itsasoa denontzat lasaigarria zen -suaren antzera, ur handiak begiak erakartzen ditu, eta, une batez, hipnotizatu, eta oroitzapenak, irudi eta sentimenduak azalarazten-. Oso lasaigarria zen.
Handik hamar urtera ere, gazte nintzela, sarritan egin izan nuen ihes Santa Batako labarrera, egun eguzkitsuetan egoten den itsas urdin ilunera begira egotea behar izaten nuenean... Buruan beste mila gauza izaten nituen orduan, ardurak, arriskuak, estuasunak, eta haitz gain hartatik hodeiertza begiratzean, norberaren barnea itsasoan zabaltzen zen, hausnartu eta berrindartzeko. Benetan gozatzekoa.
Behin batean, hausnarketa punttu baten ondorio edo, norbaitek –gure lehengusu biren aita bankeroa zen-, sekulako ideia izan zuen. Santa Batako bidean gindoazela, bide ertzean ezkur mordoa ikusi genuen. Pinu arteko hutsunetxo batek, harizti txiki bati tokia egiten zion eta, horko lau-bost zuhaitzen hazia ingurune osoan zabaldurik zegoen. Han ibili ginen ostikoka, ezkurrak elkarri botatzen.
Esan bezala, ni ez nintzen handienetakoa, eta ez nintzen gehiegi arduratu; eta ez dakit nondik ateratako poltsa-plastiko batzuetan ezkurrak biltzeari ekin genion. Hura da nire akorduz egin dudan negozio aurreikuspen handiena. Gaizki atera zen, gaurdaino egin ditudan beste guztiak bezala: bat ere ez. Bada, Evak -lehengusina nagusia- zioen berak ezagutzen zuela ezkur horiek erosiko zituenik: bere gelako lagun baserritarrak, alegia -esan behar, han genbiltzan gehienak arrantzale familietatik gentozela, neu elgoibartarra, burdina artekoa, eta beste bi anaia, bankeroaren semeak, izan ezik-.
Albertok –bankeroaren seme nagusiak-, kontuak egin zituen berehala, eta, bere ustez, bazuen bisnis hark etorkizunik. Poltsa bakoitza bost peztan salduko genuela eta, hamar poltsa gaur, hamar poltsa bihar, eta txerriak egunero jaten zutenez, urrezko egingo ginelakoan poztu ginen.
Norbaitek esan zuen, gainera, egun batzuetan hango ezkurrak bukatu egingo zirela, eta beste hariztiren batera joan behar izango genuela. Bagenekien nora ere, Ametza baserriko inguruetan kamamila hartzen egonda geunden, eta bagenekien han ere ezkur nahiko izango zela, hor baino gehiago.
Lan neketsua zen, eta norbaiti haserre ere egin genion, ezkur bilketan gogo handirik jartzen ez zuela eta. Batzuk lurrean eseri ziren, makurtzen ibili beharrean, bertatik gehiago jasotzeko, beste batzuek adar hostotsuak hartu eta lurra astindu zuten, erratzarekin bezala, ezkur multzoak egin eta, denak batera, jasotzeko, eta, beste pare bat etxera joan ziren plastiko-poltsen bila. Dena, noski, isilean, inork jakin ez zezan. Gure gurasoek ere ez.
Hala joan zen gure arratsaldea. Ezkur mordo bat jaso genuen eta poltsatan, astiro, pazientzia guztiz, sartu. Gero zeloarekin, poltsak itxi, jaus ez zitezen. Iluntze aldera denak prest zeuden, baina han hasi ziren arazoak. Non gorde gure etorkizunerako altxor hura?
-Santa Batan- esan nuen nik; Eta inoiz izan dudan ideiarik onena iruditu zitzaidan. Eta, behingoz, kasu egin zidaten. Ideia ona izan nuen, nire lehengusu nagusiek aintzat hartzeko modukoa. Eta egun horretan neure burua taldearentzat baliotsu sentitu nuen, baita ondo lo egin ere. Eta ezkurrak toki ezkutuan ziur zeudelakoan, gainera.
Izan ere, han joan ginen, gure ezkur poltsa guztiak hartuta, berrehun bat metro inguru hondakinetaraino. Baina ez edonola. Ez genuen nahi inork ikus gintzan. Lehenengo, gutako bi, azkarrenak, bidera hurbildu ziren. Haiek, inor ez zetorrela ikusi, eta, txistua jo zigutenean, antxintxika batean denak, ezkur poltsak eskuan –eskerrak pisu gutxi zutela-, alde batetik bestera igaro eta Jabielaren orturaino.
Jabiela gure auzoan bizi zen emakume zahar bat zen. Nik behintzat horrela ikusi izan nuen beti. Zaharra, mehea, ximurra. Atxitxin kalearen hasieran bizi zen, eta Santa Bata alboan ortua zuen. Ez zen gure senitartekoa, eta ez dakit nondik ezagutzen genuen. Bakarrik bizi zen, azulejo urdin txikiz betetako sukalde zahar hartan aranak jateko ematen zizkigun, eta berarekin joaten ginen patatak biltzera. Gero orgatxoan jaso, bere etxeko sabaira eraman, denak periodiko-orri gainetan jarri, zabal-zabal...eta konturatu gabe, iluntzea zen, afalordua.
Bada, Jabielaren ortutik harrizko horma txiki bat salto behar izan genuen, eta presaren presaz, norbaiti poltsaren bat zulatu eta ezkur guztiak jausi zitzaizkion. Ni, neu ez nintzen izan, eskerrak.
Sasiarteko bidezidor luzexka eta harrarte estua igaro, eta, azkenik, han zegoen gure aurrean, hiru mila soldadu azpian zituen izugarrizko eliz hondakin hura. Kontuz ibili behar genuela aipatu zuen Yolandak –Evaren ahizpa-, zuloren batetik, hezur edo antzekoak ez apurtzeko. Beldurra zuela ez zuen esan, baina hori antzeman geniola uste dut. Neu ere arduratuta nengoen, egia esan...pixalarrituta erabat, baina ezin ezer ere esan. Handien aurrean beldurra onartzea baino nahiago hantxe isilik egon, dardaraka bazen ere. -Zerbait gertatuz gero antxintxika egingo nuen nik ere, norbait atzean utzita-, nire artean.
Ez genuen lurra zulatzeko tresnarik, ez eta gogorik ere. Badaezpada. Norbaitek, orduan, hezur zati bat aurkitu zuen, lur azpitik erdi irtenda. Hasieran, zurrumurrua. Ni baino txikiagoren bat, -txikiago izateak ez du esan nahi mantsoagoa izatea- inor konturatu orduko, hanka eginda zegoen bidezidorra baino ere urrutiago, ia-ia Jabielaren orturaino. Ni, neure zalantza eta guzti, ea nagusiek zer esaten zuten edo, -jakin-mina gehiago izua baino-, gelditu egin nintzen.
Arratoiren baten izterreko hezurra edo zela norbaitek esan zuenean –agian Eugeniok edo, hura baitzen hezurtxoak, karramarroak eta horrelakoak hartzen ausartena, -eta horretaz gehien zekiena- bihotza baretzen hasi zitzaidan, eta neure ausardiaz pozik, -han geratu izanaz-, eskuan ere hartu nuen, gero, beste batzuen eskuetatik pasa ondoren, noski.
Harresiaren ertzean, aurreko ate izan zenetik hurbil, tarte zorrotz bat zegoela konturatu zen norbait. Huraxe zen toki onena. Besterik ezean, eta honez gero, erabat nekatuta geundelako, uste dut, denok berdina pentsatu genuela aldi berean. –Hauxe da toki onena-. Sasi ugari zuen inguruan, ia ikusezina zen, jakin ezean; bazter batean zegoen, inor ibiltzen ez zen lekuan, eta hara heltzeko ere oinaze bereziak jasan behar ziren, arantza eta soldaduen izpirituen eragina barne.
Egur luze batzuekin, nola hala, oztopo guztiak alderatu genituenean, denon artean, ezkurrezko altxorra han sartu genuen. Besoak arrastaraz beterik geneuzkan. Dozena eta erdi poltsa izango zirelakoan nago. Ez dakit ziur. Sekulako diru iturria izango zelako aurreikuspena; horretaz, ziur nengoen.
Handik lau egunetara, beldurrez berriz ere, joan ginen altxorra ikustera, zaintzera; baina, ordurako, ez zegoen ezer. Basurderen bat agian, edo norbaitek, txerriei jaten emateko hartuko zituen; bildurik egonda, arrantza erraza.
Gure ametsak haizeak eraman zituen. Handik aurrerakoak ere bai. Gaur arte.