Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Heroi baten azken ekintza
7k11    
Marrazkia: Kristina Fernandez    
     

Ilusio faltsuen artean bizi den jendearen airea arnasten zen leku hartan. Benetako errealitatea zein den ezagutu ez eta datorrena kontrolaezina dela ohartzen ez direnena. Gezurrezko ametsetan bizi den gizarte baten emaitza. Finean, itxurazko poz eta alaitasunak azken egun batean.

Horrelakoak, errutinak ematen duen bizitza elkor bat puskatzen duten uneak izaten dira. Lagun eta familia giroan M gorri ezagun baten jantokira hurbildu, sarrerako ate gaineko pailazo irribarretsuaren diosala jaso eta... ongi etorri infernura, inoiz ez irteteko.

Eszenatokiaren atrezzoa: kide lodikote eta gizenez osatutako familiak, hanburgesa eta patata frijituak jatearekin batera, hitz egin baino gehiago oihu egiten dutenak. Lagun taldeak, norbaiten azken urtebetetzea ospatzen. Wall Streeteko broker itxura duen gorbatadun bat ere bada, denbora aprobetxatuz, janari azkarrak lagunduko baitio larunbatetan ere diru gehiago lortzen. Denak baino denak etorkizunik gabeko panpinak.

Haatik, guztien destinoa aldatuko duen izakia sartu da atetik, azkena. Bizkarrean motxila eta besoan poltsa kaki bat dituen gizonezko bat da; urteetan sartuta dirudien arren, ibilera zein gorputz gihartsuak bestelako planta bat ematen diote. Mac M bikoitza eskatuta libre dagoen mahai bakarrean eseri da. Ezker besoan, kiribilduta dagoen tatuatutako suge batean Hell Snakesdauka idatzita; eskuinean, harro erakusten duen, I love Mum. Bere jana irentsi ostean alboan duen emakumeari ordua galdetu dio. «Ordu biak, puntuan», erantzun dio honek. Gorpuz- kera handiko gizonezkoak hizketan jarraitu du, nolabaiteko azalpenak eman nahian edo. «Badakizu? Atzo arte diskoteka bateko atezaina nintzen; bart gauean, bi moro zikin drogazale bertatik bota nituelako kanporatu egin naute, lanik gabe utzi, bortitza izan omen naiz. Dena eman dut nire herria garbi mantentzeagatik, nire jendeagatik, hemen eta Iraken, eta horrela tratatzen nauzue». Nahikoa. Ez ditu bi hitz gehiago esan.

Orduan altxa da bere eserlekutik, zuhurtasunez, motxilatik ateratako kate lodi batez abernuko ateak itxi ditu. Inor ez da ezertaz ohartu oraindik. Poltsatik burdinezko pieza batzuk hartu eta, atalez atal, M-16 bat osatu du. Bere jostailu kuttuna. Tramankulu beltz hotzak duen pegata batek this machine kills mujahideens dio. Zoragarria, ume bat bezain alai eta zoriontsu. Segituan, asko itxaron gabe, gorrotozko oihu bat botata, kolpekaria lasaitasun osoz sakatuz tiroka hasi da, batera eta bestera. Begirada hotza du, sentimendurik gabea. Soldadu ohi baten gorroto eta mendeku arteko alarauak dira. Infernuko sua piztu du.

Lehen biktima, ohiko made in USA heroia, bere bizitza arriskatuz besteena salbatuko duen uste ustel tristean bizi dena. Oharkabean, atzetik erasotzen saiatu zaio, baina lurralde arabeetan “Basamortuko Ekaitza” operazioan, lau begiekin ikusten ikasi zuten, zelatan gau eta egun, etsaia edonon edonoiz ager daitekeelako. Beraz, buelta erdia eman, eta begitartean tiro bakarra nahikoa izan da, ziplo erortzeko. Trapu zahar bat bezala geratu da lurrean odol-gabetzen. Brokerra da.

Bezero zibil inozente hauek eraman zuten Ekialdeko lurraldetara, mila eta bat izarretako basamortu haietara askatasunaren alde borrokatzeko. Mundua salbatzeko. Etsaien tranpak eta eguzki errukigabearen zigorra jaso ostean, ez du ulertzen itzuleran aurkitu zuen erantzuna. Zoro begirada dauka, lehoi gosetu batena. Gudu-zelai honetan dena da izua, baina afixetako pailazoak barre egiten jarraitzen du: «ongi etorri gure hanburgesategira». Mahai azpian gordetako familiak –bere gizentasunak uzten dien heinean–, bi xoxen truke lanean diharduen gazteak, pailazoa bera, lurrean datzan gorpua, dagoeneko odolustua... infernua baino gehiago, gizarte hipokrita baten eszenatokia, jasanezinezko soinu eta hots baten menpe. Izuzko izerdi hotza darie gorde nahian dabilen inuzente gizagaixoei, galdutako bala batek harrapa ez ditzan ahal duten tokian ezkutatuz; bizitzako azken minutuak direla jakinik, bizitzak hanburgesa bat baino gutxiago balio duen honetan.

Beste buila batez, bereizi gabe tiroka hasi da berriro, plastikozko janaria ere festaren parte bihurtu da, odol- zurrustak tomate saltsarekin nahasten dira, haragi puskak noraezean dabiltza bala-zorroekin dantzan, kristal hautsiak nonahi negar eta beldur oihuen artean; janari merkearen kiratsak eta bolboraren usainak bat egiten dute airean. Hormako afixak «come in and taste it» dio, egoerari ironia punttu bat emanez. Itxafero-festa honek Quentin Tarantinoren filme batetik ateratako eszena bat dirudi. Kargadorea hustu duenerako beste sei hilotz daude lurrean, edo zazpi. Biharko egunkariek emango dituzte datuak, pertsonak estatistika huts bihurtuta. Berak, patxada osoz, gerritik beste karga bat atera, arman sartu eta bere lanari berrekin dio. Itsu, han dena baita arerio. Tiroekin bere lurraldea markatu gura du, basa-animaliak egiten duen moduan. Jainkotiar izaki atabikoa, XXI. mendeko norvegiar jainko baten ustea dauka. Robocop herriaren kontra.

Sirena hotsek ekarri dute berriro berera. Kanpora begiratu du. SWATeko gizon urdinak ikusten ditu helikopteroetatik zintzilik eta kristalezko etxe orratzetan zein eraikin grisetako hormetan gora-behera. «Asteburuko soldaduak», pentsatu du. Janlekua, berriz, polizien auto zuri-urdinez inguratuta dago. Gaur, baina, horiek ez dira lagunak, aurkari bihozgabeak baizik, doilor eta bilauak. Bozgoragailuetatik ahots bat hitz egiten hasi da. Ez du entzuten, ez du entzun nahi, berak dakien moduan erantzun du: neurrigabeko tiro-sorta gehiago, oraingoan kalean. Sarraskia ez da amaitu.

Bat-batean, bazter batean negar batean dagoen amona hartu du, bizirik geratzen den bakarrenetakoa. Ezkutu gisa bere aitzinean jarri du eta kanpora irten da, subfusilak ematen dion balentriaz baliatuz. «Marinea naiz», oihuka hasi da, tiro eginez, makina airera altxatzen duen artean, «Armadako soldadua naiz, zuek eta mundu guztia salbatzera etorri dena». Indar gehiegi dauka gaurko Geyperman honek eta nahigabean, bere eguna alaitzeko hanburgesa soil bat jatera etorritako agure gaixoa lepoko hezurra hautsita hil du. Orain babesik gabe geratu da. Ihesbiderik gabe dago. Nonbaitetik marra gorri bat datorkio, zuzen-zuzenean bere bihotzera. Durbantedun muyahidin bat irudikatu du bere aurrean, «salam» esanez agurtzen.

Ez du izango beti amestu izan duen lurperatzea, Arlingtongo kanposantuan, Potomac ibaiaren hegalean, txukun tolestutako barrak eta izarrak dituen oihalaren azpian, musika bandak The Star-Spangled Banner joko zuen bitartean. Horren ordez, USAko gizartearen produktu gordin hau, Oregoneko herrixka galdu batean hilobiratuko dute, apaiz bat eta bere ama izango direlarik lekuko bakarrak. Heroi izan zen batentzat izan daitekeen hiletarik tristeena. Ohore zitala

FERNANDO ROJO TOLOSA

tolosarra (lizartzan bizi), Zarauzko ikastolan dihardu lanean. Historian lizentziaduna. Ikasle ohia Idazle Eskolan.

 

 

 

 

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago