Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
Beterriko liburua aldizkaria
pdf  
Ezpainetako karmina

Iratzargailuak jo baino lehen esnatu da. Egonezinak itzartu arazi du, haur bat eguberri egunean bezala. Jaiki eta patxadaz gosaldu du lehenik: kafe beroa eta bi madalena. Gero dutxatu egin da. Patxada ederrean hori ere. Larruazala zimurtuta duela irten da dutxatik. Toailaz bildu du ilea eta beste toaila batez estali du gorputza. Bakarrik dago etxean, baina hotz egiten du.

Arropak prest ditu ohe gainean. Bart, denbora luzea igaro du armairuaren aurrean zer jantzi erabakitzeko. Urtarrileko beherapenetan erositako soineko gorria aukeratu du. Honek, ezin hobeto bistaratzen du bere gorputz lirainaren bihurgune bakoitza. Azpitik, gerrirainoko galtzerdiak jarriko ditu, eta lepo aldea babesteko, horrenbeste gustatzen zaion sorbaldazapia hartuko dio amari. Ohe ertzean eseri eta galtzerdiak jantzi ditu lehenik. Kontu handiz tira die gora depilatutako zango leunak estaliz. Gero, soinekoa jantzi du. Iaiotasunez itxi du bizkarrean behetik gora luzatzen den kremailera. Takoidun bota gorriak janztea izan da hurrengo pausoa. Ispiluari begira, ezin ederrago ikusi du bere burua. Makillaje pixka bat, eta edonor maitemintzeko moduko emakume perfektua izango da gaur.

-Apain-mahaian, kremaz igurtzi du azala. Makillaje-hautsez estali ditu bi masailak. Betazalak margotu ditu gero, tonu laranjazko kolore apal batez. Ondoren, kontu handiz, begipeko marrak nabarmendu ditu beltzez. Errimel pixka bat eta, azkenik, karmin kolorea ezpainetan. Gustura geratu da makillaje saioaren emaitzarekin.

-Bere irudiaren ederraz gozatzeko, komunera joan da ostera. Janzten eta apainmahai aurrean igarotako denboran, bainugelako ispiluak bere berezko isla berreskuratu du. Gorroto ditu lurrindutako ispiluak. Komuneko altzariaren gainean dago zintzilik ispilua. Hormaren zabalera osoa hartzen du, baina soilik gerritik gora ikus dezake bere burua. Arazoari ohiko irtenbidea eman dio. Bidetearen gainera igo da, eta horrela, sabaia ez jotzeko burua zertxobait makurtu behar badu ere, bere gorputz lerdena osorik ikus dezake ispiluan. Aspaldian ez du bere burua hain eder ikusi. Luzez ez da bera sentitu izan.

-Komuneko leihoaren beste aldetik iristen diren txaranga doinuek atera dute liluramendutik. Erlojuaren orratzak uste baino aurretuago daude. Kaoba koloreko ileordea jarri, bi laranja bularretakoan sartu eta etxetik irten da. Koadrilakoak zain izango ditu.

-Koloretsu daude kaleak. Sakon hartu du arnasa eta aire garbiz bete ditu birikak. Egun zoragarri bat datorrela aurreikus dezake. Ohiko tabernan aurkitu ditu Aitor, Mikel, Jon, Lander eta Unai, koadrilakoak. Denak emakumez jantzita, bera bezala. Laztan lizunekin eta mugimendu sentsualak eginez eman diote ongietorria. Lagunei bai-bai eginez, denei atximurka bana egin die ipurdian. Batzuei besteei baino gogorrago, eta Unairi, edonori baino goxoago. Segituan iritsi zaio eskuz esku dabilen garagardo katxia. Kontuz-kontuz edan du, ez du aparrak ezpainetako karmina kentzerik nahi. Edalontzikoari tragoa eman bitartean, koadrilakoen itxurari erreparatu dio: denek, kamiseta lehertzear dute eta zilborra bistan. Gehienek, tarratadaz jositako galtzerdiak dituzte zango kurbatu eta depilatu gabekoetan. Galtzerdien gainetik, minigona minimalista bat. Takoidun zapatak, ileorde horia, poltsa eta, nola ez, nork baino nork titi handiagoak. Barre egin du bere baitan. Beti eman izan diote barregura emakume jantzietan ezin kabituta ibiltzen diren kirolari gorputzek.

-Unairen besape iletsuari darion izerdi usainak itzularazi du bere baitatik mundura. Tabernako bozgorailuetatik zabaltzen den regaettonaren erritmora mugituz hurbildu da beregana, eta bi besoekin inguratu du. Lagunaren gerrira eraman ditu eskuak eta musu eman dio masailean, bere ezpainetako karmin preziatutik pixka bat bertan utziz. Unai beti egin zaio erakargarri. Inoiz ez ditu bere ezpainak hain gertu eduki. Bere kalkuluen arabera, lau zentimetro inguru egongo dira Unairen ezpainen eta bereen artean. Haragitsuak eta samurrak iruditu zaizkio. Baina ez die koxk egingo. Ez du nabarmen geratu nahi. Kristala hautsiko litzateke horrela, eta hautsitako kristalak zauriak eragiten ditu. Gainera, behin puskatuz gero, ezin da berregin. Unairen gerriaren astinaldi batek eraginda garagardo katxia erori zaio lurrera. Lagunen purrustadak isilarazteko barrara joan da beste baten bila. Taberna guztia alderik alde zeharkatu du moda pasarela batean egongo balitz bezala. Gustura dago. Bularretakoan daramatzan laranjen moduan zukutu nahi du eguna.

-Goizeko zazpiak dira. Ia hogeita lau ordu eman ditu parrandan. Akiturik dagoen arren, ez du ohean sartu nahi, esnatzen denean, ez baita Inauteri izango. Bihar, berriro ere mozorroa jantzi beharko du, datorren urteko Inauteriak iritsi arte ez kentzeko. Baina ordua da. Bularretako laranjak zapaldu beharraren zapaldu beharraz, titien parean bi orban borobil dituela ohartu da komuneko argia piztu eta ispiluan begiratzean.Takoidun botak erantzi ditu. Hankak lehertuta dauzka. Karmina aspaldi desagertu da bere ezpainetatik.

Leire Zubeldia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago