Beterriko liburua aldizkaria |
ALDI HARTAN
Aldi hartan, bazihoan Jesus asfaltatu gabeko bide batetik. Dena harri eta hautsez beteta zegoen: lurra, aspaldian euririk egin gabe baitzegoen, baita Jesus bera ere, aldean zeraman jantzia belaun azpirainokoa baitzen, eta sandalia zahar batzuekin zebilenez, hauek, pauso bakoitzean harrotzen baitzuten bide desegoki hartako lokatz lehorra.
-Hau zikinkeria hau, nahiago nuke bi mila urte geroago Aitak bidali izan banindu. Esan nion makina bat aldiz, ez nuela orain jaitsi nahi; nora, eta lurralde idor honetara. Jateko arkumea eta gazta antzeko bat besterik ez duten betiereko sikute honetara. Baina gure aita ere, kasketa ematen dionean, bakarra da.
-Zer diozu, maisu?
-Burutazioetan ari nintzen, eta nire aita ahalguztiduna nuen gogoan, bakarra dela nioen.
-Hala da, maisu, Jainko bakarra dago, eta horretan sinesten dugu guk, zure ikasleok.
-Ezin esan edozertan sinesten duzuenik! Nola hala, haizea atera baitzuen, ezpainetaraino hautsez beteta, bidegurutze batera heldu ziren. Eskuinaldean basamortua zeukaten, lur pitzatuzko lautada. Ezkerraldean, ostera, basoa izandako lur eremu agortua: egur multzo sakabanatuak, sastrakak eta elorri zuri izandakoren bat, arre bihurtua. Alde batera eta bestera begiratu zuten.
-Hau zoria hau, oraindik ez dituztenez bidegurutzetan seinalerik jartzen, ez dakigu norantz joan. Hodeiertzera so eginez ikus dezakedan guztia berdina da, desertutzarra. Eta sandalia hauek behatzetan mina ematen didate. Behatz potoloa urratuta daukat. Esan nion Aitari, arropa eta jantzi egokiak eraman behar nituela zioenean, oinazea besterik ez nuela pasako
-hain ongi egonda zeruan, bere alboan, munduko gertaera guztiak ikuskatzen.
-Eta berak, ordea, ezetz, sandalia zahar batzuekin jaitsi behar nintzela, eta oinazea ona zela oinak gogortzeko.
-Zer diozu maisu?
-Zera, oinazea eguneroko ogia dugula.
-Hala da, maisu, mundu hau oinazea besterik ez da. Gerokoan gozatuko dugu.
-Ez dakizu ondo.
-Eta, eguneroko ogiari buruz, hiru egun daramatzagu jan gabe.
-Ai, ai, ai, beti gauza materialetan pentsatzen ari zarete gizon arruntak.
-Behar dugu gorputza elikatu, arima elikatzen den bezala.
-Ba, arima ere, nik uste, argal daukagula momentu honetan.
-Zer diozu maisu?
-Ez dugula inor ikusi hiru egunetan. Ez dugu inorekin hitz egin, ez eta inori ongia egin.
-Eta, bide batez, ogia eskatu.
-Arima elikatzeko gauza onak egin behar dira, eta guk egin dugun bakarra hautsa jatea da.
-Hitzez hitz asmatu duzu oraingoan ere, maisu. Hautsa besterik ez dugu jan. Eta hautsa besterik ez edan. Txanpon bat atera zuen Jesusek, zeukan bakarra, baina ez zen ikasleari emateko, ez; airera bota eta norabidea argitzeko erabiltzen zuen txanpona zen. Horratik, txanpon hura berezia zen; ez zion inori, inoiz, erakusten. Izatez, aitari lapurtutakoa zen. Lurrera jaitsi baino egun bat lehenago, dirurik gabe bidaliko zuela jakin zuenean, gurasoen gelako mesanotxera joan, eta handik ateratakoa. Gero konturatu zen ez zuela ezertarako balio: “euroa” deitzen zen.
-Hau madarikazioa. Txanpon bat eskuan eta ogirik ere ezin erosi. Beno, ea zer irteten den. Zoriak dio eskuinerantz jo behar dugula.
-Nor da Zoria, maisu? Zoria lehenagoko bidaia baten izandako maitalearen izena zen. Hain zuzen ere, Bagdag-eko mila eta bat gauetan, Aladin izenaz, emakume gazteak limurtzen ibiltzen zenekoa; Hura bai garaia, hura; jan, edan eta larrutan egin. Ura sobera, baratzeak, lorategiak; alde makala, oraingoarekin. Gazte kontuak, besterik ez. Halere, Jesusek pentsatu zuen ikasleak ez zuela ulertuko, eta astakeriaren bat asmatu behar izan zuen, uler zezan.
-Zoria, edo patua deitzen dutena zera da, gure gain dagoen ordenu kosmikoa.
-Zer da komikoa, maisu?
-Komikoak gu gara, ez zaizu iruditzen?
-Horrela hitz egiten duzunean zaila egiten zait ulertzea, maisu. Jesusek erruki aurpegia jarri zuen. Bertakoekin pazientzia izan behar zuela otu zitzaion, eta Aita madarikatu zuen, berriro ere.
-Zera, badakizu txotxongiloak zer diren?
-Bai, panpinak dira, antzezle txinatarrek, soken bidez, mugiarazten dituenak.
-Ba, batzuek diote gu ere panpina hutsak garela, unibertsoan dena idatzita dagoela, eta hori aldaezina dela. Hori da zoria, eta ezin da horren aurka ezer egin.
-Eta, zuk zer diozu, maisu? Jesus isildu egin zen, ez baitzekien zer esan. Burutazioetan ariko balitz bezala egin zuen, ezkerralderantz jo zuen artean.
-Maisu, maisu, txanponak bestaldera joateko esan digu.
- Ba, nahi gabe, patuak hemendik eraman nauenez hemendik jarraituko dugu.
-Ez da gogaikarri jartzearren, baina, zergatik ez atzera egin? Gutxienez, badakigu hiru eguneko bidean, berriz ere, herrira helduko garela.
- Argia zara, lagun. Eta egiten dizkidazun baieztapen eta galderak kontuan hartuaz, zuk edozein herritar baino argiagoa ematen duzu.
- Zer diozu maisu?
- Ez zara, ba, Gabriel aingerua izango?
-Bai zera. Aingeru traza daukat hala?
-Eta, neuk ere, Zer ba? Jainkoaren semearen trazarik ba al daukat, errenka, zikin, arropa zahar hauekin? Ken ezazu maskara hori, maltzur halakoa, eta esadazu zertan ari zaren hemen.
-Neure lana egiten. Bizkartzain. Oraingoan zu zaintzea egokitu zait.
-Aitak bidali zaitu?
-ez zidan ba, usoak bidaliko.
-Eta, zergatik itxaron duzu hiru egunetan? Zergatik ez didazu lehenago esan atzera itzultzeko?
-Hori ez delako nire lana. Pentsatu, hemen zuk pentsatu behar duzu, nik zaindu bakarrik. Halere, ikusi dut ez zenekiela zer egin, eta, bakarrik geundenez, horregatik esan dizut. Jesus eta Gabrielek elkarri begiratu zioten. Hasieran amorru pixka bat bazuten elkarrenganako, baina, gero, hainbeste ezagutzen baitzuten elkar, lasaitu egin ziren.
-Hori itxura eskasa daukazuna.
-Zer nahi ba? Hogeita hamahiru urte handi lurralde lehor honetan. Hau gehiegi da.
-Lasai, laster joango zara, berriz ere, zerura.
-Bai? Ordua zen! Izan ere, ez dakit ezer. Aitak ez zidan ezer esan.
-Noski, haserre zegoelako zurekin. Bagdag-en gehiegikeria asko egin zenituen eta.
-Jode, horregatik hogeita hamahiru urteko zigorra? Gero esango dute Aita jainkoa ona dela. Ez dakite ondo.
-Hala, goazen hiru egun ditugu herrira heltzeko eta. Han badakizu Judas-ekin gelditu zinela olibondoen baratzean. Han hasiko da zure zerurako bidea.
-Oao! Goazen azkar.
-Sufritu beharko duzu.
-Berdin zait.
-Hil egingo zaituzte.
-Hori idatzita dago
-Ezidazu esan, orain, patuan sinesten duzula.
-Nire aitak aspaldi idatzi zituen munduko liburu guztiak.