Mendeku horia
Gure atari barrura sartzea lortuko ez zutela ikusirik, zer egingo larru horidunek eta paper itsaskorra gure atariaren kanpoaldeko kamera gainean jarri ez zuten ba! “Zerri alaenak!”, pentsatu nuen nire artean. Atarira jaitsi nintzenerako eranskailua sendo-sendo zegoen kamera babesten duen kristalaren gainean; ez zegoen hura kenduko zuen Jainkoaren semerik. Alkoholez luzaz igurtzi beharko, lehen bezala uzteko. Dragon Rojo jatetxera joan nintzen hurrena, jatera, baina ez eguneko menua, hango deabru hori batzuk baizik; asmoa hori zen behintzat. Nagusi-itxura zuenari hizketan hasi orduko sei bat txinatarrek inguratu ninduten.
Argiune batean konturatu nintzen ezen, aspaldiko partez, ez nituela aldean lutxakoak edo ukabil amerikarrak; etxean ahaztuta neuzkan, noiz eta haien premia handiena nuen egunean. Egoera hartan gauza bakarra egin nezakeen: erretolika alde batera utzi eta mahai batean esertzea, udaberriko rollito bat eskatu ondoren. Horixe egin nuen. Azken hitza esateko nuen, ordea. Biharamunean, goizeko 4etarako han nintzen berriro, Dragon Rojoren kanpoaldean, silikona potea eskuetan sarraila bolada baterako izorratu nahirik. Silikona pote erdia baino gehiago gastatu nuen, ekintzaren arrakasta bermatzeko. Zotz batzuk ere sartu nituen sarrailan, badaezpada ere.
Handik egun batzuetara itzuli nintzen jatetxera. Berriro ere ikusi nahi nuen txinatarren artaburu-aurpegia. Ordurako, noski, sarraila konpondua zuten. Jantokian harro-harro sartu eta entsalada txinatar bat eskatu nuen. Atoan ekarri zidaten eskatutakoa. Gozo-gozoa entsalada, baina saltsak aukeran zapore arraro xamarra zeukala iruditu zitzaidan. Arraioa! Silikona zen eta! Ekialdeko seme-alaba haiek saltsaren ordez silikona jarri ez zidaten ba! Bi egun eman nituen ahoa ireki ezinik, ezpainak elkarri itsatsita neuzkalako. Azkenean, ospitalean, besterik ezean, alkoholez luzaz igurtzi behar izan zidaten muturra, nire adierazpen-askatasuna itzultzeko.