Tronpetek iragarri ez zuten heriotza
Tronpeta hotsak esnatu du, hamaika tronpeten doinusarkorrak atera du bere lozorro astunetik. Uste baino luzeago egondako ezinezko posturak zailtzen dio mugimendua, koltxoitzat izan duen harria baino gogorrago sentitzen dugorputz gizen zaharkitua. Buruak doinuarekin bat egin nahian bonbo kolpeak bidaltzen dizkio orain. Kosta egingo zaio jabetzea non dagoen eta zer egiten duen jendez inguraturiko etxarte horretan.
Gainezka daude bera gonbidatutzat hartu duten txoko inguruak. Berarengandik gertuen dauden pertsonak hanka puntetan jartzen dira. Berak, aldiz, bizkortu bitartean, gimnastaren luzamenduen beharrik gabe jendearen hankak ditu paisaia eta entretenimendua.
Sandalia erosoak janzten dituen emakumezko helduak haurrari heltzen dio errieta eginez, itxoiteko pixka bat, baietz, berehala joango direla etxera; ezetz, txokolatinarik ezetz, berehala afalduko dute eta. Nahi baino beranduago iritsitako ume horrek erraz galarazten dio pazientzia, nahi duen guztia ematen dion arren, baina ez, orain txokolatinarik ez. Eta aspertzen bada asper dadila, Pauso Santua ikusi arte egon beharkodu eta! Horixe bakarrik falta da! Haurra gelditu egin da orain, ordea, paretaren kontra dagoenari erreparatu baitio: irakasleak lurrean horrela ez egoteko errepikatzen dien moduan erdi etzanda dago; zergatik ez dio inorkhorri demandarik egiten?
Mokasin italiarrak patena baino garbiagoak dituen gizonezkoak atorraren lepokoa lasaitzen du beste eskuaz takoidun inposibleak janzten dituen emakumezkoari heltzen dion bitartean galtzeko beldurra bailuen. Luxuzko hotelen batean irribarre egingo diote elkarri, ardo ona kopa dotoreren batean dastatuz. Ez dago penarik haien unibertsoan, berean ere noizbait egon ez zen bezala.
Turismo-informazio bulegokopostean loturik utzita dagoen txakurraren begi lausotuek ez diote ezeri begiratzen, burua aurreko hanken gainean pausaturik orduak zain emateko prest bailegoen. Bera bezala.
Bera bezala. Urteetan txakurraren antzera lotua egon da, egon da, bai, orain libre baita, horregatik mozkortuko zen eguerdian, horregatik tronpeta hotsek esnatu dute behar ez den tokian eta orduan.
Hala ere, ez da haurra bakarrik irudi bakartiari erreparatu diona; jendetzaren artean bada geldi, isil, begirik kentzen ez dionik. Bera al duk? Zer egiten dik hemen? Nola ailegatu duk hona? Noiztik zebilek hemen? Inorekin ibili al duk? Bakarrik al zebilek?
Bereak ez diren hiriak eta jendetzak ematen dieten anonimatua aprobetxatuz, bata pareta lagun altxatu eta arropak hala edo nola txukunduz, kale estu hutsetatik behera, hiriko harresiak zeharkatuz Jerte ibaiaren aldera abiatuko da, han, berdetu berria den haltzaren kontra bermatuz, uraren doinu lasaigarriak bere onera etortzen lagunduko diolakoan; besteak, berriz, gorrotoak ematen duen segurtasun itsuak bultzaturik jarraituko dio aurreko gorputz nekatuari, katedral berriko plazan argazkiak ateratzen dabilen turista saldo zalapartatsua ikusi ere egin gabe, harresietako Eguzki Atetik atera eta han, Jerte ibaiaren ertzean, haltzaren azpian bere bekatua oroitarazi dion anaia aurkituko du.
Ama Birjina Doloretakoaren Pausoa sartzen ari da plazan. Espainiako bandera duen balkoiaren azpian gelditu da. Bandak eten dubere emanaldia. Mantila beltza duen emakumezkoa kantatzen hasi zaio. Jarraitzaile askoren aurpegietan emozioa islatzen da, batbaino gehiago negarrez hasia da. Saeta bukatzearekin batera arrosa petaloak botatzen dizkiote Ama Birjinari. Bibaka hasi dira inguruko guztiak. Kostaleroak hirugarren makila kolpearekin batera Pasoa altxatu eta urrats motz arinean eliza aldera doaz.
Andresek, eten labur bat egin eta gero, prozesioaren kontrako aldera jarraitu du. Metro batzuk aurrerago, hiritar gutxi batzuk ikusten dira, etxe aldera doazen familiak dira, seme-alabak oheratu eta deskantsatzeko desiratzen. Begira ama, hori da gaizki esertzen zen gizona! Metro batzuk atzerago Andres begi bistatik galtzen ez duen gizona. Familiak elkarri agurtu eta gero, atari desberdinetan sartu dira. Behe aldera segitzen dute bi irudiek, lehenengoak, jakin gabe bigarren bat segika duela. Bigarrenak, jakinik ezin duela lehenengoa galdu.
Ibaia, haltza, Andres.
Ibaia, haltza, Jose.
Ur saltoaren hotsak isilaraziko du iluntze hartan, zikoina parea lekuko bakarra izanik, prozesioak hiriguztia Plaza Nagusian bildurik zeukala, bi gizonezko haien zorigaiztoko tupustekoa. Andres. Jose nauk. Zer egiten duk hemen? Zertara etorri haiz? Zer behar duk? Egon al haiz gure herrian?Andresi hasiera batean kosta egingo zaio hitz horiek ulertzea, ahotsa ez baitu nahi izango zuen bezain azkar igarri. Lasai, Jose. Ez nauk hiregana etorri, ezta hire bila ere. Ez nauk gure herrian egon eta ez diat joateko asmorik ere. Sekula ez diat ezer egin ezta egingo ere, baina jakin ezak ez diadala gure aitari sufriarazitakoa inoiz barkatuko. Horrekin ere bizi beharko duk, baina niregatik ez kezkatu. Bakean utziko haut orain arte utzi haudan bezalaxe.
Biharamun goizean gaztetxo bat izango da lo zirudien eta baloia bueltatuko ez dion gorpua aurkituko duena. Poliziak kalerik kale ahal zen hobekien enborraren kontra eginiko erretratua erakutsitakoan, bezperako umea izango da gaizki esertzen zen gizona ezagutuko duen bakarra, edo ez, ama? Antz handia du baina ez nago ziur. Inork ez du salatuko tronpetek iragarriezin izan zuten heriotza.