Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Festa Globala
rojo_mugalari  
Kristina Fernandez  

Bart gauean beste mundu bat irudikatu dut nire ametsean. Jai erraldoi bat ikusi dut. Ilargiaren babesean Negrileko hondartza batean, su handi baten inguruan. Mundu osoko festa zen eta bakoitzak berea zekarren, han guztiek zutelako tokia.

Amets horretan musikak alaitzen zuen gau-jaia. New Orleansetik Brass Band bat hurbildu zen Mardi Grass giroan festa hura ospatzeko. Ez zen inauteria, baina alai egoteko eta ongi pasatzeko unea zen eta inauterien arima zebilen dantzan. Ez zen beste aitzakiarik behar. Laguntzen zieten kolonbiarrek beren cumbiarekin eta dominikarrek beren calypsoarekin. DJ frantses baten scratch-ak nahastuko zituen Santiagoko son doinuak Dakarreko mbalax erritmoekin.

Guztiak zuen lekua global party hartan. Reggae doinuak dantzatzen zituzten heinean, Trench Towneko rastafariek cannabisa banatzen zuten hurbildutako guztien artean, debalde, lakota eta kiowak indioekin pipa erretzeko.

Festan ez zen ezer falta, jatekorik ere egongo zen, tamazightak kus-kusa prestatzen zuten han agertzen zen ororentzat. Bitartean, raï musika irteten zen bozgorailuetatik.

Giroa berotzen zihoan heinean, bikingoak zetozen Ejsbergetik, itsasoz, euren drakkar zaharretan, Odin eta Thor jainkoen gidaritzapean. Piratek egiten zuten bat beraiekin, espainiarrei hartutako galeoietan, erregeei kendutako dirua pobreen artean banatzeko. Bagdadetik Sinbad, 1001 ametsekin. Haur asko bildu zituen bere inguruan eta Sherezaderen ipuin zoragarriak kontatzen zizkien, ur ertzean.

Ilunabarrean, afalostean, bi obraren antzezpena zegoen egitarauan: Berlingo squater batzuek Bertold Bretchen obra bat emango zuten eta Dublingo gazteek Joyceren “Ulyeses”en bertsio gaurkotua. Ez zen kirolik falta: brasildarrek futbol partidua antolatu zuten argentinarren aurka, baina soilik jolas moduan, ez irabazten den horietakoa.

Mekong ibaiaren ibarretako lao, thai eta khemer printzesek jaia edertzen zuten eta gosetuentzat arroza zekarten. Araukaniako maputxeak Victor Jararen doinuekin etorriko ziren, Marinaledako jornalariekin bat eginez, eta baita Bombayko dalit ukiezinak ere, lurra lantzen duenarentzat dela aldarrikatuz. Denak egiten zuen bat palmondo arteko hondartza eder hartan. Suaren inguruan. Nire ametsean. Nire ametsean ere amets egin nahi nuen.

Bakoitzak bere ipuin eta mitoak kontatzen zituen, sutzarraren inguruan. Irango xiiak, Libanoko maronitak, Lalibelako ortodoxoak eta Golango gainetako drusoak. Baita Yazdeko zoroastristak, Konyako derbitxeak, Amritsar sakratuko Sikhak eta Negeveko artzain beduinoak. Masaiak eta himbak. Etiopiako azmari inprobisatzaileek euren kopla bero eta alaiekin amaituko zuten saioa. Eta denek beren jatorria erakusten zieten gainontzekoei, harro: arbasoen istorioak, amalurraren populuak hain ezberdinak ez garela erakutsiz.

Kurdistan eta Txetxeniako gerrillariek euren borrokaren historia kontatuko zuten, baina armarik gabe zetozen, bakea maite dutelako. Hauen ondoren Bronxeko gazte afroamerikar batek rap erritmoaz kontatuko zituen kaleko legendak. Beraien bizitza ere erraza ez dela azpimarratuz.

Jainkoen panteoia ere bertan izango zen, hitzordura hutsik egin gabe: Ala, Yavhe, Mari, Shiva, Horus, Zeus, Krisna, Inti, Ahura Mazda eta Changó. Euren profetekin egingo zuten bat, Buda, Jesus, Lao-tse, Konfuzio, Zoroastro, Mahoma. Ez zen errezatzeko ordua, ezta tokia ere, ondo pasatzeko tartea baizik, horregatik bakeaz berba egin eta gero, mexikarren tekilarekin mozkor-mozkor eginda bukatuko zuten, dantzan.

  rojo_mugalari1

Ez ziren faltako Rapa Nuiko mitologia, Pertsiako magoa, Sri Lankako arrantzalea, Gautxo abeltzaina eta Rajastango ijitoa. Kazakoak eta tayikoak gameluetan hurreratzen ziren.

Suaren inguruan abestu eta dantzatuko genuen. Guztiak etortzera gonbidatzen genituen. Pashtun sunia, lurralde hotzetako inuita, basamortuko tuareg gizon urdina, Etiopiako korrikalaria eta Sudango nubioa. Haiek ere ekarriko zituzten amets, irudi eta kutunak.

Etorri ezin izan zutenak euren herrietan amesten nituen. Intifadaren seme palestinarra, kufiyak ematen zion babesean, kultura-etxeak egiteko kolonoen etxebizitzak okupatzen zebilen, Rioko meninoa garimpeiroei txaletak kentzen gaztetxeak eraikitzeko. Eta Nigeriako emakumeak beren maitaleen eskutik paseatzen ziren, eta libre musukatzen, inongo ayatolari baimenik eskatu gabe. Afganiarrak burkekin sukaldeko trapuak egiten ari ziren. Turkiako preso politiko gorriek kartzeletako burdin eta hormekin askatasuna marraztuko zuten.

Hori guztia suaren inguruko ametsean, hondartza eder hartan. Jaia amaitzear, noragabean zebilen ontzia hartuko genuen Sinbad marinela kapitain genuela, eta gau izartsua jarraiki Ekhiren bila joango ginen, haizea lagun, muezinaren kantua entzunez, ostertzak marrazten duen marra heltzeraino. Mississippiko blues baten notak ematen zigun agurra.

Han lur hartuko genuen, kriseiluak piztuta generamatzala Gazako ospitaleetan sartuko ginen, inori baimenik eskatu barik. Handik gaixo eta zauriturik zeuden haurrak aterako genituen, garrasi artean etsai gaiztoen bonbak geldiaraziko genituen, “gerra guztiak gelditu!” oihukatzen genuen artean. Mundu perfektua bilatu gabe, berau aldatzen saiatzen ginen, beste bat posible dela sinesten genuelako. Han ez zen banderarik, ezta injustiziarik ere.

Noizbait irakurri nion poetari eta nik ere kitsch amestu dut, jai bat, hondartza batean, sutzar baten inguruan, Atahualpa Yupanqui eta Mikel Laboaren abestiak entzuten nituen bitartean.

Fernando Rojo

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago