Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
eneko_aranburu2  
pdf  
1940, amodio beltz baten kronika

Hasierako soinu finaren ondoren suziriaren danbatekoa entzun zen. Ez ziren festak baina guzti hura festen hasierako ospakizun usaina hartzen ari zen. Ezer ospatzekorik ez dagonean etxera pastelak ekartzen direneko egoera estrainioa nabari zen. Kaleak hutsik. Baita hondartza bera ere. Dena hutsik zegoen, estazioa ezik.

Suziriek utzitako ke aztarnak zerbait idatzi nahirik zebiltzan. Denborak marrazkiak desagerrarazi zituen atmosferaren handitasunean.

Kaioak, goiz hartan, egunero lez, kostalde hura bisitatu zuten. Portutik hondartzara eta hondartzatik portura.

Jendea pilatzen hasi zen Hendaiako estazioan. Denok geldi. Zutik. Lerroturik. Berdez jantzitako bi oinezkoak, armak eskutan.

Eguna eguzkitsu argitu zen. Itsasoratu aurreko ehun metrotan arrainak pilatu ziren ibaian, eta kaioak bata bestearen atzetik, uretara sartu-irtenean zebiltzan arrantzan.

  eneko_aranburu1

Jendartean uniformedun gazte batzuk, bi banderatxo banatzen zizkieten bertan bildutakoei. Aurrez lerrotuak zeudenak, berriro lerrotu; irribarrez ari zirenak, aurpegiak seriotu eta armak indarrez heldu zituzten. Tren bat iritsi zen estaziora. Banderaz josia hau ere. Uniformedun gazteak seinalea egin zuen eta banderatxoa zuenak gogor mugitu zuen alde batetik bestera. Ez zen estazio hartan egunero sartzen ziren tren zaharren modukoa. Hura azken generazioko trena zen. Modernoa. Eguzkiaren izpiak distira egiten zuten gortinaz itxitako leihoetan.

Minutu gutxira, beste tren bat kontrako norabidean. Uniformedun gazteak berriro agindu ematearekin batera, jendarteko banderatxoak alde batetik beste mugitu ziren. Bi trenak topatzearekin batera, ateak ireki ziren.

Nasan topatu ziren. Eskua eman zioten elkarri. Batak keinua egin zion begiez eta besteak eskua luzatu zion. Bi irribarre marraztu ziren arratsalde hartako argazkian. Ohe ondoko mesanotxean edukiko zuten zuri-beltzezko erretratua.

Zita aspaldidanik egina zuten. Elkar ezagutzeak sortzen zien irrika asetzeko momentua iritsia zen. Hizkuntza ezberdinean aritu izanagatik ere oso ongi ulertzen zuten elkar. Elkarren helburuak ezagutzen zituzten. Eta baten helburua bestearen desioa zen. Inoiz elkar ikus ez izanak, zirrara handiagotzen zuen. Desioa sutsuagoa egiten zuen. Eskutitzen bidez hitz eginak ziren. Idatziz adierazi zioten elkarri euren sentimenduak. Aurrez aurre ezagutzen ez baziren ere, elkar besarkatzeko desioa lehertzear zuten. Eskuen berotasuna nabaritzeko desioa. Energia transmisio berezi bat nabaritu zuten. Zirrara berezia apika. Bizkarrean, goitik behera eta leunki, esku baten laztana. Bagoira sartzeko gonbit goxoa.

Mahai borobil bat prestatua zuten. Musika lasaia magnetofoian. Momentu hartarako aukeratutako melodia. Arrosa koloreko mantelaz jantzi zuten mahaia. Mahaiak maneatu zituzten biak elkarrekin eserarazteko. Elkarrenganako maitasuna adierazteko libre. Elkarri lizunak izatera irits ez zitezkeen begiradak eskaini zizkioten. Eskuak elkartu zituzten berriro, sorbaldatik bizkarrean, besarkatzeraino. Laztan eta laztan artean asko hitz egin zuten... Bizitzaz... Elkarren proiektuez... Heriotzaz... Hurkoarekiko maitasunaz...

Bikoteak nahiago zuen bagoi hura beraiek amestutako desioen gunea izatea. Bakarrik, itzultzaile eta idazkaririk gabe. Hizkuntza ez baita elkar ulertzeko
era bakarra. Izerdiak elkar disolbagarri ziren, musu ematean bi biboteek ezpainetan eragiten zieten kilima gozagarrian orgasmorako jolas hartan. Urte hartako festetara etor zedin gonbidatu zuen batak bestea. Urte hartan festak, gutxienez, abendura arte luzatuko zirela-eta.

“Bostetan denok elkarrekin, paretara. Gizaseme onen alde eta deabru gorriaren aurka!!” irakur zitekeen karteletan. Kartelak kaleetako iskina guztietan zeuden jarrita. Denok ikus zezaten eta inork deia ahantz ez zezan. Tabernetan ez zen besterik hitz egiten. Merkatuan ere ez zen besterik.

Harresiaren paretetan betirako tatuaiak egin zituzten, odolez zikindutako balek. Tiroak paretetako adreiluak hautsi, haragia zeharkatu ondoren. Hura zen asteroko espektakulua.

Elkarren aurrean jarri ziren, mahai bat zutelarik artean eta gainean mapa bat zabal-zabalik. Erabakia zuten. Elkartrukea eginda zegoen. Etorkizunari inork ahantziko ez zuen erretratua eskaini zioten, bata bestearen ondoan, tratuarekin harrotasunez bapo.

Auf Widersehen!! Führer!
Hasta luego!! Caudillo!

Eneko Aranburu

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago