Boikot-eroa
Behinola ordenagailu aurrean eserita nengoela gogoratu nintzen lagun bati deitu behar niola. Berandu samar zen, gaueko hamarrak, eta beldur nintzen ez ote nuen ohean harrapatuko. Zenbakia buruz markatu nuen, burua gaueko ordu horietan ere primeran dabilkidan seinale. Gizon batek hartu zuen telefonoa, eta honela esan zidan:
–Zel nahi duzu?
–Gau on, Andoni naiz... Andoni Bustamante. Carlosekin hitz egin nahi nuke –esan nuen sotiltasunez, beste aldetiko doinu arrotzak batere harridurarik eragin izan ez balit bezala.
–Hemen ez dago Caldos izeneko inol, babo alaioa! Ni Txin Pao naiz eta Hau Dlagon Lojo jatetxea da, txinatal jatetxea! –eta brastakoan eseki zuen.
Ezin nuen sinetsi. Agenda hartu nuen lagunaren telefonoa aurkitzeko, eta, bai, egia zen: okerreko zenbakia markatu nuen. Baina artean zenbaki hura gogoratzen nuenez, berriro deitzea erabaki nuen. Segituan Txin Pao delako hark hartu zuen telefonoa, baina hitz egiteko betarik ere eman gabe eseki egin nuen.
Irriño burlati bat artean aurpegian marrazturik neukala, agenda hartu eta telefono-zenbaki hura idatzi nuen, ondoan “Boikota” hitza erantsiz. Handik aurrera egunero deitzen nuen telefono hartara, hainbat aldiz gainera, gehienetan bazkal orduan, lan gehien izaten duten unean, ahalik eta gehien izorratzeko noski. Ustekabean letra bat ordaindu beharra, isun bat jaso, nagusiarekin sesioan ibili... edozerk balio zuen telefonoa hartu eta beste aldetik erantzunik jaso aurretik esekitzeko. Dei horiek nolabaiteko terapia ziren niretzat, besteak beste, lasaiago sentiarazten nindutelako.
Txinatarren pasadizoarekin nire boikot-zerrenda inauguratu besterik ez nuen egin. Gerora, zerrenda “beltz” hari kide berriak gehitu dizkiot. Esaterako, orain hiru hilabete Eroskiren aparkalekuan nengoen ni, adineko emakume bat bere plazatik noiz aterako zain, nire bolidoa ondo aparkatzeko. Astiiiiro-astiiiiro zeraman kotxea emakumeak. Azkenean bukatu zuen, noizbait bukatu behar zuenez. Halako batean, hara non agertu zen furgoneta gorri bat, ziztuan, eta lekua kendu ez zidan, bada, kabroiak! Furgoneta Mercedes Vito bat zen eta “Fontanería y Saneamientos Miguel” zeukan idatzita kanpoaldean. Telefono bat ere bazekarren, beraiekin harremanetan jartzeko. Ni bozina jo eta jo aritu nintzen harik eta furgonetaren barrualdetik bi kankailu atera ziren arte, giltza ingeles bana eskuan zeramatela. Txarto begiratu zidaten, lekua neuk beraiei lapurtu izan banie bezala.
–Bai –beste aldetik erantzun zuen neska batek.
–Zera... jakin nahi nuke zenbatean aterako zaidan komuna eta bainuontzia aldatzea. Berdin zait prezioa. Eta entzun dudanez, zuen enpresaren Mercedes Vito gorri bat daramaten bi langileak dira onenak. Horiexekin lan egin nahi dut.
–Bai, zuk Miguel eta Fernandorekin nahi duzu
–esan zidan beste aldekoak–. Hemen da Miguel. Oraintxe jarriko da.
Amarrua bideratuta zegoen.
–Nor da? –gizon baten ahots lakarrak ernatu ninduen.
–Putakume galanta egina zaude zu!!! –antxumea aker anker bihurtu zen bat-batean. Ez nuen gehiagorik esan, eta eseki egin nuen.
Gero, neure agendan, iturginen telefono-zenbakiaren ondoan, beren izenak eta “Boikota II” hitza idatzi nituen. Hiruzpalau hilabetez aritu nintzen bi frontetan, noiz bati noiz besteari deika. Baina egun batean pentsatu nuen auziei bukaera emateko garaia iritsia zela; ez nekien nola, ordea. Sei bat kalimotxo edanda zerbait otu zitzaidan. Lehenengo, txinatarrei deitu nien:
–Nol da? –Txin Paoren txinatar doinuak belarriak likistu zizkidan berriro ere.
Orduko hartan, arnasestuka hasi nintzaion, batzuetan hasperenak eta besteetan ulu “kitzikagarriak” egiten nizkiola. Baina ez nuen eseki.
–Zu al zala belilo? Hol al zaude olaindik? Bakean uzten ez banauzu, hil egingo zaitut!!!
–hitz egiteko aukera eman nion, eta ederki aprobetxatu zuen kabroiak. Eskuzabalegia naiz batzuetan.– Nor zalen jakingo banu, lalutu egingo zintuzket, benetan diotsut –errosarioa botata pitin bat lasaitu zen.
–Miguel dut izena eta “Fontanería y Saneamientos Miguel”en egiten dut lan, eta ziur nago ez duzula potrorik ordu erdi barru plaza nagusian egoteko –bota nion hitzak albait ondoen ahoskatuz, den-dena uler zezan.
–Ezetz? Olaintxe noa halantz. Txikitu egingo zaitut!!! –gizajoak uste zuen ni ebain-ebain egingo ninduela.
Segituan iturginen enpresara deitu nuen:
–Miguel?
–Bai, neu naiz. Eta zu nor zara? –galdetu zidan.
–Aspaldi honetan deika ibili zaizuna. Ohaltu naiz gu bion alteko alazoa aulez aule konpondu behal dugula. Gainela, ezin dut luzeago elaman zu ez ezagutzea. Txin Pao nauzu, Dlagon Lojoko jabea. Potlorik baduzu, etoli oldu eldi balu plaza nagusila, eta ezagutuko nauzu.
–Hantxe izango naiz, bai!!! Galtzerdi zikin batekin itoko zaitut!!! –Miguel sutan zegoen. Eta besterik gabe eseki zuen.
Hirugarren dei bat ere egin nuen. Poliziari. Esan nien plaza nagusian nengoela eta nire bikotekide homosexuala akabatu nahi nuela. Nire bolidoan azkar sartu eta plaza nagusirantz egin nuen. Ez dut sekula ahaztuko egun hartakoa! Aze borroka! Jende piloa elkarri egurra ematen han! Txinatarrak batetik eta iturginak bestetik; ez baitziren beren nagusiak bakarrik joan. Ikuskizun mundiala! Aparta!
Ikusitakoak ikusita, espero dut, egunen batean telefonoz deitzen badizut, zuk adeitsu eta jator erantzutea. Badakizu nola jartzen naizen bestela.