Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
julene_azpeitia.gif
LAN HONEK JULENE AZPEITIA IPUIN LEHIAKETAN LEHENDABIZIKO SARIA JASO ZUEN ETA ZUMAIAKO UDALETXEAREN BAIMENAZ ARGITARATZEN DA WEB ORRI HONETAN.

 

LABANAK AIREAN
 
“(...) Gau erdiaren eremuetan
laban ahoak aidera:
izar isilen argi azpian
odol beroa lurrera. (...)”
Joseba Sarrionandia

Hamaika garagardo edanak ginen Armando “Río Rojoko” atera azaldu zenerako. Brastakoan eten zen gure eta hango neskatxen artean ernatu berria zen txantxa-giroa; brastakoan zapuztu ziren hango algarak eta piano-soinu nagiak; brastakoan aienatu zen gure hordialdia ere. Armandoren bisaiak argi asko adierazten zuen zerbait larria gertatua zela.

–Zer duzu? –galdetu zion Walter-ek.

Armandok txokotik aulki bat hartu eta herrestan eraman zuen gu geunden lekuraino.

–Egarriak akabatuta nago –esan zuen azkenean.

Garagardo bat ateratzeko eskatu genion zerbitzariari. Hainbestekoa zuen Armandok edateko grina ezen gainezka egin baitzuen garagardoak botilatik, lehen zurrutada edaterakoan eman zion astinaldiaren ondorioz. Isuritako aparra mahaia zeharkatzen hasi zen alderik alde. Armando putz egiten hasi zen garagardo-burbuilak nola lehertzen ziren so zegien bitartean, pentsakor. Gero, botila berriro hartu eta guztiz hustu arte ez zion bakerik eman. Korrokada ozen bat botata jakinarazi zigun hitz egiteko pronto zegoela.

–Antoniok borroka izango du gaur gauean –esan zuen, hitzak tarrapataka zerabiltzala.

Isilik geratu ginen lipar batez. Walter beste ron bat edaten hasi zen eta Pacok zigarro bat piztu zuen.

–Zuei abisatzeko eskatu dit –gaineratu zuen–. Zuek bertan egotea nahi du.

–Baina zer gertatu da? –galdetu zuen Pacok.

–“Alegre Habanan” izan da guztia, noski –Pacok igurtzialdi bat egin zion Armandori bekokian, eta gero, abaniko batekin haize pixka bat eman zion: izerdi-tanta batzuek laprast egin zuten Armandoren eskuetatik behera, zoruan emeki-emeki pausatu ziren arte–. Beste guztia erraz imajina dezakezue…

–Banekien nik Alegre Habanara hainbestetan joateak ez ziola batere onik ekarriko –esan zuen Walterrek–. Baina tira, borroka egin behar bazuten, hobe horrela egiten badute, lege onez. Gainera, guk, marinelok, ondotxo dakigu zer egiten dugun, eta Antonio ere itsasoko semea da.

–Bai, agian lehenago edo geroago gertatu beharreko zerbait zen –xuxurlatu zuen Armandok, esaten zuen hartan gehiegi sinetsi gabe.

Botilak hutsik zeuden ostera ere. Brisa zebilen eta, unetxo batzuk lehenago, Varaderoko musika-banda ber-bertatik igaroa zen, txanpon batzuen truke ohantzean zirenei adia galaraziz. Zubia marinelez gainezka zegoen, eta maiteñoari azken zirriak eginda etxera joateko presatuta zeuden gaztetxoak ere hasiak ziren malekoiak eskaintzen zituen ezkutalekuetatik ateratzen. Rio Rojoko atea ere ez zen jendez urria; tabako, ron eta kanela usaina nonahi zen gau sargoritsu hartan. Laster, terraza gizon eta emakumez bete zen; abanikodun mulatak, puntila finekiko neskatxa beltzak, azal zuri-zuriko emakume ilehoriak; han denetik zen, denetik itsas lamina haien altzora biltzeko aitzakiarik izan ezik.

–Laster bederatziak izango dira –esan zuen Walterrek–. Ospa egiten badugu, hobe.

Kalera atera ginen.

–Bueno, mutilak –esan zuen Armandok–. Eskerrik asko garagardoagatik.

–Borroka Alegre Habanaren kanpoaldeko zabaldian izango da, ezta? –galdetu zuen Pacok.

–Bai. Gauerdiko hamabietan. Antonio hementxe izango duzue zain, hamaika eta erdietan.

Urtetan sartuxea zen Armando, baina borroka-usainak oraindik borborka jartzen zion odola. Bera ere joango zen borroka ikustera, jakina. “Gero arte” esan nahirik bezala, agur-keinu bat egin zuen eta ondoko etorbide luzean barrena galdu zen. Marinela eta atzerritarra izan arren, etxetxo bat zeukan Habanako aldirietan, hiria behatzeko ezin aproposagoa izan zitekeen goi-ordeka batean kokaturik. Plazarantz jo genuen. Inor gutxi zebilen han. Turisten hotel baten ondoan gazte batzuk xextran ari ziren, garrasi betean. Haien ondotik pasatzean neska bat ikusi genuen; polita zen eta irribarretsu zegoen; itxura guztien arabera, ondo pasatzen ari zen inozoa.

–Dimitryk erraz akabatuko du –esan zuen halako batean Pacok.

–Ixo! –oldartu zitzaion Walter.

Elizaren kantoira iritsita bakoitza bere aldetik joan zen. Habanan maizter izaten nintzen ostatua ziztuan begiztatu nuen. Han jertsea eta labana hartu nituen, baina labana zapi batean bildu eta praketako atzeko poltsikoan sartu nuen. Ateratzerakoan ostalertsak deiadar egin zidan.

–Berriro kalera?

–Bai, gauza bat konpondu beharra daukat.

–Ez zaitez berandu ibili kalean –esan zidan–. Ahaztu al duzu herri honetan marinelek gauerdirako etxeratu behar dutela?

–Ez, ez dut ahaztu, ez kezkatu emakume –adierazi nion, gehienbat bakean utz nintzan–. Laster izango naiz bueltan.

Eskaileretan behera nindoala bururatu zitzaidan ez ote nion konfiantza gehiegi eman emakume hari. Azken batean, nor zen bera niri kontuak eskatzeko? Baina orduan Antonioren borroka izan behar nuen kezka bakarra. Ondoren izango nuen astia zerbait pentsatzeko emakume harekikoa onbideratze aldera.

Rio Rojoko ate parean gelditu eta barrura sartu nintzen. Garagardo bat eta ogitarteko bat eskatu nituen. Ez nintzen gose; jatekoa ez nuen bukatu. Norbaitek ukitu ninduen sorbaldan. Moises zen, lokalaren jabea.

–Egia al da borrokarena? –galdetu zidan, itzuli-mitzuli ibili gabe.

–Bai, Alegre Habanaren kanpoaldean izango da. Baina zu ixo, ez esan inori, mesedez –eskatu nion.

– Bai, lasai –esan zidan–. Baina hemen jende guztiak badaki. Sentitzen dut Antoniorengatik, baina bazirudien horrexen bila zebilela aspalditik. Eta Dimitryk ez du pazientzia handirik, badakigu hori.

–Bai, hala da –onartu nion etsipenez.

–Lokaletako jabe guztiak ez dira ni bezalakoak, eta Dimitryk estu-estu zaintzen ditu bere neska guztiak. Antonioren portaera oso xelebrea izan da, ez didazu ukatuko.

–Zergatik? –galdetu nion, erantzuna aldez aurretik jakinda.

–Ba, zenbat aste dira zuen ontzia Habanan porturatu zela? Hiru? Ba, harrezkero gauero joaten da Antonio Alegre Habanara, eta gainera, diotenez, gauero neska berberarekin oheratzen da. Linda uste dut duela izena.

–Eta? –nik galdetu.

–Ba, Dimitryk hor ikusi duela Linda hori galtzeko arriskua. Horregatik asaldatu da, eta horregatik bota dio erronka Antoniori.

“Bai, argi dago, arrazoi osoa du”, pentsatu nuen neure artean, baina horren ordez beste hau jaurtiki nion:

–Dimitry sasikume purtzil bat besterik ez da.

–Garai batean, ordea, laguna zenuen… –hasi zen esaten Moises, baina ez zuen jarraitu.

Norbaitek terrazatik deitu zion eta harantz abiatu zen. Minutu batzuk geroago hantxe zen berriro Moises, nire ondoan.

–Nahi al duzu ni ere joatea? –galdetu zidan.

–Ez, ez zaitugu behar, eskerrik asko –eten nion zorrotz.

–Bueno, baina ezertan laguntzea badut, kontatu nirekin. Gogoan izan ni ere Antonioren laguna naizela –garagardo-zurrutada bat lapurtu zidan, baimenik eskatu gabe, beti egin ohi zuen eran–. Atzo arratsean Dimitry eta bere lagunak hemen izan ziren. Antonioz gaizki esaka ari ziren denbora guztian. Dimitryk behin baino gehiagotan esan zuen Antonio larrutu behar zuela. Zorionez, zuek etortzerako joanak ziren alproja horiek.

–Dimitryk horrelakoetan oso aurpegi barregarria jartzen du. Jatekoa lapurtu dioten txinpantzea dirudi –esan nuen egoerari garraztasuna kentzearren.

Moisesek barre egin zuen.

–Atzo deabrua bera ume hankagorri bat izango zen Dimitryrekin alderatuta. Eta hain da zatarra gainera… edonori goragalea eragiteko modukoa.

Garagardoa bukaturik, osteratxo bat egitera joan nintzen malekoirantz, baina berehalaxe itzuli nintzen. Rio Rojoko atetik Antonio ikusi nuen: terrazan zegoen eserita, bakarrik. Sandalia zahar batzuk, praka higatuak eta alkandora hitsa, “Antonio bera bezain hitsa” pentsatu nuen; ez zihoan, ez, dotore, bere bizitzako azken eguna izan zitekeen hartan. Albotik ikusita, kanpoaldeko iluntasunaren kontra, haur bat ematen zuen, edo emakume bat; hazpegi fin-finak zituen, gozo askoak. Nire oin-hotsak entzunda jiratu egin zen. Orduan ere erreparatu nion aurpegiaren beste erdia alderik alde zikintzen zion orban moreari. Batzuek zioten txikitako borroka baten ondorioa zela, baina Armandok esaten zuenez, Antonio uholde-egun batean jaio zen, eta orban hori amaren ikarak eragin zuen, hainbesteko izua sortarazi baitzion ura bere etxeko ateraino hurreratzen ari zela ikusteak.

–Etorri berria naiz –esan zuen–. Eta besteak non dira?

–Bidean, seguru asko.

Antoniok begietara egin zidan so. Irribarre egin behar zuela zirudien, baina oso serio jiratu zuen burua.

–Zer gertatu da arratsaldean? –bere bertsioa jakin nahi izan nuen.

–Alegre Habanan nengoela…

–Lindarekin zeunden zu, ezta? –eten nion.

–Bai, Lindarekin nengoen, bai, eta zer? Txoko batean kontu-kontari ari ginen Linda eta biok, eta halako batean Dimitry azaldu eta Linda berea zela eta berriro ez zidala ikusten utziko esan ez dit ba! Nik barre egin diot aurpegira. Ezin nuen aintzat hartu artaburu horrek esandakoa. Sutan jarri da, eta eskerrak han zera zegoela… auzoko apaiza, don Tomas. Bestela bertan txikituko ninduten Dimitryren matoiek. Txakur amorratuak ziruditen. Don Tomasengatik izan ez balitz… Gero, ni ez naizela gizona esaten ausartu zait kabroia. Eta kriston iskanbila sortu da gu bion artean. Bitartean, jakina, apaiza bakeak egin nahian ari zen, baina alferrik. Hori izan da guztia. Gaur gauean Alegre Habanaren kanpoaldeko zabaldian garbituko dugu auzia.

Rio Rojo kasik hutsik zegoen; mulata lirain batzuk barran, soilik. Tarteka goiko geletatik zetorren ohe-hotsa baino ez zen sumatzen gau luze hartan. Pianoa isilik zegoen, hango entzuleriaren urriaz ohartuta nonbait. Pianojolea ron botila batera guztiz emana zegoen, burumakur, bazterreko mahai batean eserita. Terrazan gu bakarrik.

–Hau ekarri dizut –esan nion, poltsikoan gorderik neukan zapia eskura ematen niola.

Antoniok labana ireki eta neurtu egin zuen. Ahoa bere ahurraren neurrikoa zen, eskumuturretatik atzazaletaraino. Gero, beste labana bat atera zuen poltsikotik eta neuk eramandakoarekin alderatu zuen.

–Berdinak dira –esan zuen–. Nirearekin geratu naiz.

Garagardo bat eskatu zuen eta elkarri hitzik egin gabe edan genuen. Zigarro bat eskaini nion eta onartu egin zidan. Beste bat atera nuen neuretzat.

–Ez dakit zer ordu den –esan zuen Antoniok–. Hamaika eta erdiak jota honezkero, nik uste.

Walter eta Paco zubitik behera zetozen. Segituan ikusi gintuzten. Antoniori, diosal moduan, eskua eman zioten.

–Antonio –esan zuen Walterrek–, txikitu egingo duzu.

–Txikitu… “txikiagotu” esan nahiko duzu, Dimitry ez da-eta gizon handia. Erraz hartuko duzu hankapean –esan zion Pacok, adorea eman nahirik.

Biak lehen bezalaxe zeuden jantzita eta bazirudien ados zeudela Antonioren aurrean segurtasuna eta nolabaiteko alegrantzia erakusteko.

–Goazen hemendik –proposatu zuen Walterrek–. Laburragoa da.

–Ez –esan zuen Antoniok–. Hortik ez. Ez dut hanka bihurritu nahi.

Beldur hori ohiz bestekoa zen, beti han ibaiaren ibilguari lotzen gintzaizkiolako, zubiari eusten zion burdin-sarearen azpitik aurrera eginda. Baina egun hartan ez. Etorbidean zehar joan ginen eta postetxera iritsi aurretik eskuinerantz egin genuen. Isilik geunden. Ibaiaren ibilgura zihoan bidezidor mehar batean behera gindoazela, Pacok zerbaitekin behaztopa egin eta madarikazio bat bota zuen. Harea gozo zegoen eta oinak kotoizko itsaso batean bagenbiltza bezala hondoratzen zitzaizkigun barruraino. Walterrek geldiro begiratu zuen zerura.

–Laino asko daude –esan zuen–. Ilargiak ez du argi askorik emango gaur gauean.

–Sua piztuko dugu –esan zuen Antoniok.

–Zu burutik ondo zaude? –galdetu nuen–. Nahi al duzu polizia etortzea?

–Horrek konponbide erraza du –esan zuen Pacok sinesgarritasun handirik gabe–. Biharko utz dezakegu kontua. Ilunpean ez duzue borroka egingo, ezta? –galdetu zion Antoniori.

Erantzunik ez. Pacok ez zuen gaia berriro aipatu.

–Hortxe da Alegre Habana –esan zuen Walterrek.

Garai batean, haize-erauntsi baten ondorioz, palmondo handi bat bertan behera erori zen Alegre Habanaren atzealdeko zabaldian. Harrezkero han zen, ez baitzuen inork handik mugitu. Guztiz ihartuta egon arren, auzo horretako eta hiri osoko jendearentzat erreferentzia-puntu argia zen. Han hitzartua zuten borrokarako bilgunea.

–Han dira besteak –esan zuen Walterrek.

Enbor erraldoitik bost bat metrora gelditu ginen. Erdi ilunpe hartan ezin genien antzeman gure zain zeudenen aurpegiei; beren soslaiak besterik ez genuen ikusten. Bost itzal ziren. Ohartu nintzen Dimitry ez zegoela haien artean.

–Joan haiengana –eskatu zidan Antoniok.

Astiro-astiro jo nuen enborrerantz. Aurpegian inolako larritasunik ez agertzeko ahaleginak egiten ari nintzen. Lasai nengoela pentsarazi behar nien.

–Geldi! –esan zuen garrasika norbaitek–. Nor zara zu?

–Adrian –esan nuen ozenki–. Adrian Huertas. Itsu al zaudete?

Nire bidera gizaki itxurako zerbait atera zen: Ricardo zen, Dimitryren morroietako bat.

–Alde egiteko zorian geunden –esan zuen–. Uste genuen Antonio poliziara joana zela laguntza eske.

–Nik gizon batekin hitz egin nahi dut –esan nuen–, ez panpina honekin.

–Oso ausarta zarela uste duzu, ezta? –galdetu zidan Ricardok amorruz beterik.

–Isilduko al zarete?! –esan zuen goraki Dimitryk, ilunpeetako muga zeharkatuz.

Haiek guztiak gugana hurbildu ziren, Dimitry buru zutela. Oso txikia ez zen, ez, Dimitry hura, Walterrek kontrakoa esan arren; are gehiago, gutako edozein baino askoz ere handiagoa zen errusiar jatorriko putazain hura. Ilunpe hartan nik ezin nuen gauza handirik ikusi, baina nolabait irudikatu ahal izan nituen pikortaz josiriko aurpegi eslabo hura, azal ilegabe olibaran kolorekoa, eta aurpegiaren alde banatan zituen begi ñimiñoak, haragizko ore sendo batean txertatuta zeudenak. Masailetako konkorrek halako biribiltasun bat ematen zioten buruari. Ezpainek atzamarren besteko lodiera zuten, musker-kokots batetik dingilizka. Dimitryk ezker hankatik herrenka egiten zuen; ziotenez, gurutze itxurako orbain bat zuen hanka hartan, lo zegoela zakur batek egindako haginkadaren oroigarri. Baina hori jendearen esanak dira, inork ez baitu orbain hori sekula ikusi.

–Zergatik dago hemen Armando? –galdetu zuen Dimitryk ahots lakarrez.

–Armando? Ez dakit, nik ez dut ekarri. Non dago ba?

Hurbiltzen ari zitzaien itzal baterantz zuzendu zuen atzamarra. Agurea metro batzuk atzerago zetorren oraindik. Bere izena entzunda abiada bizkortu zuen.

–Zer duzu nire kontra? –ekin zion bortitz Armandok, begietara zuzen so egiten ziolarik–. Ez nau inork ekarri. Neure kasa etorri naiz, inoren laguntzarik gabe. Gogoak eman didalako nago hemen. Borrokarik ez egiteko aitzakia bila bazabiltza, esan argi eta garbi.

Dimitryk zalantza egin zuen erantzun aurretik. Gaiztakeriaren bat esan behar ziola bururatu zitzaidan, eta di-da eskua atzeko poltsikora eraman nuen.

–Ez ezazu muturra honetan sartu, aitona –aholkatu-edo egin zion–. Ez naiz hona etorri zurekin borroka egitera.

–Ez pentsa hain zaharra naizenik –esan zuen Armandok harrotasunez–. Zu baino handiagoak diren hamaika gizonkotek ondotxo dastatu dituzte nire ukabilak.

–Ongi da, aitona. Sinesten dizut –onartu zion Dimitryk–. Eta zuek, zer, prest zaudete? –galdetu zidan, Armandorekikoa bukatutzat emanda.

–Bai, esaiezu zure lagunei auzi honetan ez sartzeko. Sartzen badira, okerragoa izango da haientzat.

Dimitryk barre egin zuen.

–Zuk ondo dakizu, Julian, honelakoak konpontzeko ez dudala inoren laguntzarik behar izaten. Eta gaur are gutxiago. Ez kezkatu gugatik.

Dimitryren atzean zeudenetako batek barre egin zuen. Dimitryk zerbait eskaini zidan. Eskua luzatu nuen: labana-ahoa agerian zen eta nik kirtenetik hartu nuen. Ahurrean ebakidura moduko bat sentitu nuen; auhen antzemangaitz batek ihes egin zidan. Burdinak izotz puska bat zirudien.

–Pospolorik, aitona?

Armandok pospolo bat piztu zuen eta atzamarren artean eutsi zion suak atzazalak milikatu zizkion arte. Sugarraren argi indargea baliaturik zehaztasunez ikusi ahal izan nuen labana; luzera eta zabalera neurtu nizkion, eta ahoa eta pisua aztertu.

–Ongi dago –baietsi nuen.

Bat-batean Linda azaldu zen; Armando eta biok geunden lekurantz egin zuen berehala. Aurpegian ezin zuen larritasuna ezkutatu. Antonio non zen galdetu zigun. “Han nonbait”, guk erantzun, palmondo eroria zegoen lekurantz seinalatuz. Gainerako taldekideengana itzuli ginenean Paco erretzen ari zen. Zupada bakoitzaz argitu egiten zituen ingurukoen begitarteak: Antonio sorgor zegoen, ezpainak elkarren kontra gogor estuturik; Walter zerbait murtxikatzen ari zen, belar-zati bat edo; Paco izerdi-patsetan.

–Nork esan dizu etortzeko? –galdetu zuen Antoniok.

–Inork ez –esan zuen sendo eta irmo Armandok–. Nahi izan dudalako etorri naiz. Zer? Kontuak eskatu behar dizkidazu ala?

–Eta honek ere zer egiten du hemen? –galdetu zuen Lindari begira eta Armandok egindako galdera erantzun gabe utzirik.

Dimitry Lindaren presentziaz ohartu orduko Antoniorekin bat egin zuen (harrigarria!):

–Nik ere ez dut hemen ikusi nahi emakume hori. Zu segi lanera, hemen traba besterik ez duzu egiten eta. Ez al duzu uste dagoeneko nahiko arazo sortu dituzula? –Dimitryren akuilukadak gero eta bortitzagoak ziren.

–Erokeria hau gelditzera etorri naiz. Ez dut nahi inork nigatik borroka egiterik. Gizon guztiak berdinak zarete, artaburu galantak.

–Segi Alegre Habanaraaaaaaaaaaa!!! –bota zion Dimitryk bere onetik aterata.

Gero, keinu esanguratsu bat eginda mehatxu egin zion, lanera itzuli ezean lepoa moztuko ziola adieraziz. Hobe zuen handik alde egitea; Lindak berak ere argi ikusi zuen hori. Hara bildutako giza itzal haiei arbuioz begiratzen ziela desagertu zen, gau biluziarekin bat eginez.

Labanen distira besterik ez zen ikusten gau hartako izar-ilargien azpian. Baina borroka beste baterako uzteko eskatzea koldarkeriatzat hartuko zen.

–Tori –eskaini nion labana Dimitryri, azter zezan.

Pospolo baten argipean, labana-ahoa eskuztatu zuen. Miaketa eginda eta tutik ere esan gabe itzuli zigun labana. Palmondoa atzean utzirik, bere morroien arterantz jo zuen. Hala eman genituen minutu batzuk, zein beretarren abaroan; brisa bero batek ekarri zigun ondoko kotoi-soroen lurrina. Hiriaren argi zalantzakorrei nekez antzeman geniezaieke handik. Aldian behin txakurren zaunkek eta astoen arrantzek baizik ez zuten urratzen gau hartako isiltasun kasik erabatekoa.

–Gu prest gaude! –adierazi zuen beste aldeko norbaitek.

–Gu ere bai! –nik ere berretsi.

Palmondoaren beste aldetik halako marmar-hots bat iritsi zitzaigun, jendeak abian jartzean egin ohi duen zaratarekin nahasita. Gero, itzal bat enbor erraldoira inguratu zen, herrenka. Dimitry zen. Lurra oinekin aztertzen hasi zen: guztiz ziur egon nahi zuen borroka-lekuan harririk edo zulorik ez zegoela. Antonio non ote zegoen galdetu nion neure buruari. Zorionez, berehalaxe azaldu zen, Walter eta Paco ondoan zituela, botilero edo. Nire ondotik pasatzean irribarre egin zuen. Eskua luzatu nion. Urruntzen hasita zegoen, baina halako batean Armandok besotik heldu eta sorbalda gainean zuen manta eskaini zion.

–Ez zaitez harengana hurbildu –agureak astiro hitz egin zion, hitzetan apur bat dardar eginez–. Beti urrun eduki. Dantza egizu haren inguruan, indarra guztiz agortzen zaion arte. Batez ere zaindu sabela eta aurpegia. Besoa beti luze. Makurtu. Oinak sendo lurrean... Tira, segi, izan zaitez gizon.

Begiak lurrari itsatsita zituela entzun zituen Antoniok Armandoren gomendioak. Uste nuen besarkatu egin behar zuela, baina indarrezko keinu bat besterik ez zuen egin bukaeran. Manta agureari azkar kendu eskuetatik, eta besoaren inguruan bildu zuen. Gero, urrats irmoak eginez urrundu zen, burua zut. Eskuin eskuan labanak dir-dir egiten zion. Antonio Dimitryren pare-parean gelditu zen, bi metrora edo.

Instant batzuk geldi-geldirik eta isil-isilik egin zituzten; bien begirada oso adierazgarria zen, elkar nola gorrotatzen zuten argi uzten baitzuen. Arropa azpian muskuluak teink; eskuin eskua labanari atxikita; herra gailen han. Urrundik ikusita nekez imajina liteke gauaren ilunpe gozo hartan babesturiko bi gizon haiek elkarren kontra borroka egiteko zorian zeudenik. Bi palmondo gazte eta mardulen itzal biziduna ere izan zitekeela pentsa lezake norbaitek. Bateratsu, gorenetiko agindu bati kasu eginez bezala, hona eta hara hasi ziren biak mugitzen. Lehenbizi, Antoniok ekin zion: zegoen lekutik mugitu gabe, halako mugimendu kulunkari bat egiten hasi zen, astiro-astiro, belaunetatik hasita eta sorbaldetaraino. Dimitryk gauza bera egin zuen, gorputz-adarrak kulunkatuz bera ere, oinak beren tokitik mugitu gabe. Gorputza, hankak eta besoak berdin-berdin kokatuak zituzten: eskuin besoa aurrerantz, pitin bat okertuta, ukondoa kanpoalderantz zutelako; eskuin eskua zuzen-zuzenean aurkariaren erdigunerantz destaturik; eta, mantan bildurik zeukanez, ezker besoa nabarmen hanpaturik, aurpegiaren aurrean ezkutu baten antza hartuta. Hasieran, zeinek bere soinari baizik ez zion eragiten, burua, hankak eta eskuak geldi-geldirik zituela. Pixkanaka-pixkanaka biak makurtzen hasi ziren, bizkarra luzatuz eta kasik kokoriko jarriz, uretan murgiltzera doazenen antzera. Dimitry eraso egiten aurrenekoa izan zen; jauzi handi bat egin zuen aurrerantz, besoarekin halako biribil bat marraztuz airean. Labanaren ibilia bukatzeko zain egon gabe, Antoniok indartsu bira egin eta besoekin sare biribilak bilbatzen hasi zen, bata bestearen gainean, gau-giroa urratuz. Gero, mugimenduak dezente bizkortu zituen, oinak harean gero eta sakonago hondoratzen zitzaizkion arren. Bitartean, Dimitry bere lekuan biraka zebilen, bere etsaiaren mugimendu guztiei erne, hipnotizaturik bezala. Halako batean, Antonio aurre-aurrean jarri zitzaion eta, pentsatzeko astirik eman gabe, gainera oldartu zitzaion, gorputz osoa baliatuta. Segundo batean bere lekuan zen berriro, panpina jauzilari baten antzo.

–Urratu dio azala –esan zuen pozez Pacok.

–Sorbaldan, bai, baina hori ez da ezer –gaineratu Armandok.

Tutik ere esan gabe, bere lekuan irmo, Dimitryk bere dantza xelebreari lotuta jarraitzen zuen. Antonio, sartu berria zion labainkadarekin adoreturik, etsaiarengana hurbiltzen eta harengandik urruntzen hasi zen, mantari etengabe eraginez. Batzuetan aurrera eta bestetan atzera egiten zuen. Bere burua babesten zuen eta gero, supituki, babesa kentzen zuen. Gorputza eskaintzen zion eta, berandu baino lehenago, ukatzen zion. Armandoren aholkua gogoan, jolas harekin Dimitry nekatu nahi zuen, baina herrenak atzera egin zuen eta zirkulua puskatu. Urrats laburrak eginez etsaia jazartzen hasi zen marinela, burua aurrerantz eramana zuela eta aurpegia mantarekin babestuz. Oinak herrestan eta belaunekin harea ia ukituz, Dimitry amore ematekotan zegoela ematen zuen. Antoniok bi aldiz luzatu zuen besoa eta bietan ezereza besterik ez zuen topatu. “Ez zaitez hainbeste hurbildu”, xuxurlatu zuen Armandok. Bat-batean, agureari entzun izan balio bezala, Dimitry guztiz zutitu eta Antoniori bortitz oldartu zitzaion. Marinela, memento batez, gure begien irismenetik desagertu zen. Segundo batez, bi segundoz, agian hiru segundoz eutsi genion arnasari, borrokalariek hartua zuten eldarniozko irudiarekin ikaratuta. Elkarrengana bil-bil eginda zeuden, eta, halako batean, hots labur bat entzun genuen –borrokaldian entzundako aurrenekoa–, korrokada irudi zuena. Laster, itzal erraldoien albo batetik beste itzal bat ernatu zen, Armandoren itzal mehe eta lerdena; bi jauzi eginda, itzal hark berriro harresi ikustezin bat altxatu nahi izango zuen borrokalarien artean. Halako batean, Dimitry hasi zen jira-biraka. Eskuin hanka mugitzen zuen bitartean, ezkerrekoa arrastaka zerabilen. Alferrik saiatu nintzen neure begiez argi-itzalen geruza hura zulatzen. Antonioren azalari erreparatuta hiru segundo haietan zer gertatu zen jakin nahi nuen. Une hartan, borrokalariek, bi maitaleren tankera hartuta, gorputz bakar bat osatu zuten.

–Atera hortik –esan zuen Armandok poliki-poliki, baina ozen–. Urrundu zaitez sasikume horrengandik!

Ezin nuen sinetsi: Antonio Dimitryren moduan hasi zen jauzi egiten. Bazirudien gau hartako brisa fina agurearen aholku guztiak berarekin eraman eta airean desegiten ari zela. Makurtuta nahiz zutik, erne beti, amorruak xaxatuta bezala, tximisten abiadan igarotzen ziren erasotik babes-jarrerara eta gero, babes-jarreratik erasora. Edonoren irudiko, bien mugimenduak eta keinuak elkarren osagarriak izan zitezkeen: batak, mugimendu azkar bat eginez, ezker besoa luzatzen bazuen, etsaia nahastea eta haren babes-moldea arrailtzea beste asmorik ez zuela, besteak automatikoki eskuin besoa altxatuz erantzuten zuen, zegoen lekutik mugitu gabe. Nik ezin nituen haien aurpegiak ikusi, baina begiak itxita irudikatu egiten nituen, borrokaren erdi-erdian banengo bezala. Dimitry izerditan blai ikusten nuen, ahoa itxita zeukala; bere txerri-begitxoak su gorritan ziren eta azala taupadaka ari zitzaion; bere sudur zapalaren eta ahoaren hegalak harroturik irudikatzen nituen, dardarizo txundigarri batek jota. Antoniok ohiko mespretxu-mozorroa jantzita zeukan, kinka larri hartako garrak areagotua baina; ezpainak umel zituen, egonezinaren eta nekearen ondorioz. Begiak ireki nituen: Antoniok ero baten pare egin zion eraso besteari, itsuan, erraztasun guztiak emanez. Ez zen erraza jokabide hura ulertzea, eta are zailagoa izan zen begitartea babesik gabe erakutsi eta gorputz osoa agerian utzi zuenean. Herrak eta luzeago itxaron ezinak soina airean garraiatu zioten, etsaiaren kontra sekulako bortizkeriaz talka egin arte. Eztanda izugarri hark Dimitry bera ere ustekabean harrapatu zuen: unetxo batez zer egin ez zekiela geratu zen, baina berehalaxe itzuli zen bere onera. Herrena berriro makurtu zen eta, orduan, besoa gezi baten modura luze-luze eginik baina labanaren aho distiratsua gure ikusmenetik ezkutatu zuelarik, argi ikusi genuen erasoaldi hura ez zela antzua gertatu. Borrokak aurrera egin ahala gero eta ozenagoak eta ugariagoak ziren borrokalarien ahotik isurtzen ziren auhenak eta minezko orroak. Ez genekien –eta ez dugu sekula jakingo– zenbat denbora eman zuten besarkatuta giza multzo dardarti hartan, eta ez genekien, orobat, nor zen nor, nor ari zen gailentzen, ez eta noren eztarritik jalgiten ziren orro lazgarri haiek ere. Argi ikusten genuen, hala ere, labanen aho biluziak nonahi zerabiltzatela, airean, zerurantz, ilunpe gorrian, behealdean, saihetsetan... agertu eta desagertzen ziren, sartu eta atera, dar-dar egin eta gelditu: magia-ikuskizuna zirudien. Arnasari eutsita eta begi-niniak zabal-zabalik, atergabeko marmarrean; halaxe geunden gu giza piramide hura erdibitu zenean. Bizkarrean iman bana balute bezala egin zuten atzera biek, indar handiz.

–Geldiarazi egin behar ditugu –esan zuen Walterrek–. Nahikoa da.

Baina guk zirt edo zart egin aurretik Dimitryk zegoen lekutik ziztuan salto egin eta Antonioren kontra jo zuen. Antoniok ezin izan zuen saihestu oldarraldi gupidagabe hura. Lurrean zeudela, Dimitryk esan zuen garrasi eginez:

–Julian, esaiozu errenditzeko! Armando, esaiozu errenditzeko!

Erantzunik ez, gure aldetik, hain geunden asaldatuta. Halako batean, lurrean zirenen hotsak eta astinaldiak mantsotzen hasi ziren emeki-emeki. Izar isilen argi deusezaren azpian odol beroaren dirdira eta usaina sumatzen ziren.

Antonio zetzan lekura iritsi ginenerako, Dimitry bere morroiengana itzulia zen. Ezeren zain egon gabe, guztiek batera alde egin zuten handik, isil-isilik. Belarria paparraren parean pausatu nion gizajoari; zerbait beroari antzeman nion neure lepo eta besagainetan: Antonioren odola zen. Sabela eskuztatu nion gero. Alkandora hits tarratatu bat baino ez, soinaren estalgarri. Gorputz bigun, umel eta hotz hura gorpu zen. Hilotzari begiratu gabe, Armandoren manta ezarri nion aurpegi gainean; negar-malkoei eustea nahiko lan niretzat. Pacok eta Walterrek gorputza  jaso zuten, batak hanketatik eta besteak besapetik helduta. Niri gerrialdetik altxatzea egokitu zitzaidan. Armando ere batu zitzaigun. Gero, lauron artean, sorbalda gainean paratu eta, hilkutxa bat balitz bezala, alde egin genuen handik.

–Ez egin negar, aitona –esan zuen Walterrek–. Ausartetan ausartena, zure semea. Denok ikusi dugu. Benetan diotsut.

Armandok ez zuen erantzun. Nire atzetik zihoan; ezin nuen ikusi nola zeraman semearen heriotzak eragindako atsekabea. Aldian behin haren negarra aditzen nuen. Alegre Habanaren parera iritsita galdetu nuen:

–Etxera eramango dizugu, Armando?

–Bai –esan zuen agureak, hitzak ahal zuen moduan josiz–. Lindak ez liguke barkatuko zuzenean lurra emango bagenio. Gainera, poliziak oraindik ikerketak egin beharko ditu. Agerian geratuko da Lindak lotsagatik hainbat urtez ezkutatu duena eta besteoi ezkutarazi diguna: bera eta Antonio neba-arrebak zirela.

AMAIERA

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago