Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
zubeldia_ivap.gif
pdf

  

GALDUTAKO OBJEKTUA

Eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera astintzen du zoru-garbigailua garbitzaileak. Hall-ean lixiba usaina hedatzen den bitartean, bere isla ikusten du lurrean, baldosa laukidunek zatikatuta. Oraindik bustia dagoen lurra zapaltzen duten zapata dizdiratsuei jaramonik egin gabe, zarpaildutako bere irudiaren isladari hitz egiten dio garbitzaileak “Hi ez haiz nik amesten niana”.

Garbitzaileak filmeetan agertzen diren pertsonak bezala, zetazko jantzi eleganteak eraman nahi zituen soinean, eta takoi zorrotzekin bere pausaje sentsualaren erritmoa markatu. Eskuineko eskuarekin autoa itxi nahi zuen urruneko agintailuz, eta ezkerrekoarekin larruzko maleta beltza eutsi, egunero-egunero ofizinara sartzen diren funtzionarioak bezala. Garbitzaileak, lanera joan aurretik, bere senarra, seme-alaba eta txakurrari gosaltzen eman nahi zien. Goizero bakarrik gosaltzen du ordea, zorua garbitzen hasi aurretik ofizinako kafe makinara egiten duen osteratxoan. Nazkatuta dago egunero bere irudi gero eta zarpailduagoa lurrean islaturik ikusteaz. Lixiba baldean itoko luke bere burua eguneroko errutina ez desiratuak lehenago itotzen ez badu behintzat. Oso tarteka izaten da aldaketaren bat garbitzailearen eguneroko normaltasunean. Azken ezustekoa zoru-garbitzailearen ibilbide zigizagatsua oztopatu zuten bi zapata beltzek eragin zuten. Emakume zarpailduak zorutik burua altxa zuenean ezagun egiten zitzaion aurpegi irribarretsu batekin egin zuen topo. Gizona, bere burua aurkeztu gabe zuzendu zitzaion garbitzaileari. Lanean diharduen orduetan, ofizina garbitzeaz gain, objektu galduen txokoaz arduratzea eskatu zion. “Ardura” hitzak xirri goxo bat eragin zuen garbitzailearen belarrian. Esker oneko doinua duen “bai, noski” batekin erantzun zion eta zapata beltzak joan egin ziren segidan.  

Lehendik ezagutzen zuen garbitzaileak objektu galduak gordetzen diren txokoa. Harrerako mostradore luzearen izkin batean geratzen den apalategian uzten dira han eta hemen aurkitutako gauzak. Inoiz ez zion txoko hari arreta berezirik jarri ordea. Denetik dago apalategian: erdoilak jotako giltzak, hutsik dauden diru-zorroak, betaurrekoak, sakelekoak, poltsiikoko liburuak eta aterkiak, batez ere aterkiak, mota eta kolore guztietakoak. Objektuak banan-bana hartu eta hautsa kentzen die garbitzaileak. Galdutako gauza guzti horiek zaintzeko premia nabaritzen du. Txukun egon behar dute norbait euren bila etortzen denerako. Zapata beltzak zeramatzan aurpegi ezaguneko gizonak “ardura” hori eman zionetik, garbitzailea eraikinean galduta dagoen objektu ororen erreskatatzaile bilakatu da.  Komunetan, mostradoreetan, leihatiletan pasabideetan, bilera geletan, barruan eta kanpoan aurkitzen duen oro jasotzen du, baita hamarnaka topatzen dituen bic markako boligrafoak ere. Garbiketa lanak amaitzen dituenean eramaten ditu denak objektu galduen txokora. Apaletan txukun-txukun jarri eta haien ondoan eserita denbora luzez egoten da hauei begira. Humezurtzak balira bezala animatzen ditu objektuak. “Etorriko dira zuen bila”.

Egunak igaro ahala, objektu galduak pilatzen doaz apalategietan. Garbitzailea luze egoten da mostradorearen izkinean, Hall-eko erloju handiari begira, ate automatikoetatik sartzen den baten-bat apalategiko sakeleko, diru-zorro, liburu edo aterkiaz galdezka noiz etorriko zain. Ofizinako begirada guztiak gainean ditu garbitzaileak. Erotzak hartzen dute. Berak ere galdutako objektu bat dirudi.

Bere ahaleginean egunak, asteak eta hilabeteak igaro ondoren, emakume dotore bat hurbildu da garbitzailea egoten den mostradore parera. Emakumeak egunonak eman bezain agudo galdetu dio garbitzaileak begi dirdiratiekin:

- Zeren bila zatoz?
- Ernestaren bila nator, zu zara?

Garbitzaileak, une batez pentsatu behar izan du emakumeari baiezkoa erantzun aurretik.

- Nirekin eraman behar zaitut.

Ate nagusitik bi gizon sartu dira orduan. Mostradorearen beste aldera sartu eta Ernesta hartu dute, aterki bat besotik zintzilik eramaten den bezala. Ofizinako zapata beltz guztien puntak atari aurrean aparkaturik dagoen ambulantziaruntz jarri dira.

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago