Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
lilit_santiago.gif  
 
LILIT 
Gauak harrapatu gaitin gaur ere, egunero legez. Haizeak leiho bat zabaldu din, eta hotzikara batek adierazi zidan hire erresuman sartu garela, hi haizela erregin, harik eta eguzkiaren lehen izpiek gure ama lurra argitu arte. Urduri negon, eta ez zekinat zergatik, izan ere orain dela hilabetera arte, ez baininan hire berririk, Lilit. Baina egia esan, hire izena entzun ninan unetik, aldatu egin naizela aitortu behar dinat. Zer dela eta? Nire barruak hainbestetan adierazitako justicia sena higan haragitua ikusi hainbestetan.

Tximista azaldu bezain laster jo din trumoiak. Euria ari din, zaparrada, eta hontza ere entzuterik izan dinat horrenbesteko zalapartaren artean. Zer ari haiz ospatzen? Hainbeste urtetako bazterketa bukatu ote dun? Bibliak oso bazter txikia gorde zionan izadiaren lehen emakumeari. Urruti kokatzen hau, basamortuan, gaizkile artean, deabrua bera izango bahintz bezala. Beste hainbat gauzatan legez, engainatu gaitizten, Lilit, eta Ebari utzi zioten lehen emakumearen papera. Adan eta Eba, inoiz ez Eba eta Adan. Adanen saihetsak, ondorengo Eba guztiak menperatu izan balitu bezala.
 
Ausarta izan hintzen, Lilit. Adanen buztin beretik sortua paradisura, Jainkoaren irudiko Adanen modura, eskubide berdinez jantzia gaur esango genukeenez. Eta Adani oldartu hintzaion, eta bide batez Jainkoari ere, hire berdintasun hori aldarrikatuz. Ez huen ulertzen Adanek gainetik egoteko zeukan behar hori, zergatik agindu behar zinan berak, eta ez hik. «Ez al gaituzu zure irudiko egin, Jainkoa, gizon eta emakume?» esaten hion behin eta berriz Jainkoari. Baina Jainkoak ez zinan erantzun, edo hobe esan, erantzun zinan bai, Paradisutik bidaliz. Hortik aurrera, belaunaldi asko izan ditun hitaz ezer jakin ez eta Eba eredu izan dutenak. «Adani jarraitu behar hatzaio, bere esanetara bizi, bere saihetsetik sortua haiz eta».

Urteetan zehar, hitaz beldur izaten irakatsi zieten hire berri zeukatenei. Ekaitzetako deabrua izan haiz batzurentzat, umeak lapurtzen zituen gaizkilea besterentzat, gaua, ilargi beltza. Hire ausardia gaitzetsi nahi zinaten ordea, hire indarra, hire egia. Gehienontzat ezkutuan izan haiz, eta hi gabe joan gaitun mundua eraikitzen. Eta bazirudin, hegoaldetik datorren haize epela balitz legez, orain hasi garela nabaritzen hire eragina, Lilit.

Zer esango zuketen senarraren makilkadak gauero jasotzen dituzten emakumeek hire eredua erakutsi izan baliete? Inork ulertzen ez duen on nagusi baten izenean egoera horretan irauteko eskatzen dieten horiek hiri egin zinatena egiten ari zaizkie emakume gaixo horiei. Hire berri izan balute, agian hire arnasaz aurre egingo zioketen egoera horri. Adanek agintzen din oraindik.

Ebaren gainetik, baina laster agerian izango haizela sumatzen dinat.

Egia aitortuko dinat. Beti pentsatu izan dinat mitoetan gordetzen zela munduan aurkitzen ez dugun justizia. Ebarenak, aldiz, beti utzi nain urduri. Ez ninan ulertzen Adanen saihetsetik sortzea. Hi, ordea, hor hengoen, Lilit. Hunkituta naukan nire gelan bakarrik, leihotik begira, euri tantak eta haizea aurpegian dantzan, zeru beltzari so, gauean harrapaturik, higan murgildurik. Badakin mundua bestelakoa litzatekeela hi aintzat hartu izan bahindute?

Mendebaldean eragin handia izan din kristautasunak, eta ondorioz Bibliak. Bertan dagokinan lekua eman balinate, ziur naun emakumearen egoera ez litzatekeela gaur egun daukaguna. Oro har, gure mundua ez zunan den modukoa izango.

Gaua egunaren parean egongo zunan, bien edertasuna ezberdina izan arren, gauza beraren bi aurpegiak direnez gero.

Berdin emakumea eta gizonezkoa. Buztin beraz eginak biak. Eskubideetan berdinak.

Gauak beti sortu zidan horrelako zirrara berezi bat. Ilargiari miresmena zionat, eta hi haiz ilargi beltza, Lilit. Borrokan den emakume ororengan hago, orain ikus hazaket hauen begietara zuzen begiratuz gero, maizegi malko asko ezagutu duten begi lausotuetara.

Leihoa itxi dinat eta ohean sartu naun. Lotsa sentitzen dinat, ez haudalako lehenago aurkitu, ez dudalako susmatu ere egin hi izan bahintzenik. Badakin, harroak izaten gaitun gu, eta maiz gainetik begiratzeak plazer berezi bat sortzen zigun. Ez dinagu sinetsi nahi izaten hi haizela guztiok parekatzen gaituen uholdea, inork ezin geldi dezakeen indar beti erekoa.

Haizea entzuten dinat oraindik kanpoan. Hor habil, sumatu egiten haut, baina ez hatzait begi bistara agertzen. Eder imajinatzen haut, ile adats luzez, eta sendo, urteetako historia oinazez bizi izan duenaren sufrimendu aurpegiz, baina itxaropen begirada islatuz. Hire ausardia ordaindu egin behar izan huen, baina heurea hunan arrazoia.

Ilargia laino artean ezkutatu dun. Ez zihardun dagoeneko euririk, haizea baretu dun, eta bahoa, patxadatsu, samur, hire garaipena hurbil izango den esperantzaz. Ez dun mendekurik nahi, bestelakoa dun gauzak lortzeko hire bidea. Hi izango haiz gaur nire ametsetan, Lilit, eta zin daginat ez naizela hire gainetik jarriko, Adanen iturritik edandakoa baldin banaiz ere. Horretarako gure ondoan behar haugu, gau eta egun, Lilit, hire tximista, trumoi eta uholdeek bizi dugun lozorro honetatik behingoz iratzar gaitzaten.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago