Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

vietnam1.gif
 <<Anaien arteko guda>>
 
ORDUKO VIETNAMEKO GUDA: GAURKOA  
Azkenak, amerikarrak. Lehenago, frantsesak, ingelesak, japoniarrak... Aspaldian, mongolak, txamak, jemerrak, txinatarrak... Guztiekin borrokatu. Guztiak gailendu.

58.183 amerikar soldadu hil edota desagertu ziren borroketan, 223.748 hego vietnamdar, Vietcong eta Ipar Vietnameko hildakoak milioi bat baino gehiago. Eta lau bat milioi zibil (populazioaren %l0) zauritu edota hilik suertatu, gehienak iparraldekoak, amerikarrek eragindako bonbardaketak zirela eta.

Alde desmilitarizatua. 1954. eta 1975. urteen artean Ben Hai ibaiak Vietnameko Errepublika (hegoaldekoa) eta Vietnameko Errepublika Demokratikoa (iparraldekoa) banatzeko balio izan zuen. Ibai bazter banatan zabaldu- tako eremuari alde desmilitarizatua esaten zitzaion. Izen hori hartu bazuen ere, munduko alderik militarizatuena izan zen gerran. Quang Tri, The Rock-pile, Khe Sanh, Lang Vay eta Hamburger Hill orduko telebistako programetan amerikar etxe askoren hotzikara eragin zuten izen batzuk baino ez dira.

1954. urtean, Ho Chi Minhen Gobernuak armistizio bat sinatu zuen Ginebran Frantziako Gobernuarekin; adostutako puntuetan Ben Hai ibaiaren inguruan alde desmilitarizatua egitea zen. Akordioak argi eta garbi esaten zuen egindako banaketa aldi baterakoa izango zela, baina hitzak ibaiak eraman zituen, eta 1956an egin behar izan zituzten hauteskundeak bertan behera gelditu ziren eta Vietnam bi estatutan eta bi ideologiatan gelditu zen banaturik: iparraldekoa komunista eta hegoaldekoa katolikoa eta antikomunista zen Nago Dinh Diem presidentearen agindupean.

Anaien arteko guda. Hegoaldeko askapen-mugimenduaren aldeko kanpaina 1959. urtean hasi zuten iparraldekoek. Ho Chi Minh ibilbidea -frantsesen aurkako gudan oihanean barna jangaiak eta armak iparraldetik hegoaldera egindako bidea handitu egin zuten eta Hanoiko gobernuak NAF (Nazio Askapen Frontea) osatu zuen, gerotxoago, Vietcong (Vietnameko komunistak) izenarekin ezagutuko zena. Soldadu amerikarrek “Charlie” esaten zieten Vietcongekoei.

1964. urtean ipar vietnamdarrek tropak infiltratu zituzten Hego Vietnamen. Eta 1965eko hasieran, Saigoneko gobernuaren egoera kaotikoa zen: hilero bi mila soldaduk desertatu, eta astero hiriburu bat galtzen zuten. Ejertzitokoak Hue eta Danang-etik alde egiteko prest zeuden, eta Hego Vietnameko erdialdea jaustear zegoen. Gutxi falta zen amerikarrek egoera “zuzentzeko”.

Orduko guda aitzakia. Amerikar gobernuak 1960ko hasieran bidali zituen lehenengo destakamenduak Vietnameko hegoaldera. Lydon Johnsonek honako hitzak esan zituen handik urte gutxira burutuko zuten triskantza zuritzeko: “Horrelako herrialde bat noraezean joaten baldin bada bere askatasunari eutsi ezin diolako, zer gertatuko da ondoko herrialde txikiekin ?”  Orduko amerikarren helburua (Iraken bezala) demokrazia zabaltzea, eta askatasunaren alde egitea izan zen. Baina benetako arrazoia komunismoari hortzak erakustea izan zen.
 
 LUR AZPIKO TUNELAK. Alde desmilitarizatutik oso gertu Vinh Moc dago. Bertako biztanleak ikusi zutenean euren etxetxoek ezer gutxi lagun ziezaieketela bonben aurrean, lurra zulatzen hasi ziren. Familia askok tuneletan bizi, eta amestu zuten; hamazazpi ume jaio ziren lur azpiko erditze-geletan. Guk bertan jaiotako bat ezagutzeko aukera izan genuen: Ti zuen izena. Berak lagundu zigun eskuargia eskuan, lur azpiko zoko-mokoak arakatzen. Vinh Moceko tunelek hiru maila zituzten: sakonena hogeita hamahiru metrora zegoen; azalekoena hamabira. Hiruren bat pertsona bizi omen ziren, eta labirintoetan sukaldeak, sendatzeko gela, logelak... zituzten. Emandako eskupekoa eskertzeko Tik ezin izan zuen hitzez adierazi: orduko bonbek gormutu utzi zuten. Dena den, bere irribarrea nahikoa izan zen orduko jaio berriaren mainak irudikatzeko. Tunelek behin baino gehiagotan pairatu behar izan zuten bonben metraila; halarik ere, “zulatze izeneko bonbak” omen ziren kalte egiteko ahalmena zuten bakarrak.

Ho Chi Minhetik (lehengo Saigon hiriburutik) hurbil, aldiz, Cu Chiko tunelak daude. Hauek lehenagokoak dira. Hauek Vietminh-ekoek egin zituzten (1940-etik 1965.era arte) frantsesen aurka borrokatzeko. Tet izeneko ofentsiban Cu Chiko tunelek garrantzi handia izan zuten Saigonen kontra egiteko. Amerikarrek era guztietako trikimailuak erabili zituzten tunelak topatzeko: batzuetan, artzain-txakurrak ezkutuko atakak eta gerrillariak aurkitzeko. Vietcongekoak, horretaz jabeturik, amerikarren arropa janzten, eta euren xaboiaz garbitzen hasi ziren txakurrak nahasteko. Besteetan, lur azpiko pasabideetan sartzen ahalegintzen ziren amerikarrak. Horrelako soldaduek “tuneletako arratoia” zuten izena. Borrokaldi hauetan amerikarrek hildako asko izan zuten. Bertan bizi izaten ziren 16.000 pertsonetatik 6.000k bakarrik lortu zuten bizirik irtetea. r
 
1964ko abuztuan Tonkin-eko golkoaren gorabeherak erabakigarriak izan ziren Vietnameneko gudari hasiera emateko. Maddox eta Turner izeneko gerrauntziek salatu egin zuten Vietnameko iparraldeko kostan nabigatzen zeudela izandako erasoa. Harrez geroztik, Johnson lehendakariak aginduta, amerikarrak etengabe aritu ziren Ipar Vietnameko populazioaren aurka. Operazio batean bi hegazkin galdu zituzten, eta hauetako baten pilotua (Everet Alvarez) guda honen lehenengo atxilotua izan zen. Handik egun gutxitara, Amerikako kongresuak laguntza osoa eman zion Johnson presidenteari edozein neurri hartzeko, eta 1973. urtera arte erabaki horretaz baliatu ziren orduko presidenteak nahi izan zutena egiteko. 1966an Washingtoneko mandatarien hiztegiak honako hitzak baino ez zituen ezagutzen: “baketzea” “arakatu eta txikitu” eta “tiro egiteko aukera”.
vietnam2.gif
«1966an Washingtoneko mandatarien hiztegiak honako hitzak baino ez zituen ezagutzen: “baketzea”, “arakatu eta txikitu” eta “tiro egiteko aukera”»

Vietnameko gudan egindakoa legitimatzeko amerikarrek Australia, Zelanda Berria, Hego Korea, Filipinak eta Tailandiako gobernuen onespena izan zuten. “Mundu libreko indar militarrak” izendatu zituzten amerikarrek orduko aliatuak. Australiak bidali zuen soldadu kopururik handiena: 46.852. Hauetatik, 496 hil egin ziren.

Zirt edo zart egiteko ordua. 1968ko urtarrilaren 21an , iparraldeko tropek alde desmilitarizatuan eta Laoseko mugatik hurbil zegoen Khe Sanh izeneko base-militarra eraso egin zuten. Borrokaldi hau oso garrantzitsua izan zen Vietnameko gudan: handik hamar egunetara Tet izeneko ofentsiba bultzatzeko, eta amerikarrek arreta galtzeko, ondo pentsaturiko trikimailua izan zen. Urtarrilaren 31ko gauean, herria Ilargiaren Urteberria ospatzen zegoela, Vietcongekoek ehun hiri baino gehiagotan Tet ofentsiba gauzatu zuten; EEBBek Saigonen zuten enbaxada ere euren kontrolpean gelditu zen; hori dena telebistako kamaren aurrean.

Khe Sanhen ustekabean harrapatutako hego-vietnamdarrek eta amerikarrek -dirudienez, zerbitzu sekretu amerikarrek oker handia egin zuten- emandako erantzunak kalte handia eragin zien Vietcongekoei eta populazio zibilari. Vietcongekoek borroka galdu bazuten ere, Tet izeneko ofentsiba arrakastatsua izan zen eurentzat: handik aurrera gudaren kaltea janezina izan zen amerikarrentzat.

Ofentsiba horretan mila bat amerikar eta bi mila hego vietnamdar hil ziren. Vietcongeko hildakoak, hamar bat aldiz gehiago izan ziren: 32.000 guztira. Aste bete lehenago Khe Sanheko gatazkan, bostehun amerikar eta hamar mila ipar vietnamdar zendu ziren.

Nixonen eskola. Richard Nixon hauteskundeak irabazteko Vietnameko gerraz baliatu zen. 1969ko uztailean, Nixonek bultzatutako “ezkutuko plana” zabaldu zuten: Asiako nazioei “autosufizienteak” izateko eskatzen zieten defentsa kontutan. Kontuak kontu, gezurrak gezur, praktikan guztiz kontrakoa egin zuten: 1969ko apirilean, ordura arteko soldadu amerikar kopurua gainditzea lortu zuten (543.4000). Urte berean, isilpean, Kanbodiako eskualde asko bonbardatu
zituzten, eta hurrengo urtean infanteria unitateak sartu. Ipar Vietnamekoek, jemer gorriek lagunduta, Kanbodiako lurretan aurrera egitea lortu zuten, eta 1970-ean herriaren erdia kontrolpean zuten.
vietnam3.gif
 «Soldadua, nire soldadua, egia esango dizut: ejertzitoa kaka zaharra da»

Bitartean, Vietnameko gudaren aurkako mugimenduek indarra hartu zuten mundu osoan. Kent-eko (Ohio) unibertsitatean egindako manifestazio baketsu batean lau manifestari hil zituzten poliziek.

Barrakoietan, kuarteletan eta espetxeetan sortutako taldeak eta leloak zabaltzen joan ziren: “Soldadua, nire soldadua, egia esango dizut: ejertzitoa kaka zaharra da!”. Gudak sortutako zauriak sukar handia eragin zuen EEBBko gizartean.

1972ko udaberrian, ipar vietnamdarrek erasora jo zuten paralelo 17tik; horren aurrean amerikarrek bonbardaketak areagotu, eta minak ipini zituzten kaietan. Haiphong eta Hanoiko “gabonetako bonbardaketak” Ipar Vietnamekoek amore emateko pentsatuta baldin bazeuden ere, 1973ko urtarrilaren 27an Parisen sinatutako bake akordioan EEBBek, Ipar Vietnamekoek, Hego Vietnamekoek eta Vietcongekoek su-etena sinatu zuten. Horrek amerikar tropen aldentzea eta 590 amerikar presoen askatzea ekarri zituen.
 
AGENTE LARANJA. Vietnameko gudan amerikarrek munduko substantziarik hilgarriena (dioxina) erabili zuten. Hogeita hamahiru urte igaro ostean egindako kaltea jaioberri askoren deformazioetan eta naturan nabaria bada ere, EEBBko gobernuak, oraindik, ez du aintzakotzat hartu egindakoa; ez dira jabe tu, antza, 66.000.000 litro produktu-kimikoa zabaldu zutenik.

Hauexek dira bertako batzuen testigantzak: “Kolore asko izan genituen aukeran: laranja zabalduena izan zen, baina urdina eta zuria ere izan genituen”; “Hasiera batean laino edota lanbroa zelako ustea nuen, baina ikusi nituenean eguzkiaren printzak, momentuan jabetu nintzen ezin zitekeela lainorik izan; gerotxoago esan zidaten toxikoa zela”; “Euren taktika begi-bistakoa zen: toxikoak erabiltzen zituzten zuhaitzak botatzeko, gero eremu zabalak erretzeko napalma edota “alfonbra” izeneko bonbak erabili zituzten”; “Zabaldutako pozoiari aurre egiteko esku-oihalak erabiltzen genituen uretan bustita; urik ez genuenean txiza erabiltzen genuen”.

1.000.000 bat pertsona inguru hil zituen agente laranjak. Hauetako 15.000, umeak ziren.

Orduko bonbek bezala, gaurkoek eta biharkoek ere airean eskegitako eten-puntuak dirudite, norbaitek puntu eta jarrai idatz dezan zain. 
  
vietnam4.gif
«Orduko bonbek bezala, gaurkoek eta biharkoek ere airean eskegitako eten-puntuak dirudite, norbaitek puntu eta jarrai idatz dezan zain
Gudaren azken astinduak. CIAko agente eta teknikari batzuk kenduta, amerikar arrastorik ez zegoen Vietnamen. Halarik ere, gudak, artean, bere garroak zabalik zituen bertakoen arteko odola zurrupatzeko. 1975eko urtarrilean Ipar Vietnamekoak gogor saiatu ziren: artilleria astuna eta tankeak erabili zituzten ordura arte amerikarrekin bat egindako hego vietnamdarren aurka. Hegoaldeko destakamendu askok hanka egin zuten hegoalderantz, milaka eta milaka zibilek lagunduta. Hué, Danang, Quy Nhnom, Nha Trang tirorik egin gabe izan ziren menperatuak.

1967az geroztik boterean egondako Nguyen Van Thieu-k 1975eko apirilaren 21.an bertan behera utzi bere kargua, eta alde egin zuen milioika dolar patrikan. Vietnam iparraldeko tropek aurrera egin zuten Saigonera heldu arte, eta
vietnam5.gif
1975eko apirilaren 30ean tankeek Saigoneko Independentzia jauregiaren ateak (gaur egun, Batasunaren jauregia) bota zituzten. Duong Yan Minh jenerala, berrogeita bi ordutan lehendakaria, errenditu egin zen eta guda bukatutzat eman zuten. Amore eman baino lehenagoko orduetan/ EEBBetako enbaxadako teilatutik azken amerikarrek ospa egin zuten helikopteroz itsas kostatik hurbil itxaroten zeuden itsasontzietara. Horrelaxe bukatu zen militar amerikarren esku hartzea hamarkada bat igaro ostean.
  
Garaipen egunean komunistek Saigon izena baztertu, eta Ho Chi Minh bataiatu zuten orduko hiriburua.
  
HERENSUGEAREN MALENKONIA
vietnam6.gif
«Gauean, afaltzen geundela, neskatxo polit bat etorri zaigu, eta postaletako Vietnamen ederra erakutsi digu, baina bere bizimodua ez da horren polita»
Kostata, baina azkenean Ho Chi Minh-era (Saigon) heldu gara, Vietnameko Alderdi Komunistaren sortzailearen hirira. Erdigunera doan autobusa hartu aurretik aireportuan bertan egin dugu diru-aldaketarena eta euro baten truke hamazortzi mila eta bostehun dong eman dizkigute. Girotze aldera-edo, autobus gidariarekin bertakoen hizkuntzan lehenengo hitza erabili dugu: Xin chaó, kaixo! Zazpi bat kilometro daude erdigunera eta bi mila dong ordaindu ditugu pertsonako. Egindako tartean begiak ezker-eskuinera aritu dira ikusitakoa xurrupatu nahian, eta denetariko mosaikoa ikusi dugu: emakumezko nagusiek erabiltzen duten kono-formako kapela (non bai tho-a), Honda Futurean tente doan neskatxo pinpirina takoi handiak jantzita, eguzkiaren beroak estutzen duen gorbatadun enpresarioa sakelako telefonoari atxikiturik edota kalearen bazterrean eskua luzatutako elbarritua. Trafikoa eta zarata itzela da eta motorrak ezkailuen antzera kaleen zirrikituetan ezkutatzen dira. Hamasei barrutitan dago banatuta Ho Chi Minh. Gure liburuaren arabera gunerik interesgarrienak lehenengo barrutian daude eta guk liburuak zer esan, hori egingo dugu. Gu Pham Ngu Lao aldean gelditu gara. Alei du izena aukeratutako min-hotelak eta zortzi dolar ordainduko dugu eguneko. Oso leku atsegina iruditu zaigu eta logela txukuna. Tramankuluak bertan laga eta ziztu bizian abiatu gara kalera hiriaren mapa eskuan. Gosetuta gaude eta Lemon Grass jatetxea aukeratu dugu bazkaltzeko. Zerbitzariaren irribarreak arrain-ontzi baten ondoko mahaira eraman gaitu. Vietnamitaz idatzitako menuaren eleek eltxoak akabatzean hartzen duten itxura bertsukoa dute gure irudiko. Eskerrak kartaren txoko batean gure moduan lotsatutako ingelerazko hitzei. Halarik ere, alferrikako ahaleginak egin ditugu menua behin eta berriro irakurtzen. Azkenean, begi neurriz aukeratu dugu. Begi bistan ez dugu ez sardexkarik, ez koilararik. Bertakoek ez dute gure tresneriaren beharrik. Bertakoek zotzak erabiltzen dituzte. Baina horretan ez da bukatu gurea. Lapiko handi batean berotutako ura ekarri digute eta azpil batean olagarroa gordinik. Zerbitzaria gure estualdiaz jabetu da eta olagarroa ur berotan sartu du egosteko-edo. Gero, gure baserrietako untxiek jango zituzten belarretan bildu olagarroa eta amak umeari ahora eman ohi dion antzera jardun du gurekin. Bostehun bat errezeta baino gehiago ei dago Vietnamen; hala ere, guk oraingoan ez dugu asmatu. Eskupekoa utzi tam biet, agur! esan eta ospa egin dugu.

Juan Luis Mugertza 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago