Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
IZEN ALA IZAN? 
   

Izana omentzeko, izena eman”. Izenburu hori topatu dut Interneten, eta horrela jarraitzen du berriak: “Darwinen jaiotegunaren urteurrenean, haren izena eman diote kakalardo bati”. Darwinen omenez izendatu omen dute horrela kakalardo mota bat. Nik oraindik ez daukat argi zein omendu duten: Darwin, kakalardoa haren izenez bataiatu dutelako, ala kakalardoa, Darwin izena jarriz.

Antzeko zerbait ez al zen gertatuko garai batean, jaioberrientzako izena aukeratzean? Alegia, umearentzat izena erabakitzen zuenak, ez ote zuen bere burua omendu nahi, haren izen bera jarriz umeari? Hasiera batean gurasoek euren izenak jartzen zizkieten seme-alabei; gerora, baita aita-amapontekoen garaian ere: haiek ere, euren izena besoetako umeei, hauek euren antzekoak izan zitezen. Geroko kontuak dira umeei eguneko santu-izena, edo izen polita, edo euskalduna, edo baita asmatutako izenak jartzeko ohitura ere.

Niri argi eta garbi esan zidaten aspaldi, zergatik bataiatu ninduten “José” izenez. Gure amaren aldetik aitajaunak José Matías zuen izena. Ni baino lehen jaio zen haren biloba bati Matías deitu behar zitzaiola erabaki zuen eta baita bete ere aitajaunak bere nahia, gure lehengusuarengan. Ni jaiotzean, berriz ere aitajaun horri tokatzen zitzaion nire izena aukeratzea, eta, aurrekoari izenaren erdia emana zionez, beste erdia eman zidan niri: José.

Nonbait, gure gurasoek erabaki zuten halako batean, José baino egokiagoa zitzaidala “Josetxo” izena eta hala izan nintzen inguruko guztientzat, nik zer esana eman nuen artean. Orduan, ni izan bainintzen “txo” txikigarria baino zerbait gehiago merezi nuela uste izan zuena eta mundu guztiak “Joxe” deitu beharko ninduela erabaki eta hori lortu arteko onik izan ez nuena.

Familian eta lagunartean lortu nuen “estatus” berri hori, baina jaiotetxeko auzokoentzat -jaiotzen ezagutu nindutenentzat- beti Josetxo izan naiz eta naiz oraindik ere. Eta, aldiz, ez Josetxo eta ez Joxe, hasi erregistro zibiletik eta nik zer dakit zenbat paperetan bizitzan zehar, José izaten segitzen nuen. Halako batean bururatu zitzaidan, ezta Euskaltzaindia bera ere ez zela nor nire izanari izena erabakitzeko eta, erregistro zibilean José-ren ordez Joxe jarri nuen eta Joxe naiz orain nire inguruko ia denentzat eta, ordea, baita agiri “ofizial” eta bestelako hamaika eratakoetan ere.

Eta? Baldintzatu al dute nire izana, denboran zeharreko izen aldaketa horiek? Hasieran aitajaunak orduko ohiturari jarraituz erabakitako José santu-izenak baldintzatu al zidan izana? Eta, umeari Josetxo deitzeak “maitagarriagoa” egin ote ninduen? Eta, gerora nik Joxe izan nahi nuela erabakitzeak, aldatu al zidan izana? Eta, azken batean, gaztelaniazko (espainola?) José izena baztertu eta betirako euskarazko (ezta euskarazkoa ere, Euskaltzaindiaren arabera) Joxe bihurtzeak izan al du eraginik nire izanean? Ala, alderantziz da?: ez ote dugu garaian garaiko izanaren arabera egokitzen izena?

Hala balitz, ez legoke gaizki, orain, izan baten (!) jabe garenean izendatzea, dagokigun izenez! Aitajaun José Matías bizi balitz, ze izen jarriko lidake orain, gertutik ezagutuko banindu? Ze izen jarriko nioke nik neure buruari? Ba, sekula ez naiz horretan pentsatzen jarri, baina beharbada oraindik garaiz nabil, nire izanari ondo legokiokeen izenez birbataiatzeko! Ala, geure izana, izena bera baino ere gehiago aldatzen zaigu bizitzan zehar? Izendatu al daiteke pertsonaren izana? Izan(dako)aren izena bai! Baina zer geratzen da izen hori daramanaren izanaz?!

Joxe Begiristain

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago