EZ NAIZ
Ez naiz kirolari aparta izan inoiz. Txikitan, gure auzoko erreka bazterrean futbolean aritzen ziren egunero nire lagun guztiak. Ni ez. Ni lurrean eserita; nire baitan. Noizean behin tokatzen zitzaidan futboleko hori ere, gutxiegi zeudenean edo. Atezain jokatu behar zutenek aukeratzen zituzten txandaka, banan-banan, ustez taldeko jokalari hobena izango zutenetik hasi eta txarrenera. Ni ez ninduten aukeratzen, ez batak eta ez besteak: azkena geratzen nintzenez, txandaz zegokion taldeak nozitzen zuen nire presentzia haien artean, traban. Ni ez nintzen baloiaren atzetik ibiltzen: baloia niregana inguratuko zen beldurrez, haren eskapo baizik.
Ez naiz ni nesken gustukoa izan. Txiki-txikitatik horren jakitun, hor ere eskapo, besteak nesken atzetik ibiltzen zirenean. Eta, txoratuta ninduen neskaren begiradak nirearekin topo egiten zuenean, lotsaz hiltzeko zorian antzematen nuen neure burua, masailetako beroak, horien kolore gorriaz jakinarazten zidanean, inoren aurrean ezkutatu ezinean.
Ez naiz ni, zer ikasi nahi nuen erabaki zuena. 14 urterekin Lanbide Heziketara bideratu ninduen gurasoen nahiak, lehenbailehen lana (dirua) izan nezan opa zidatelako. Ez nuen nik artean, batxilerra aukeratu eta bestelako ikasketak egiteko erabakia defendatzeko adinako kontzientziarik.
Ez nintzen ni, 14 urte nituenetik 16ra bitartean nire soinean bizi izan zen mutiko hura. Gainontzeko guztien soka berean arrastaka noranahi erabili zuten oiloa baizik.
Harrezkero, ordea, ez naiz ni inoren esanetara erraz makurtzekoa. Ez naiz ni, garaian garaiko komenientziaz iritzi politikoa batetik bestera saltoka erabili duena. Askotan, neure sokakoei ere -ordurako neure konbentzimenduz- ez natzaie hurbildu, gogo faltan ez izan arren. Ez ditut erraz bakeak egiten neure buruarekin.
Ez naiz ni, isilik egotekoa, ordea. “Lagunak” ere aldendu zaizkit, haien zenbait iritziri buruzko ziurtasun osoa zalantzan jarri izan diedanean. Bere garaian, lanean ere izan nituen arazoak orduko nire gainekoarekin.
Ez dut gezur bat bera ere esan hemen, lehen 300 hitz hauetan. Baina, ez naiz gai beste 300 hitz osatzeko hemen, egia esanez: zer pentsatzen dudan ehiztariez; zeinen gutuna dudan gordea; ze ustekabeko oparia gustatuko litzaidakeen jasotzea; zertaz idatziko nukeen aise; zeinek dakien zenbat maite dudan.
Ez naiz hemen ehiztariez arituko; ez naiz ordea gutuna berriz irakurri gabe urteetan egongo; ez naiz opariaren jabe egingo inoiz; ez dut beste horrezaz idatziko, eta, ez nago ziur zenbateraino maite dudan ba ote dakien ere…
Baina, zer nintzateke ni, nire sentimenduak aireratuz mundu guztiaren aurrean biluztuko banintz? Ni, ez bainaiz inork uste dezakeen hori. Ni ez naiz, neuk nahiko nukeena bera ere. Sekula ez naiz izango nahiko nukeen bezalakoa. Zer da ba bizitza, norbera bere buruaz ez asetzea baizik? Ni, dagoeneko, ez naiz hau idazten hasi zen bera ere!...
Eta hara! Orain, badirudi bost axola zaizkidala niri ehiztariak! Eta, gainontzekoei? Zer axola ote zaie gainontzekoei nire gutun ezkutua? Eta oparia? Zertarako aipatu dut opariarena?...
Hori bai, maitea, hori bai: zu gabe ez naiz ezer. Ez naiz, ezta Bergarako Amodiozko Gutunen XXII. lehiaketara idatzi hau bidaltzea baino errazagoa behar lukeen WatsApp mezuaz elkarrekin kafetxoa hartzeko gonbita egiteko gai ere! Bai zera! Ez dakit nola bururatu zaidan zugana iristeko bidea hauxe nuela. Ez dakit zer gertatzen den nigan, lehiaketa hori irabazi, zuk ipuin saritua irakurri, zuk eragindakoa dela antzeman eta ni zoriontzeko aitzakian dei bat egingo zenidala pentsatzera iritsi naizenerako! Ez naiz ni.
Zuk nolakoa nahi nindukezun baizik ez dut buruan. Ez gara geure baitakoak zioen gure Joxemiel Barandiaranek. Ez dakit zertaz ari zen hura hori hausnarrean. Jainkoaz? Ni ere ez naiz neure baitakoa. Ez naiz zuri bi hitz segidan esateko gai. Mundu guztiak inoiz inori behin baino gehiagotan esan dizkion bi hitz horiek, bata bestearen segidan… Bata bestearen segidan. Aukeratuko ez nauzun beldurrez. Beste behien ere, nik erabaki ezinik.