Gure ekonomiaren oinarri indartsuenetakoa trukea da. Dirua –trukearen artekari famatuena- izanez gero, edozer sal/eros daiteke: ondasunak deitzen direnak, baina, baita ere, “Txartasunak”. Diruarekin sal/erosten dira gorputzak, emakumeenak batez ere; armak, herriak suntsitzeko erabiltzen direnak; plazerrak, errealitatea desitxuratzeko balio duten drogak; osasuna, farmazeutiketatik kontrolatzen baitira sendagaiak; eta bizitzak, batzuek erailez lortutako gorputz atalak ere sal/erosten baitira.
Diruarekin sal/erosten dira borondateak, intentzioak, balioak, eta helburuak; boterea, sinesmenak, gizabanakoak eta herriak. Dirua bera ere, eros daiteke, erosi. Eta txarrena, diruarekin erosten da lan indarra, langilearen izerdia trukerako merkantzia bihurtuaz, gizakien arteko menpekotasuna, eta gehiengoaren zapalketa, iraunkortuz.
Jendarte honek, izan ere, eremu itxi eta bakar batean jokatzera behartzen gaitu: trukearen eremuan. Hemen dena ekoizten dugu, ez behar dugulako, trukea egin eta kapitala gehitzeko baizik. Erokeria hutsa, baina sakonki errotuta daukaguna.
Edonori honi buruz galdetuz gero, esango digu zerbait sobera daukagunean, bestearengana joan, eta ez daukagun zerbaitegatik trukatu egiten dugula, ezinbestean; eta horrela, gainera, bi aldeek onura ateratzen dutela. Barne-barnetik sinetsi izan dugu trukea gizakiaren izaerari dagokion zerbait dela, ia-ia biologikoki edo genetikoki dagokiguna.
Gezur potoloa da hori, noski, ipuin hutsa, eta aldi berean, dagoen sistema ekonomikoari babesa ematen dion ideia gaiztoa (irakur D. Graeber). Zerbait soberan daukagunean, gure joera ez da hori trukatzea, ingurukoei banatzea, gordetzea edo botatzea baizik. Eta zerbait falta bazaigu, daukagunarekin konformatzea da gure joera, eta ez, falta zaigun hori, daukagun beste zerbaitegatik trukatuz, derrigorrez, lortzea.
Trukaketa jokaera hausnartu eta elaboratuegia da oinarrizkoa izateko, nire ustez, eta esango nuke, historian zehar, boteredunek, produkzio bideak kontrolpean izan dituztenek, indarrez behartu gaituztela horretara, eurak aberasteko, eta gu menpean hartzeko, trukean kateaturik. Gero, egoera babesteko, mitoak sortu dituzte, trukearena, esaterako, eta guk, inozoak, sinetsi.
Hau horrela, gure jendartea hobetze aldera, nik proposatuko nukeena zera da, ahalik eta giza eremu gehien trukearen beharretik alderatzea, jendartea dimentsiobakartasun horretatik askatzeko. Truketik kanpoko espazioak sortu behar ditugu, sistematikoki, beste modu bateko antolakuntzari tokia eginez, eremu hori gradualki, ito arte.
Agian gehiegitxo, otu zait bigarren aldiz irakurri dudanean. Urrutiegi joan ote naiz?