2012ko Irailaren 14a Gabai, Andrés errinozerontea, Euskal Taliban Jatorra, Mintxo, Herminio Bolaextra, Punki, Ipurbeltz, Angel Sefija... pertsonaia eta istorio ahaztezinak utzi dizkigu azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko komikigintzak. Haur, gazte zein helduen gozamenerako idatzitako eta marraztutako istorioak. Askotan, alta, ahaztu egiten dugu arkatzaren eta tintontziaren beste aldean dagoen pertsona. Marrazkilariak, idazleak, komikigileak. Jende andanaren talentuak hezurmamitu ditu gure komikien orrialdeetako pertsonaia eta istorio horiek guztiak. Behin baino gehiagotan baloratu ez den talentua.
Hego Euskal Herrian, 1894. urtean argitaratu ziren lehen binetak, “La Semana Éuscara” eta “El Thun Thun” astekarietan, esaterako. Zenbait urte geroago, “Argia” aldizkarian ere tartea egin zioten komiki historikoari, Juan de Zabala autorearen eskutik. 36ko Gerran, komikiak indarra hartu zuen, propaganda zabaltzeko modu eraginkorra baitzen. Hala, Jose Arrue pintore eta marrazkilariak Eusko Jaurlaritzaren aldeko istorioak argitaratzen zituen bitartean, Donostian argitaratzen zen “Flechas y Pelayos” aldizkariak estatu kolpe frankista goraipatzen zuen.
1970eko hamarkadan, Franco hil ostean, batez ere, euskarazko komikiak biltzen zituzten aldizkariak agertzen hasi ziren: “Gomikia euskaraz”, “Ipurbeltz” edota “Kili kili” izan ziren arrakastatsuenetako batzuk. Baina euskal komikiaren benetako eztanda hurrengo urteetan heldu zen. «1980ko hamarkadan, fanzine ugari sortu zen gaztetxeen eta enparauen arrimora. Gerora, aldizkari independente horiek modan jarri ziren, eta orotariko publikazioak topa genitzakeen: amateurrak, aberaskumeek eginak, ‘modernotxoak’, punkiak... », azaldu digu Pernan Goñi marrazkilariak. Ezaguna da Goñi GAUR8ko irakurleen artean, «Mamufrikiak» zinta argitaratzen baitu astero orrialde hauetan. Duela 25 urte, alta, marraztea gustuko zuen nerabe bat besterik ez zen, baina arreta handiz so egiten zion inguruan hedatzen ari zen bineten mundu zirraragarriari: «Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen “Habeko Mik” proiektua eta diru asko eman zuen komikiak argitaratzearen truke. Gasteizen, adibidez, komiki piloa egin zen garai hartan. Crash Comics komiki-dendaren inguruan sortu ziren “Octopus” edo “TMEO” bera. Sekulako albumak argitaratu ziren urte horietan, eta autore bikainak ezagutu genituen: Fructuoso, Harriet, Mauro Entrialgo... Boom txiki bat izan zen hori», ekarri du gogora oñatiarrak.
Entrialgo arabarrak ere zuzen-zuzenean bizi izan zuen garai emankor hori. Crash Comics dendan eta underground estiloko fanzinetan hasieran, eta “TMEO” aldizkari arrakastatsuan gero. «Garai hartaz gauza asko ditut gogoan –esan digu Entrialgok–: tamalez errepikatu ezin diren oroitzapen onak, baina baita gauza txarrak ere, eta zorionekoak gu, horiek ere ez baitira errepikatuko. Gauza onak zein txarrak berdin-berdin gogoratzeak nostalgia baztertzen laguntzen dit».
1990eko hamarkadan, euskal komikigintzak krisialdi txiki bati egin behar izan zion aurre. Eusko Jaurlaritzaren HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak “Habeko Mik” argitaratzeari utzi zion, eta hortik zetorren dirua ere agortu egin zen. Gaztelaniazko helduentzako komikiari dagokionez, “TMEO” aldizkariak euskal artista gazteen topaleku izaten jarraitu zuen, baina euskarazko komikigintzan, egoera ez zen oso itxaropentsua. “Ipurbeltz” eta “Kili kili” haur eta gazteentzako aldizkariek irakurle anitz zituzten, baina helduentzako komikiak ez zuen erreferente sendorik. Agian horregatik, Iruñean argitaratutako “Napartheid” fanzinea oasi bat izan zen bertoko komikigile eta marrazkilarientzat. Aldizkari horren zuri-beltzeko orrialdeetan eman zituzten lehen pausoak Zaldi Eroa edo Asisko Urmeneta irudigile ospetsuek, esaterako.
Gaur egun, beste loraldi bat bizi du euskal komikigintzak, baina testuingurua zeharo ezberdina da duela bi edo hiru hamarkadakoarekin alderatuta: «Gaztetxe asko desagertu dira, internetek zeharo aldatu ditu pertsonen arteko harremanak, egoera soziopolitikoa ere oso ezberdina da... Oro har, oso garai ona da zaleentzako, aukera zabala eta kalitatezkoa dagoelako eskuragarri; baina txarra egileentzako, diru gutxi irabazten delako», laburbildu du Pernan Goñik.
Iraultza teknologikoa
Azken urteetan, teknologiak emandako jauzi kualitatiboa izan da komikigintzaren eboluzioaren faktore nagusienetako bat, eta Euskal Herriko autoreak ere bete-betean harrapatu ditu iraultzak. Patxi Uharte Zaldi Eroa komikigile nafarrarentzat, internet «izugarrizko tresna» da, ezinbestekoa kasik, marrazketa prozesuan: «Gazte nintzenean, Joaquín Resano marrazkilariak dokumentazioaren garrantziaz hitz egiten zidan. Berak argazki interesgarri guztiak karpeta batean gordetzen zituen, noizbait erabili ahal izateko. Hala, aldizkari batean tigre baten argazkia ikusten bazuen, guraizeekin moztu eta animalien karpetan sartzen zuen. Pentsa zer nolako aldea dagoen gaur egungo egoerarekin. Google-n «tigre» hitza idatzi eta milioika irudi aterako zaizkizu segundo batean».
Teknologia berriak hedatzen hasi zirenean, alta, profesional askok ez zituzten begi onez ikusten. Konpetentzia neurrigabe zabalduko zela uste zuten. «Programa informatikoek eskaintzen dituzten aukerei esker, edozer txotxolok egin dezake kartel bat Photoshoparekin», ironiaz mintzatu da Zaldi Eroa. Laster ikusi zuten, alta, desabantailak baino dezente ugariagoak zirela teknologiak eskaintzen zituen onurak. «Oro har, marrazkilarientzat positiboa izan delakoan nago», esan du Pernan Goñik. «‘Mamufrikiak’ saila, adibidez, eskuz marrazten dut, baina programa informatiko baten bitartez koloreztatzen dut. Tresna gisa, guretzako laguntza handia izan dira teknologia berriak. Duela bi hamarkada, adibidez, kolorea emateko teknikak Errenazimentu garaikoak ziruditen: tenperak, akuarelak...
Maisu izan behar zenuen baliabide horiek ongi erabiltzeko, eta egindako lan guztia hanka-sartze bakar batengatik ez izorratzeko. Orduan ez zegoen ‘Ctrl+z’ egiterik».
Krisiaren atzaparrak
Teknologia berriek ez zuten konpondu, alta, komikigintzaren eta marrazkigintzaren arazo nagusienetako bat: ezegonkortasun ekonomikoa. Betidanik, komikiak edo ilustrazioak egitea lan baldintza kaskarrekin parekatu izan da. Kolaborazio kontratu prekarioak, militantziagatik (hots, musu truk) egindako enkarguak, soldata eskasak... Oso marrazkilari gutxik lortzen dute komikietatik bizitzea, eta horregatik, ohikoa da hamaika proiektutan murgilduta dauden irudigileak topatzea: diseinu lanak, publizitate kanpainetarako irudiak, ilustrazio lanak...
«Krisia nabaritzen da, baina beste edozer esparrutan bezala –azaldu digu Mauro Entrialgok–. Marrazkilariok badugu, alta, abantaila bat: sektore honetan lan egitea erabakitzen dugun mementotik beretik, ezegonkortasuna ezagutzen dugu eta gainerako profesionalek baino eskarmentu handiagoa dugu zama hori eramateko. Horrez gain, gure lana izugarri dibertsifikatu dezakegu, behar izanez gero».
KOMIKI AZOKAK: GERO ETA PRESENTZIA HANDIAGOA DUEN ERREALITATEA
Euskal Herrian komikiekiko zaletasuna dagoela ezin ukatu, eta horren adierazle dira urtero-urtero gure geografian zehar antolatzen diren komiki azokak, jaialdiak, mahai inguruak eta erakusketak.
Guztien artean, fama handiena duena Getxokoa da. 2002an sortu zen milaka zale biltzen dituen kultur ekimen hau, eta beraz, aurtengoa XI. edizioa izanen da. Azaroaren 23an, 24an eta 25ean zabalduko ditu ateak, Areetako Geltokia plazako karpan. Erakusketa eremua, tailerrak, ekitaldi-aretoa eta argitaletxe, saltoki, erakunde, fanzine zein komikiaren munduarekin lotutako edozer sektoretarako merkataritza-esparrua bilduko ditu guneak. Aurten, gainera, estreinakoz, manga generoari eskainitako azoka ere antolatu dute. Hurrengo asteburuan izango da, abenduaren 1ean eta 2an, gune berean.
Getxokoak bezainbesteko fama eta ibilbidea ez duen arren, indarra hartzen ari den beste hitzorduetako bat Nafarroako Komiki Azoka da. Iragan irailaren 1ean abiatu zen hirugarren edizioa Iruñeko Ziudadelan, eta hilaren 29an amaituko da, «komikiaren festa» batekin. Aurreko bi edizioek jendetza erakartzea lortu zuten, eta badirudi hirugarren aldi honetan marka guztiak hautsiko dituztela, orain arte antolatutako hitzaldi eta erakusketek arrakasta handia erdietsi baitute. Will Eisner, Juan Gimenez eta Mauro Entrialgori eskainitako erakusketekin batera, musika emanaldiak, solasaldiak eta haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte datozen asteetarako.
Hala ere, bada azoka honi kritika egiten dionik ere. Besteak beste, euskarazko komikigintzari arretarik ez eskaintzea eta eduki gehientsuenak gaztelania hutsean ematea leporatu izan diete ekimenaren antolatzaileei zenbait komiki zalek eta sektoreko profesionalek.
PERNAN GOÑI, KOMIKIGILEA: «MARRAZTEAN, POZTASUNA ETA LASAITASUNA TOPATZEN DITUT»
Betidanik gustatu izan zait marraztea, eta 15 bat urterekin, afizioa ofizio bihurtzea erabaki nuen. Bizkaian bizi naizen arren, oñatiarra naiz sortzez, eta bertan, fanzine bat argitaratzen hasi ginen. Horrez gainera, herrian zerbait behar zenean, pegatina bat edo poster bat, niri eskatzen zidaten. Musu truk, betiere. Gero, Bilbora mugitu nintzen, eta bertan, sasi-lanpostu zenbaitetan aritu nintzen, agentzietan-eta. Orduantxe hasi nintzen ere “Aizu!” aldizkarian marrazten. Baina profesionalizazioarena oso kontu konplikatua da. Gaur egun, adibidez, komikigintzaz gainera, bestelako lanak egin behar ditut dirua irabazteko: animazioak, ikus-entzuneko ekoizpenetarako storyboardak, graphic recording delakoak...
ZALDIEROA, KOMIKIGILEA: «LANBIDE HONETAN INOIZ EZ DAKIZU ZER GERTATUKO DEN BIHAR»
EXPRAI, DISEINATZAILE ETA MARRAZKILARIA: «JO ETA SU EGIN BEHAR DUZU LAN MUNDU HONETAN TARTETXO BAT ZABALTZEKO»
MAURO ENTRIALGO, KOMIKIGILEA: «HEMENGO PRENTSAK EZ DIE NAHIKOA LEKU ESKAINTZEN UMOREGILE GRAFIKOEI»