Nire azken artikuluaren ostean, kalean, ezagun batek esan zidan bat-batean: “Hi, guztiei oinarrizko soldata hori jarriz gero, inork ez dik lanik egin nahiko”. Harrituta utzi ninduen, batez ere, orain arte ez nekielako ziur ea norbaitek irakurtzen zituen nire artikuluak.
Bada, erantzun nion: “Lanik egin gabe jende askotxo bizi da. Aberatsak, erretiroa hartu edo gaixotasunak dituztenak, baina batez ere, lana egin nahi eta ezin duten langabetuak”.
Lanaz hitz egiten dugunean, beti soldatapeko lanaz ari gara bakarrik, baina izan badira, soldatarik gabeko lan eremu handiak: esaterako, emakumeek egin izan ohi duten etxeko lana, edo borondatez egiten dena, eta hurbilean daukagu, horren eredu, gure
Lana soldatapetik askatzea da,oinarrizko errenta duinarekin eskuratuko genukeen benetako lorpena |
herrietan arrunt izan den auzolana.
Soldatapeko lanari dagokionez, okerrena da, lana egin nahi duen askok ezin duela egin (Gure Euskal Herritxoan 160.000 langabetu dauzkagu), eta gainera, etorkizunean ere, merkatu global horri, eta aurrerapen teknologikoei esker, ez da guztientzat lanik izango. Gutxi batzuek asko izango dute, eta beste askok, ia denek, oso gutxi, lana, diot.
Ezagun horrek gehiegi pentsatu gabe esan zidana, ordea, gure eskumako liberalek pentsatzen dutena da. Jeltzaleek, esaterako, eskubide honi buruz Espainiako parlamentuan hitz egin zenean, hauxe zioten: “Zuek, lanik ez egiteko eskubidea ezarri nahi duzue”.
Eskumakoek, argiak eurak, segituan ikusi zuten oinarrizko soldata ezartzearen ondorioa: soldatapeko lanaren presio orokorra, bizirauteko beharraren presioa galdu egiten dela: lana merkatutik alderatuz, ez du euren gizarte kapitalistak funtzionatzen.
Alde batetik, gazteek, itota daudelako lanean hasi beharrean, formakuntzarako urte batzuk hartzeko aukera izango lukete, gustukoak zaizkien beste lan batzuk egiteko aukera, lan solidarioak edo lan sortzailea egitekoa, zaletasunak garatzekoa. Bestetik, enpresariek lan baldintza hobeagoak, soldata handiagoak, jarri beharko lituzkete, jendea eurekin lanean aritzeko, propietateak edo ongizatea “gehitu” nahi dutenentzat.
Azkenik, langileek ez lukete ordu estrarik egin beharko, jubilatuak ez lirateke ibiliko lan beltza egin beharrean, euren pentsioaz aparte zerbait gehiago irabazte aldera, eta etxeko andreak ez lirateke hain baldintza eskasetan geldituko senar langilea hilez gero.
Lana soldatapetik askatzea da, oinarrizko errenta duinarekin eskuratuko genukeen benetako lorpena. Lana merkantzia izatetik libratu. Soldatapeko lanik ez egiteko eskubidea izan, eta, aldiz, denontzat lan egiteko eskubidea ziurtatu.
Gauden garaian, merezi du saiatzeak, ez?