Aparque a la derecha y apague el motor. Documentación.
Castafiorik aspaldi ikusi gabeko Haddock kapitainari zera esan zion: “O, zu beti bezain gazte eta galanta, nire bihotzeko itsasgizona”.
Salgan, vacíen lo que lleven en los bolsillos y quédense delante del vehículo .(…) Más adelante.
Enkore, lau gaztez osaturiko Bilboko musika taldeak, honela aldarrikatzen du “Beti gazte” kantan: “Hau da nire helburua, geurea: beti gazte izatea”. Nork ez luke beti gazte izan, edo gutxienez, beti gazte sentitu nahiko, ezta, irakurle?
Les he dicho que no se muevan. Quédense donde pueda verles bien.
Asko izan dira gizakiaren historian zehar gaztetasunari eusten ahalegindu direnak. Literaturan ezagunenetakoak ditugu Dorian Gray, Basil-ek egin zion erretratuan zuen adina mantendu nahi izan zuena, eta Fausto, deabruarekin tratua egin zuena.
¿Qué se creen, que estamos aquí porque queremos pasar la mañana, que no tenemos otra cosa que hacer?
Lerro hauek idazten dituenari, aldiz, errazago suertatu zaio: hilabete honetan bertan, gazte-gazte senti arazi dute, aspalditxo ez bezala, urteak dira-eta kontrol batean geldi arazten ez zutela. Egia esan, ez zuten Erkidegoko kutxa baten “Gazte zara” iragarkiko ikasle, surflari, zerbitzari, dendari gazte zoriontsu haiek bezain eder sentitu arazi, baina aitor dezan: gazte ikusi zuen haren burua!
Horixe baita gure bailarako gazteek etengabe pairatzen duten egoera, Sakanako gazte izateagatik soilik jasan behar izaten duten bidegabekeria. Eta hori guztia salatzeko joan zen urteko irailean “Erregearen diskurtsoa” parodia antzeztu zuten Altsasuko Gazte Asanbladakoek “Ez ditugu nahi” lelopean. Eta horregatik aurtengo ekainean herriko zenbait kabletatik zintzilik agertu diren kartoizko maletak eta trikornioak, gazteek jasaten duten gehiegizko presioa ikus arazteko adierazle dira. Eta dena, umore eta sormen handiz, NPPko zinegotzi gazteak agertu ez duen tenpleaz, hain zuzen.
“Erregearen diskurtsoa” parodiarengatik (parodia: edozein gertakariren imitazio barregarria) Manos Limpias taldeak egin zuen salaketa zela medio martxan jarri zuten makinaria ez da oraindik gelditu eta PPk barkamena eskatzeko agindu zion Bilduri.
Gure kale eta bideberriak maiz zipriztintzen dira gorri eta berdez, iltze eta zenbait tresnaren brilloz apaindurik. Biztanleriari ere barkamena eskatzeko aginduko dio PPk behar denari? Gazteei nork eskatuko die? Goian sinatzen duenari ere eskatuko diote kontrol batean ordu erdi luze haren paperak eta autoa goitik behera miatzeagatik oraindik ez dakien arrazoirengatik hainbestetan eta hainbesteri gertatu bezala?
Betagarrik, Gasteizko musika taldea, “Zure ingurua” kantan gazteei hauxe zuzentzen die: “Begira ezazu zure ingurura, eta esaidazu horrelakoa den, nahi duzun mundua”. Nolako mundua nahi duzu zuk, Francesc gaztea?
“Zu ere sasoi betean zaude, arranopola”- erantzun zion Haddock kapitainak Castafioriri.