Irratian magia
Zita itsu batean bezala zaudete. Ez duzu laguna ezagutzen, baina inoiz ez duzu hutsik egiten, eta beti agertzen zara hitzordura. Ez duzu ezagutzen, bistaz; itsua baita, baitzarete. Baina itsu egoteak ez du esan nahi begirik ez duenik, ez du esan nahi ikusteko gai ez denik, begiekin soilik ez baita ikusten eta sudurraren ekialde zein mendebaldera daudenak ez baitira begi bakarrak: baditugu sakonagoak diren zuloak, hondorik gabeko putzuak, barrukoak. Eta barruko begiekin ikusten zaitu zu, eta zuk bera, nahita edo nahigabe, edo halabeharrez bestela, bere aurrean biluzten zarenean.
Airean zaudete, hegan, unearen magiak eraginda. Zer da ba hori magia ez bada? Edo zer da ba magia hori ez bada? Zuen artean distantziarik ez balego elkar besarkaturik egongo zinatekete, airean. Zirrara eragin dizu bere ahotsak, ukitu izan bazintu bezala. Irri niminĚo bat marraztu dute bere ezpainek zure presentzia somatzean. Tximeleta aztoratuak pixkanaka baretzen joango dira, erraietan zintzilikatu, lotarako prestatzen diren xagu-zaharrak bezala. Orain, zuen ahotsen sartu-irtenak lasaigarri zaizkizue, biei. Eta batak bestearen irudia osatzen duzue gogoan. Eta ziur zaude horrelakoa dela, ziur dago horrelakoa zarela; ezin du bestela izan.
Bakarrik zaudete? Bai, baina ez. Begi gehiago daude zuek ikusi gabe, baina zuei begira. Zu jabetu gabe zure sekretuak sekretu izateari utzi diote. Gogoratu, airean zaude.
Bafada batek desoreka ekarri du zuen hegalaldira. Kulunka egin duzu, duzue haizean. Interferentzia. Orduan ohartu zara denbora ez dela gelditu, badoala. Agurtu egin zarete, hurrengo hitzordura arte. Badakizu: betiko orduan, betiko frekuentzian, edo interneten. Irratia itzali duzu.