Feminismoak izorratu gaitu
argazkia: Izaskun Etxeberria |
Abba Parque hoteleko Botavara jatetxean batu ginen astelehen hartan bazkaltzeko. Martxoaren 8-a zela eta, laneko emakumeok, urtero moduan, elkarrekin jan genuen. Aurtengo antolatzaileek erabaki zuten gutako bakoitzak liburu bat oparituko ziola beste bati. Emakume batek idatzitako liburua izan behar zuen, eta bakoitzak idatziz eskaini behar zion oparitzen genionari. Bitxia da idatzizko eskaintzaren kontu hau, jakin ez baitgenekien zehatz-mehatz nori oparituko genion guk aukeratutako liburua: bazkalostean antolatzaileetako batek liburu guztiak batu zituen poltsa batean, eta mahaikide bakoitzak, poltsan eskua sartu eta itsu-itsuan liburu bat atera genuen.
Urtero egiten dugu honelako jolas-alditxoren bat: iaz emakumeek abestutako kantuekin cd-ak; aurreko urtean gure laneko gizon-mutilik majoena aukeratzeko bozketa, lagun sekretuarena 10 euro tope jarrita...
Kontua ondo pasatzea izaten da.
Emakumeok eguna izatearen kontu honek gogora ekarri dit nire lagun batek sarritan esaten zuena. Uste askotan maistra moduan elkarrekin lan egindakoak gara, eta lanean itoaldiren bat zuenetan esaten zuen:“Gu feminismoak izorratu gaitu ”. Eta jarraian honakoak argudiatzen zituen:“Lehengo emakumeek, sasoi batera heldutakoan, argi zeukaten zer egin behar zuten: nobio patroia hartu eta kitto!”.
Patroiarenak zera esan nahi zuen: itsas-herrikoak garenez, gure belaunaldira arteko gizon gehienek itsasoan lan egiten zuten. Horietatik asko marinelak ziren, beste batzuk makinista edo kontramaisuak eta gero patroiak zeuden. Nobio-patroia esateak beraz, nobio-aberatsa esan nahi zuen gu guztion buruetan.
Nire lagunaren erretolikak jarraitu egiten zuen holakoetan: “Batzuk Patroi-arrantzan ziharduten bitartean, gu, ostera, estudiatzen, bihar edo etzi geure buruaren jabe izateko bidea zela eta. Eta gaur egun, zer? Guk geuk irabazi soldata, bai, baina hemen gaude lan bati kateatuta: geuk lana, geuk ardurak, geuk familia, geuk dena. Eta ostera, patroien emazteak señorak moduan gure aldean”.
Ez dakit nire lagunak arrazoia duen edo ez. Beste gauza askorekin gertatzen den moduan, segurutik neurri baten baietz. Baina berak ez zuen hau guztia benetan esaten. Ez berak eta ezta nik ere ez genituzke trukatuko lortu ditugun eskubide, nor-izate eta burujabetzak senar aberats baten emazte izateagatik. Gainera horrelako truke kontuetan sartuko bagina, agian, liburuen, cd-en eta mutil majoen bozketa-jolasetan ezingo ginateke olgetan ibili.... Eta guk, neskak, jolas egitea dugu gustuko, ala?