Gizotsoa literaturaren historian
Zilarrezko balak, ilbeteko gau odoltsuak, biraoa jasotakoen kondena, gizakiaren eta piztiaren arteko barne borroka, ezinezko maitasun-istorioak..., klixe komunak ditugu denok gizotsoaren gainean, literaturatik eta, batez ere, zinematik jasota.
Literaturari erreparatuz, gizotsoaren mitoak sustrai sakonak ditu, Stoker-ren Drakulak edo Mary Shelley-ren Frankensteinek bezala, nahiz eta idazleek gehien erabilitako pertsonaietako bat ez den.
Mendebalde honetan, aro klasikoan egiten dira lehenengo aipamenak. Herodotok bere Istorioak prosazko lanean kontatzen digu ezen neuritarrak, Scynthiaren iparekialdean kokatzen duen tribu bateko kideak, otso bihurtzen zirela urteko zenbait egunetan.
Gizotsoaren aipamen zaharrenetako beste bat Kristo ondorengo 7. urtean Ovidioki datzitako Metamorfosiak olerki mitologikoan jasotzen da. Horren arabera, Zeusek otso bihurtu zuen Licaon, zigor gisa.
Bestalde, Plinio Zaharra erromatar adituak, Euanthes aipatuz, kontatzen du nola Anthius-en familiako gizon bat hautatua izan zen, beste askoren artean, Arkadiara eraman zezaten. Han errautsezko laku batean igeri egin zuen, eta horren ondorioz otso bihurtuta bizi izan zen bederatzi urtetan. Urte horietan inolako gizakirik ez erasotzeko baldintza betetzen bazuen, bere burua libre ikusiko zuen, itzulerako bidea igerian egin eta berriro gizaki bihurtzeko.
Gure aroko I. mendean Petroniok idatzitako Satiricon prosazko narrazio latinoan pertsonaietako batek, Niceros-ek, otso bihurtutako lagun baten istorioa kontatzen du oturuntza batean.
Honela deskribatzen du gertakaria: “Laguna bilatu nuenean ikusi nuen biluztu egin zela eta janzkiak bide-ertzean pilatuta utzi zituela..., txiza egin zuen gero, haren arropen inguruan zirkulu bat marraztuz, eta orduan, bat batean, otso bilakatu zen..., otso bihurtuta, uluka hasi eta lasterka alde egin zuen oihanerantz”.
Hemezortzi mende itxaron behar da —sorginen ehizaren garaia amaitu arte— literaturan gizotsoaren arrastoa berriro aurkitzeko. XIX. mende distiratsuan, zeinean zientziaren argitasunaren bitartez garbitu nahi baitzen obskurantismoak eta ezjakintasunak zabaldutako lainoa, gizotsoaren mitoa errotu egin zen literaturan, eta lan interesgarriak agertu ziren garai hartan sortzen ari zen beldurrezko generoaren barruan: 1838. urtean Sutherland Menzies-en fantasia bat argitaratu zen, Kent-eko landetako gizotsoei buruz, Hughes Gizotsoa izenburupean. Horrez gain, Transilvanian haurrak jaten zituen emakume-otso bat agertzen da Fredrick Marrayat kapitainaren Ontzi Fantasma // Hartz Medietako Otso Zuria narrazioan (1839).
Hortik aurrera gizotsoen gaia nahiko maiz agertzen da XIX. mendeko beldurrezko narraziogileen artean. Hor dugu, besteak beste, Alexandre Dumas-en Otsoen Kapitana beldurrezko eleberria (1857), idazle ospetsuena aipatzearren. Zabalkunde handia izan zuen, baita Gizotsoen Liburua ez-fikziozko lanak ere, Sabine Baring-Gould apaiz anglikanoak idatzitakoak. Liburu horrek mugarri bat jarri zuen mende horretan gizotsoaren figura finkatzeko prozesuan.
Joan den mendearen hasieran John Silence-ren abentura aurkitzen dugu. Algernon Blackwood-ek sortutako pertsonaia hori ezkutuko munduaren ikertzailea da, eta Txakurraren Kanpalekua (1908) eleberriaren protagonista; liburu hori izan zen likantropia psikikoa gaitzat hartu zuen lehenengoa. Rudyard Kipling en Piztiaren Seinalea (1932) liburuan, bestalde, erlijio-madarikazio batek eragindako eraldaketa dramatikoa deskribatzen da. Hala eta guztiz ere, 1933ra arte itxaron behar da, Guy Endorek Parisko Gizotsoa eleberria idatzi zuen arte, Bram Stoker-ren baliokidea aurkitzeko likantropiaren gaian. Gizakiak bere pizti-senari aurka egiteko daraman borroka hartzen du eleberri horrek gaitzat; bertan, Bertrand ilobaren istorio harrigarria kontatzen du Aymar Galliez ek; portaera bitxia dauka gauetan, eta, denbora pasa ahala, basapiztia bihurtzen delakoan izaten dituen amesgaiztoak benetakoak direla eta errealitatean gertatzen direla konturatuko da.
Azken hamarkadetan, garaikidetzat jo ditzakegun idazle askok txertatu dute gizotsoa haien literatur lanetan; Stephen King, Whitley Strieber eta Peter David aipatu ditzakegu, besteak beste.
Testu horietako asko pantaila handira eraman dira, gizotsoari buruzko zinemako klasiko handiak sortzeko, baina hori beste mundu bat da.
Bitartean, erne ibili, laguna. Azkenaldi honetan bizarra ohi baino maizago kendu behar izan duzu? Haragi gordinerako joera areagotu zaizu eta jatetxeetan beti steak tartare eskatzen duzu? Auzoko elizako apaizaren semea izan zintezkeelako susmoa duzu? Zezena baino indartsuago zaudela eta zentzumen guztiak zolitu zaizkizula sentitzen duzu? Galdera horietako batzuen erantzuna baiezkoa bada, giltzapean gorde zaitez ilbeteko gauetan, eta ihes egiezu zilarrezko baladun pistola darabilten ehiztariei, bada ezpada ere.