BANDIAGARAKO AMILDEGIA, DOGON HERRIAREN BABESLEKU
Moptitik egin dugu lehen kontaktua Dogon Herriarekin. Maliko etnia hau Sudango merkatari-karabanak zekarten islam erlijio berriaren ihesean iritsi zen amildegi honetara orain gizaldi batzuk, eta hein berean, bertan jatorri zuen beste etnia bat bidali zuen hemendik. Tellem edo “gizontxo gorriak” ziren. Herri pigmeo hau ehiztari eta fruitu-biltzailea zen eta dogonek ekarritako nekazaritzarekin ez zuen bat egiten, beraz, hegoalderantz jo behar izan zuten lur berrien bila.
Petit Moussa Guindo hartu dugu gida moduan. Motxila txikia hartu, azken erosketak egin, batik bat, fruituak eta kola-nut edo kola-intxaurrak eta Bandiagara aldera egin dugu, ea arratsaderako Begnimaton gauden, hura baitugu abiapuntu.
Lehen herri hau, Begnimato, oso era kuriosoan dago banatua. Erlijioarn arabera 3 auzo: animistak, musulmanak eta kristauak. Islama basamortuko karabanen garaian heldu zen, merkatari sudandarren eskutik. Bestean kristauak kokatzen dira, 1986ean izan zen gosetearen aitzakian iritsi ziren misiolari europearrak, Pere Blancs deituak, ezarri zuten lur hauetan. Sudandar estiloko eliz txiki eta kurioso bat eraiki zuten hemengo lurraren pezoz egina, biltzeko eta otoitz egitera joateko. Hirugarrenean, bertako erlijio tradizionala, betikoa, animismo izena eman zaiona. Hirurak ere, nolanahi, nahasian bizi dira eta bakoitza modu sinkretiko batean ulertzen dute.
Eguzkiaren lehen printzekin esnatu naiz, egunero bezala, nahiz eta txabolak inongo leihorik ez duen, zirrikituetatik sartzen dena nahikoa da ni iratzartzeko. Gosaldu artean buelta bat eman eta inguruak miatuz ibili naiz, lurraldearekin lehen kontaktua izatearren. Emakumeak goizean goiz doaz ur bila ontziak burugainean jarrita. Gizonezkoak ere aitzurra bizkarrean lanera doaz, eguneroko beharrez. Askok eskopeta ere eramaten dute. Dogon herria ehiztari sutsua zen, gaur egun ez da ia faunarik, hegazti batzuk salbu, baina arma daramate, badaezpada ere. Horrela segitzen dute mendez mendeko bidean, bizimodu berarekin.
Gogoz ekin diogu lehen eguneko martxari. Ibilbidea zirkularra izango da eta gaua toki berean pasatuko dugu. Lehen herrixkan parada egin dugunean Ibrahim aurkeztu dit, bere laguna. Honek artatxikia eta Baobab loretik ateratako zukua prestatu ditu jateko. Euri tantak hasi dira erortzen eta atsedentxoa hartzeko aitzakia izango da. Ingurua erakusten zidaten heinean To Guna bat ezagutu dut, “Hitzaren Etxea”. Hor biltzen dira herriko gizonezkoak, arratsa partean solasean egoteko. Toki hauek euren aferei irtenbideak bilatzeko ere badira. Egiturak metro eta erdi eskaseko garaiera du. Harlanduzko zortzi zutabek –harria harri gainean inongo bestelako sujezio barik- eusten dute lastoz eta adaxkez osatutako estalkia. Altueraren baxuak badu bere izateko arrazoia. Eztabaida sutsuetan, giroa berotzen hasten denean, haserreak motibatzen duen zutitzea ekiditearren egiten dira horrelakoak, altxatzen denak sabaiaren kontrako kazkarrekoa ziurtatua baitauka. To Guna hauek Nolabaiteko Zuzentza Jauregiaren papera betetzen dute.
Bihitegiak ere erakutsi dizkigute. Sexu bakoitzak bere gordelekua du. Gizonezkoenak hiru leiho ditu; emakumeenak, berriz, bakarra eta barrena lau zatitan banatua: artatxikia eta beste zerealak gordetzeko; babarrunak eta barazkiak; mahatsa, gaztainak eta fruituak, bestean; zintzilik, kaikuak eta potoak. Erdian biltegi moduan euren bitxiak uzten dituzte. Mito eta topikoz haratago Afrikako emakumeak ere nahiko pertxentak dira, eta dogonak ez dabiltza pipirin janzte horretatik oso urrun.
Irteteko orduan bazter batean zeremonietako maskarak ikusi ditut, Dogonek aski sakratuak diren erritualetan erabiltzen dituzten horietakoak.
Ibrahim agurtzean Moussak Kola-intxaur bat eman dio, puska bat hartu du berak eta beste pusketa txiki eman niretzat. Ahoan txikitzeko esan dit, baina mikatzegia dago nire dastamenerako. Intxaurrak txikituta gero kolorez aldatzen doa, laranja bihurtu arte. Gerora, jakin dugu efektu aluzinogenoak dituela, gainera. Nik ez dugu ezer somatu, baina Moussa txorakeriatan hasi da.
Begnimatora bueltan ez gaude oso nekatuak, gaurkoa nahiko arina izan da, baina izerdia hautsarekin nahastuta zikin sentitzen naiz eta garbikuntza erritu bat behar dut, Azken kilometroak duna batzuen gainetik egin baitugu. Atzo erakutsi ziguten erreka eta urjauzira hurrendu gara ongi merezitako bainua hartzera. Tokiak erakusten du oraindik paradisu umilak nola badiren, altxor txikien moduan gordeta, ezkutuan. Alboan inongo hotel-kate handirik ezean turista artaldeak inbaditu gabekoak. Bakar-bakarrik aurkitzen gara, arropa erantzi eta barneratu egin gara putzuan, urjauziak marrazten duen harkaitz-arteko ubide eta urmaelean. Unean, munduko pertsona zoriontsuenak bihurtu gara, gure eguneroko bizitzak eta errutinak ematen duen bizimodu asper horretatik urrun, oso urrun, aldenduta. Eguneko zikinak garbitzeaz gain, bizipoza ematen duten une horietako batean aurkitzen gara. Bizitzea merezi izatea egiten duten egun horietako bat izan da gaurkoa. Afalostean, gaua oskarbi dago. Gauaren iluna hilgorak argitzen du. Ortzian dantzan dabiltza izarrak, izarradarrek bidezidor bat erakusten digute eta harkaitz batera igo dugu gauaz gozatzera.
Bigarren egunekoa ere ibilbide motz eta erraza dela esan digu. Ende-Toro izeneko herrixkaraino goaz, bide guztia amildegiaren azpitik egingo dugularik, dogonen bizimodua ikusiz. Abiatu eta amildegia jaistea da lehen lana. Bidean baobab itzel baten aurrean kokatu gara. Ikusgarriak iruditzen zaizkit eta Afrika osoan sinbolo bat izateak ez nau harritzen. Zuhaitz gutxi izango dira ederragoak direnak lore eta hostorik gabe daudenean. Baobab arbola da horietako bat. Bere adarrak zerua heldu nahi izango balute bezala egiten dute gora, zerua bilatzen duten sustraiak bailiran. Benetan ederrak.
Dogonak klanetan banatuta daude eta normalean klan horietako bakoitza herri batean bizi da, Ende-Torokoa bezala. Hemen Guindo abizena duen familia bizi da, Petit Moussaren gertuenekoak, hain zuzen ere. Familiartean egoteagatik edo opari batekin etorri zait Moussa. Musutruk eman dit dogonen kapel bat, erregali gisa. Bere familiako emakume, agure eta umeekin aritu naiz berbetan eta jolasean.
Hogon-a Dogonen arteko nagusi izpirituala da. Herri sinesmen guztien zaindari. Ende-koak, hain zuzen, Are Guindo du izena eta 95 urte ditu. Berarekin biltzeko amildegian gora egin behar izan dugu, goian bizi baita isolaturik, garai bateko Tellem pigmeoak bizi zirenetik hur. Elkar aurkeztu digutenean, ongietorria garenaren seinale gisa, eskuan duen ezkil bat jo du, ezin baita berarekin kontaktu fisikorik eduki. Esaten duena baieztatzeko, noizean behin, magiaz eta sinboloz betetako ezkilari eragiten dio. 60 urtez behin aldatzen da hogona, lehenago hiltzen ez bada. Orduan herrian aukeratzen dute, baina dogon tradizio ororen jakitun on bat izan behar du eta txit errespetatua, normalean zaharrena aukeratzen dutelarik. Aurrekoa 120 urterekin hil omen zen. Jakintsu hauek hautatuak direnean hona igo eta marrazki bat egiten dute, hiru koloretan: zuriak pakea, izarrak eta zorte ona adierazten du; gorriak odola; beltzak gaua. Are Guindo oso gutxitan jaisten da horma honetatik herrira, Endera. Herritarrak igotzen dira usuen, errezatzera, kontsultatu eta aholkuak eskatzera, kezkak argitzera edo baita ikastera ere, gazteenak, batik bat. Begirune handia zor zaio, eta zintzo eta irmoki zaintzen dute ohitura hau. Janaria senitartekoak igotzen diote. Fetitxe eta bestelako erlijio elementuak kaiku eta txarroetan ditu gorderik, guztiak bere inguruan.
Berak esplikatu digu dogonen kosmogonia. Dogon herriaren ustetan Amma astro nagusiak sortu zituen izarrak kosmosa lur-bolatxoak jaurtitzean. Gerora, lurra sortu zuen buztinarekin moldatuz eta eguzkia zein ilargia bi txarro zuri egitean. Ammak lurra ernaltzean sortu zen Nommo, une berean ar eta eme, eta zortzi ume izan zituzten, zortzi tribu dogonak. 60 urtez behin Sigi festa ospatzen dute, mundua birsortezko helburuarekin. Horretarako, bereziki, egiten dituzte maskarak, gero zintzo-zintzo gorde egingo dituztenak. Jai horren periodizidadea, gure begibistara ikustezin den izar txiki batek Sirius izarraren inguruan egiten duen 60 urteko biraketan dago oinarrituta. Izar ikustezin hori Po Tolo deitzen diote. Dogon tradizioan oinarrituz, astronomia ofizialak XIX. mendearen erdialdera deskubritu zuen, eta Sirius B izena eman zioten. Dogonek, gainera, hirugarren izar bat badela suposatzen dute: Emma Ya, Nommo arbasoaren sorleku. Oraino deskubritu ez den arren, zientzialariek Sirius C-z ezagutzen dute. Hurrengo aldiz azaltzean egingo dute berriro Sigi festa, baldin eta ordurako, turista, kazetari, antropologo eta bisitariok ez badugu herri abegikor hau museo bizidun bat edo antzoki folkloriko batean bilakatu. “Afrikan, agure bat hiltzen denean liburutegi bat erretzen da”, zioen Amadou Hampate Ba-k, Bandiagaran sortutako idazle peul ezagunak. Hori bera pentsatu dut nik hogon hau hitz egiten entzun dudanean.
Jaisterakoan, amildegiko hormak kanposantu funtzioa ere betetzen duela adierazi digu gero Moussak. Hilobiak paretaren bertikalean daude, eta soken bitartez igotzen dituzte gorpuak manta batean estalita. Hala ere, zulo guztiak nahiko beteta daudela eta, herrian bertan hasi omen dira lurperatzen gaur egun, zimiterioan.
Beste putzu batean eguneroko garbikuntz-errituala eginda, gaur hotelik onenean egingo dugu lo, milaka izar dituen horretan. Oheak kalera atera, zerua sabaitzat hartu eta ohiko tertuliaren ostean berehala hasi naiz ametsetan.
Bueltako bidea hartu aurretik, azken bisitan, Telly-ra joan gara, Tellem edo “gizontxo gorri” pigmeo haien etxeak ikustera, berriro amildegian gora igota. Moussak ederki azaldu dizkigu leku hauen nondik norakoak: sukaldea, bihitegia, logelak,...
Bueltan lau emakume eguneroko lanean ari dira, mortairuarekin artatxikia txikitzen, erritmo batean, urrunetik entzuten den kolpe lehor oihartzunez, esanahiez beteta. Gure zaharrek, orain ez asko arte, egiten zuten ote-txikitzearen berdina dela pentsatu dut. Distantzian hain urrun egon arren, denak mundu bereko gizakiak garela pentsatu dut, gauza berak modu berean egin eta egiten ditugu, norbera dagoen herrialdera egokituz, klima, gizarte, historia, eta tokian tokiko ohitura, tresna, sinesmen eta abarrekin.
Herri abegikor hau agurtzeko orduan, Moussaren ezagun batzuen etxean gelditu gara artatxikiz egindako zerbeza probatzen, chucutuk. Kalabaza batean eman digute. Gure dastamenerako oso berezia da, eta beroa edaten dute, normala den bezala, hemen hozkailurik ez baitago.
Amaitzeko, tearen zeremoniaz gozatzeko parada dugu. Tearen unea da. Tea hartzearena ukatu ezin den gonbidapen bat da. Sinbolismoz beteta dago, gonbidatuekin konpartitzen duten astia da. Tea taldean hartzen da, banan bana emango digute, eta ia trago batez irentsita kikara itzultzen da, hurrengoak edan dezan. Uneok aise irakurri ezin diren sinboloz josita daude. Tradizioak hiru te markatzen ditu eta konplize bihurtzen gara lehena hartzen dugun unetik: lehena heriotza bezain mingotsa, dastamenerako sendoa. Bigarrena, bizitza bezain gozoa. Azkena, maitasuna bezain ona. Adio Bandiagara, adio Dogon Herria.