Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

 gerrateko...gif
GERRATEKO IBILERAK I  
Iñaki Alkain. Auspoa. 1982
Iñaki Alkain. Auspoa. 1982. Iñaki Alkain eta Antonio Zavalaren artean buruturiko lan mardularen emaitza da liburuxka hau. Hiru ataletan banatua dagoena eta Auspoak orain dela urte batzuk abian jarri zuen sail aberats harren barruan kaleratua. 1920ko Afrikako gerraren ingurumarian, bertsoak eta kanta-paperak ugari kaleratu ziren. Urte gutxi batzuk barru, Afrikatik penintsulara hedatu zen Gerra Zibilak eragin handia izan zuen literaturan. Hasiera batean, gerraz idatzitako poemak eta bertsoek ez zuten hedapen gehiegirik izan. Gerraondoan, zentsura-arazoak behin desagertuta, areagotu ziren eleberri eta ipuinak

Argitaratu ziren lanen artean, gehiengo zabala gerran zuzenean parte hartu edo gatazkaren ondorioak nabarmen sufritu zituztenen oroitzapenak dira. Esku artean dakargun liburu hau bezalatsu. Franco hil ondorenean asko eta asko animatu ziren argitara ateratzera. Horietako batzuk, bertsolariek edo bertso munduaren inguruan aritu izan direnek moldaturiko autobiografiak dira. Guzti hori batzen eta txukuntzen Auspoa bildumak lan izugarria burutu du, aipamen berezia merezi duen Antonio Zavala zuzendariak bereziki, jesuita eta euskaltzainak.

Hegoaldeko gerra-kontuak argi eta garbi aipatzen dituen euskarazko hasiera bateko memoria liburua da aipatu nahi nukeena, Iñaki Alkain gipuzkoarrarena. 1981ean plazaratu zuen Auspoak, urte dezente beranduago, beraz. Izan ere, kontuan hartu behar da galtzaileek euren bertsioa publikatu  ahal izateko, diktadorea hil arte itxaron behar izan zutela.

Iñaki Alkain, bertsolaria zen, aita bezalaxe eta Urnietan jaio eta hazia. Hiru liburuxketan atondutako Gerrateko ibillerak kontatzen dizkigun autobiografia bat da. Bertsio luzea, baina bilduma osatua da hau. Gudari gipuzkoar baten ibilbide luzea deskribatzen digu zehaztasun eta grazia handiaz: Donostia aldetik, Ernio, Ondarroa, Gernika eta Elgetara; gero Legutioko erasoa, Kalamua, Saibigain, Gernika, Bizkargi, Artxanda; Bilbon preso hartu eta frankistekin hamaika borroka leku eta penintsula erdia korritu behar izan zuen. Bitxikeria ugari datoz liburuan.

Urnietan, jaiotetxean du hasiera liburuak 36ko uztailaren 18an, bazkalondoan hain juxtu, ganaduarekin lanean ari zelarik Alkain gaztea, errementariarengana joan zen gurdiarentzako gurpil berri eske. Hantxe bertan, entzun zuen lehen albistea: "Afrikan ejertzitoa altxatu zela. Denbora gutxian Donostia aldean mugimendua hasi zen, komiteak martxan jarri ziren". Alkainek etxea uzteko erabakia hartu zuen eta  Santio Menditik abiatu zen eskopeta bizkarrean, Jose Beaskoetxearekin batera Hernani aldera. Hortxe hasiko ditu bere Gerrako ibilerak, lehen liburuki honetan, Nafarretera heldu bitarte.

Donostiara iristea lortzen dutenean, kostari jarraituz Zarautzako bidea egingo dute. Zestoatik barna berriz, Azpeitira (Loiola) iritsiko dira. Bidanian erasoa jo zuteneko gertaera zehaztasun handiarekin kontatua da: 36ko irailaren 19a zen hain juxtu. Destakamendu bakanetan bananduta hiru puntu ezberdinetatik erasotu genuen Urkizuko posizioa (Tolosa bukaera bukaeran kokatua) eta garaitu egin genuen. Metrailadore tripode bat hartuta, bost kaxa muniziorekin eta  ordezko piezekin.  

Ernio dator gero, Mutriku-Ondarru-Gernika ibilbidean Bizkaian barneratzen dira, Basalgoko frentean behin baino gehiagotan bertso saio ederrak egindakoa dugu gauaz, guda lerroaren bestaldetik zegoen errekete amezketar batekin sesioan. Bergaratik Plentzia aldera goazela, ezkerretara Elgeta eta Eibar aldean dago Basalgo mendia. Kasko horretan, hamabost bat egun pasa zituzten. Etsaiaren aldean bertsolari bat zegoela abisua pasa zioten Alkaini eta gau batez tratua egin zuten hurrengorako, halako lekutan elkartu eta egonaldi bat egiteko. Bi trintxeren erdian zegoen lekua hautatu zuten. Errekete edo falangista alde horretan zegoen amezketarrak izugarrizko arrazoi sakonak ematen zituen; bere bertsoak eta diskurtsoak takigrafiaz hartzea pentsatu zuten. Horrela jaso ziren Amezketako artzain mutilaren eta Alkainen bertso saioak, liburuan txukun txukun eta ordenatuta ageri diren bezalaxe.

Basalgo mendi hartatik Bermeo aldera egin zuten, batailoi osoa antolatu eta osatzera. Azaroaren azkeneko egunetan Urbinan zeuden, handik Billareala joan ziren. Etsaiak Elosu eta Nafarrete aldean zeuden eta eurak Billareal aurrez-aurre duen ibaiaren ertzean. Igerian zeharkatu eta herriko kanpandorrera gerturatzea lortu zutenean kalte izugarria egin zieten.

Gabon egunean Bermeoko itsasadarra utzita Ubidea aldera abiatu ziren. Arratsalde partean, eskuin-ezker inguratu zituzten etsaiek. Bidean lagun ugari gelditu ziren. Zeanuritik ostera, Elosura joan ziren, baztarka-baztarka Nafarretera igo zirelarik. Nafarreteko Hiltegia izenez bataiatu zuen Alkainek, zauritu eta hildakoak aintzat hartuta, milaka izan baitziren. Borrokaldi gogorra inolako ezbairik gabe, Billarealgoa baino askozaz latzagoa.

Alkainen bizipenez gain gerra denborako egunkariek ere zeresan handia dute lan honetan. Euzkadi eta Eguna batez ere, atal bakoitzaren bukaeran oharretan erantsi nahi izan du Antonio Zavalak. Liburuaren sendogarri eta indargarri izan daitezen eta duda zaleentzat sinesgarriago suerta daitezen. Liburua asko aberasten dute gehigarri horiek, beraz, irakurleak patxada eta tartetxo bat hartu behar luke irakurtzen.

Oroitzapenak dira guztiak ere, gertatu eta urteetara idatziak. 35 urteren buruan hau behintzat. Artean gauza gehiegi publikatu gabe zegoen eta Antonio Zavalaren egin ahala azpimarratu beharrekoa da, gogor saiatu zelako eta ate berriak irekita utzi zizkielako atzetik etorriko ziren gogoeta guztiei.

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago