Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Azkune Leturiaren egunkari ezkutua 

TXILLARDEGI. Bilbo: euskal-idazlanak, 1957. Elkar, 1995

   

Goiko apalean topatu dut, kokapena dela-eta existitzen direla ere ahaztu ohi dugun liburuak egoten diren lekuan. Aspaldian berriz irakurri ez ditudan beste batzuekin batera zegoen hura ere; ahanzturara kondenatua, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua. Kontuak atera eta duela hemezortzi bat urte irakurri nuela ohartu naiz. Erraz esaten da; hemezortzi urte. Halere, lehen orriak ireki ahala, liburu berri baten aurrean nagoela iruditu zait; oroitzapena baino gehiago aurkikuntza berri bat izango dena eskuetan dudala.

Lagun batek esan ohi du liburuak ez direla sekula berriz irakurtzen, irakurraldi bakoitza desberdina dela eta beraz, beti bizi ditugula liburuak lehenengo aldia balitz bezala. Izango du arrazoi apur bat; liburuan murgiltzearekin batera argu mentua ezaguna egin zaidan arren, beste hainbat xehetasun topatu baititut ustez lehenago sumatu gabeak.

Izenburuak dioen bezala, eguneroko bat da irakurleak liburu honetan aurkituko duena. Joseba Leturia gazteak Mirenekiko bere maitemina deskribatzen du bertan, bere ezin egona, bere zalantza existentzialak. Egunerokoa izanik, gertakariak baino gehiago protagonistaren barne eztabaidek dute garrantzia testuan. Denok ulertu eta sentitu ditugun egoerak deskribatzen zaizkigu, gai unibertsalak dira hemen aurkitzen ditugunak. 1957. urtean kaleratu zuen liburua Txillardegik, eta aitzindari izan zen gurean, hiri handi industriala jarri baitzuen idazlanaren agertoki bezala.

Egitura aldetik, lau zatitan dago banatua; Udalehena, Uda, Udazkena eta Negua. Urtaro bakoitza Leturia gaztearen egoera animikoarekin dago lotuta. Guztiak berria zen euskaran idatziak, hizkuntza modernoa darabil autoreak. Narratiba mailan ere, eredu berri baten sortzaile kontsideratu izan da.

Hitzaurreari gainbegirada eman eta Koldo Mitxelenaren hitzok bereganatu dute nire arreta; “ez dut uste inoiz gure hizkuntzan entzun denik horrelako hitz larririk, horren zinezko aitorrik, horrenbesteko karraxi sarkorrik. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturiaren bezalako ibilaldirik gogobideetan barrena.

Hitzok aurreikusten duten bezala, liburu hau mugarri izan zen bere garaian. Batetik, garaiko literaturan haustura eragin zuen; gaiagatik, erreferentziengatik (Sartre, Gide, Camus,..), giroagatik eta baita tonuagatik ere. Exis tentzialismotik gertu, gizon europarra da aurkezten zaiguna, zalantzez betetako euskaldun hiritarra, Leturiaren barne mundu gatazkatsua. Atzean utzi zituen eguneroko honek garaiko euskaldun fededuna protagonista zuten eleberriak. Lizardi, Orixe, Txomin Agirre eta beste hainbaten idatziekiko aldaketa suposatu zuen. Landa lurretik hirira ekarri zizkigun Txillardegik euskal letrak. Lehenago inork egin ez zuena lortu zuen idazleak, gazte urbanoa ezartzea euskal irakurlearen begien parean.

Bere lekura itzuli beharrean nahiago izan dut Leturiaren egunkari ezkutua leku eskuragarrian uztea, amaitzear dudan beste liburu baten azpian, adibidez. Ahaztu baino lehen, lehenen- go aldia balitz bezala bizi dezadan. Zirraragarria baita eguneroko hau irakurtzea, bai idatzita duenagatik eta baita hura idaztean idazleak sentitu ahal izan zuen askatasun arnasagatik ere.

Ekhiñe Egiguren

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago