Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Egarri asez 
EGARRI EGUNAK PORTUALDEAN. Koldo Izagirre . Susa 2011
li112    

Badira irakurri berehala ahazten diren liburuak; aldiz, gogoan iltzatuta gelditzen den horietakoa da "Egarri egunak portualdean", Kodo Izagirreren elaberria. Errenteria eta Pasaiako portua, zentral termikoa, pasaia industriala eta eraldaketak, iraultza, langileen  borroka. Garai eta belaunaldi baten lekukotza baino gehiago jasotzen da lerro hauetan <<Dena galdetzeko dena amestu behar>> eta galderek hausnarketarako bidea irekiko digute, bidegurutzeetan  erabakiak hartzekoa, zalantzarena, itaun berriak sortzekoa.

Bixarberderen hilobiratze eszena abiapuntu hartuta, irudiek eraikiko dute kolektibitatearen zantzua. «Zer axola dio, bizitza hau ez da edangarria. Horregatik datza gaztaro bat hemen, mesosferaren ondoraino zuloan gordea». Ez dira gertakizun soilak, esanguraz hornitutako pasarteak dira. Lehen pertsonan ari zaigun protagonista da narratzailea, «indibidualista burges koskorra, diletante bat, zelako ergela, mentalitateak aldatzen ahal direla hitzak landuz, horixe pentsatzerainokoa». Gainontzekoek politika egiten duten artean, izaera kritikoak beste zerbait egitera bultzatzen duena; idaztera, alegia.

Eleberri korala da, pertsonaia kontrajarriekin osatua; Gorka kale-semea eta Luis elizaren ingurukoa. Bixarberde bere klaseari ihes egitea lortzen duena eta aita enpresa burua. Marilu etxekoia, hurbila, dardaratia, odola, eta Aleksandra artista, autonomoa, probokatzailea, feminista, gereziak. Azken honi zuzentzen zaio hainbatetan narratzailea bokatiboa erabiliz eta era berean, pertsonaia honen bidez liburuaren ardatz garrantzitsuenetakoa: garaiko matxismoa versus feminismoa. «Nola ekarri feminismoa gure ederrera? Nola eman gure zakarra feminismoari?» edota «gizonezkoa naiz, baina agian zu ez zara emakumezkoa». Tabernetan hezitako gizonezkoen gaitzespena eta beldurrak, protagonistarenak barne, emakumeen iraultza eta aldarrikapenen aurrean: «Diktadura politikoak beste diktadura asko bermatu zituen, gizonezkoena esate baterako, gizonezko kontzientziadunona». Ezinegona sortu didaten hitzak.

Egoera soziopolitikoak eskatzen zuen aldaketaren beharra ere islatzen da. Eraldaketa nola eta nondik hasi. «Iraultza gizonetan egin behar da lehenik» ala «Gauzak aldatu behar dizkiagu aurrena, gizona aldatzeko». Langileen asanbladak, sindikatuen sorrera, greba. Horrekin batera, bortxaketak, erasoak, oldarketak. Guztia narrazio poetikoan, hirukoen erabilerak urratsen erritmoa markatuz.

Hasiera-amaierak egoera eta esamolde berak borobiltzen ditu, kontakizunaren zirkulua ixtera egiten dutenak. Eta, halere, liburu zabala da, irekia, keinu eta iradokizunez hornitua. Badira irakurri ahala agortzen diren testuak, ostera, Izagirreren eleberriak behin eta berriz irakurtzea ametitzen du; eskatzen ditu berrirakurketak, interpretazioak, irakurlearen plazererako. Muinera heldu nahi bada, arretaz irakurri beharreko eleberria dugu hauxe.

Amaitzearekin batera, luzaroan oroituko dudan liburua dela konturatu naiz. Ase dut egarria. Berriro naiz hurrengoaren gose.

Ekhiñe EGIGUREN

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago