Zein da bizitza ona?
Bizi dugun paradigma moderno industriala krisiak jota dago. Eta ez da soilik alderdi finantzario-ekonomikoa. Askoz kontu orokorragoa da. Energia, klima, bioaniztasuna, demografia, politika, psikologia, elikadura... ere sistemaren gainbehera azaltzen duten aldagaiak dira. Dagoeneko gero eta argiago ikusten da aldaketaren beharra. Are gehiago, garaiz erreakzionatu ezean, aldatu beharrak harrapatu egingo gaitu. Ez baita posibilitate bat gehiago aldaketarena, bakarra baizik. Joseba Azkarraga Etxagibel soziologo abadiñarrak, hainbat ikerketa, gogoeta eta solasaldiren azterketatik ateratako ondorioak helarazi dizkigu honako saiakeran. Eta ondorioak ez dira irensteko samurrak, hasierako paragrafoan adierazi bezala. Ez da, beraz, irakurtzeko liburu erraza, gauzak zeinen gaizki egiten ari garen esaten diguna. Alde honetatik, etsigarria ere gerta daiteke zenbaitentzat, munduaren ikuskera errotik aldatzea eskatzen baitu aipaturiko aldaketak. Arazoa gainean dugula adierazteaz gain, beronen kausak zeintzuk diren ere zerrendatzen ditu: mundu ikuskera zientifikoa, guztiaren erdigunean progresoa jartzea eta arrazionaltasun ekonomikoa. Zientziak salbatuko gaituelako ilusioa, inguruari erreparatu gabe aurrerantz egitea eta mugagabeko hazkunde ekonomikoan sinestea. Beldurra ere sortzen du gizarte mendebaldarra sostengatzen duten gezurrezko oinarriak hain biluzik ikusteak. Kontua ez da, hala ere, ohartze hutsarekin konpontzen, hausnartu eta geureganatu egin behar baitugu hau guztia ez dela aurrerantzean honela izango.
«Egungo norabidea ez da jasangarria ikuspegi ekonomikotik, energetikotik, ekologikotik eta psikologikotik. Hortik aurrera ezer gutxi dago garbi; noiz, zenbateraino, non gehiago, zein abiaduran gertatuko den, edo noiz arte iraun ahal izango duen gaurko fikzio kolektiboak». Ziurgabetasun garaiak datozkigula ukaezina da jadanik. Jende gehiena gaur egungo egoera ekonomikoaren aitzakian eragindako era guztietako murrizketekin konturatzen ari bada ere, bestelako segurtasun ezak ere gero eta ageriago daude. Autorea horiek guztiak esplikatzen ahalegintzen da, baina tamainako krisiek aukera berrientzako tartea ere uzten dutela ziurtatuz. Egoera ustelenetik ere bizi berria sortzea badago, nahiz eta zaila izan horrelakorik irudikatzea heldu garen puntura helduta.
«Poshazkunde» eta «deshazkunde» terminoak ohikoago eta ezagunagoak ari dira bihurtzen. Hazi beharraren hazi beharraz, muga guztiak zeharkatzeko gauza dela erakutsi du gizakiak azken mendeotan. Ekoizpenak gero eta handiagoa izan behar du eta kontsumitzaileak produktu horiek erostean aurkitu behar du zoriontasuna. Baina arduragabekeria galanta izateaz aparte, etorkizunik ez duen bidea da. Gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugu nahitaez, baina horrek ez du esan nahi okerrago biziko garenik.
Amaiera aldera, eredu izan daitezkeen mugimendu eta iniziatiben inguruan dihardu. Euskal Herrian nahiz munduko beste hainbat txokotan badira saretzen ari diren jokaera oraindik txikiak. Ezbairik gabe, horiek ezagutarazi eta handitzeak badu garrantzirik, alternatibak badaudela jakitea ezinbestekoa baita erabat galduta ez gaudela sentitzeko. Eta guztiok dugu horren beharra.