Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Poirot-en atzetik

STYLESKO GERTAERA MISTERIOTSUA , Agatha Chritie. Itzulp:  AloƱa Zabaleta eta Usoa Wyssenbach. Igela 2010

li82    

"Hilketaren erregina" izengoitiarekin da ezaguna Agatha Chritie, esku artean dugun nobelaren egile britainiarra. Belaunaldi desberdinetako irakurleak harrapatuz lortutako ospeak gaur egun ere bizirik dirau, eta garaiak aldatu arren, polizia eleberriaren ikur handienetakoa izaten jarraitzen du.

Nire kasuan ere, badira urte dezente bere libururik irakurtzen ez nuela, eta onartu behar dut gustura aritu naizela Hercule Poirot detektibeak zuzendutako ikerketan murgilduta.

Stylesko gertaera misteriotsua idazlearen lehen eleberria dugu, 1920. urtean argitaratua. Badirudi, dena den, urte batzuk lehenago idatzi zuela, Lehenengo Mundu Gerran Gurutze Gorriaren botika batean laguntzen zuen bitartean, hain zuzen ere. Bertan izan zuen botika nahiz pozoi desberdinei buruzkoak ikasteko aukera, esku artean dugun liburua idazteko orduan oso garrantzitsua gertatu zitzaion ezagutza.

Istorioari dagokionez, Ingalaterran kokatua dago, Essex konderriko Styles Court etxaldean. Berau herentzian jaso zuen Emily Cavendish andereak bere semeorde John eta Lawrence-ren aita hil zenean. Emily berriro ezkondu berria da bera baino askoz gazteagoa den Alfred Inglethorpekin.

Johnen emazte Mary, Cynthia Murdoch neska umezurtza eta hainbat laguntzaile eta neskame ere etxe berean bizi dira. Beste aldetik, Johnek gonbidatuta Hastings kapitaina egun batzuk pasatzera etorri da aspaldiko lagunarenera. Hastings bera izango da Hercule Poiroten izena emango duena Emily hilda agertzean. Belgikar detektibe bitxiaren atzetik ibiliko gara hemendik aurrera, hilketa argitu nahian. Izan ere, bere bizkortasun eta trebetasunak nobelan azaltzen den momentutik azalduko zaizkigu, beste inork ez bezala elkartuko baititu hasiera batean loturarik ez duten gertaerak. Ondorioz, Hastings narratzailearen moduan, hiltzaile posible desberdinak izango ditugu eleberriak aurrera egin ahala.

Aipatutakoaren haritik, autorearen ezaugarririk garrantzitsuenetakoa pertsonaien aukeraketa litzateke, ia guztiek izan baitezakete arrazoi edo aukeraren bat hilketa burutzeko. Oinordetzak, inbidiak, ezkutuko maitasun istorioak, estriknina pozoiaren erosketak... denetarik topatuko dugu, eta Alfredez, Bauerstain doktoreaz, Lawrencez eta beste hainbatez susmatzera eramango gaitu.

Ikaragarria da Christieren sorpresarako gaitasuna, ekintza, froga edota susmoak nahastuz eta istorio sinesgarria osatuz. Erritmoa ere bikaina da, uneoro nobelari lotuta mantentzeko gauza da-eta, bukaera aldera korapiloa askatzen den arte. Laburbilduz, esan dezakegu orain dela ia mende bat idatzitako intriga liburu honek ez duela irakurlea harrapatzeko batere ahalmenik galdu, eta autore ezagun honetara lehendabizikoz ala aspaldiko partez gerturatzeko aukera bikaina daukagula euskarara itzulitako ale honetan.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago