<<Ihesaldi politta>>
IHESALDI POLLITA , Anna Galvalda Itzultzailea: Jon Muñoz, Alberdania
Zenbaitetan gelditzea komeni da, behin abian jarri genuen bizitzaren gurpilari so egitea, egindako bideari erreparatzea, eta zergatik ez, berandu baino lehen 180 graduko bira ematea. Hori da ihesaldi polit honen funtsa. Anna Gavaldak lau anai-arreba jarri ditu agertokian; bakoitzak du bere bizimodua, bakoitzak du bere bidea, bakoitzak bere gurpila. Halako batean, bidegurutze batean elkar ikusi dute eta gurpilari so egitea erabaki dute, nahiz eta ziurrenik beranduegi izango den beste bide bat hartzeko.
Protagonista horietako baten barnean sartzen da idazlea, hots, lehen pertsonan kontatuta dago eleberri labur hau, anai-arreba horietako baten ahotik; zehazki esateko, Garance arreba eta ahizparen ahotik. Familia-ospakizun batera doaz eta anaia zintzoak bi arreba alprojak ·hartuko ditu autoz, koinata zuzenaren ebaluaziopean. Hori egiten baitu koinatak, besteen bizitza ebaluatu; finean, hori egiten dute guztiek, besteen bizitza ebaluatu norberaren bizimodua aztertzeko.
Liburu laburra da, irakurraldi bakarrean aise irakurtzekoa, arina, azkarra, bizia, elkarrizketaz betea. Eta ironiaz, ironiaz blai, deskribapen ironikoak, esaldi ironikoak orrialdez orrialde dabi1tza liburuan zehar dantzan. Orainaldia eta ondorengo orainaldi a, erraz jarraitzen da kontakizuna, ez dago atzera edo aurrerako jauzirik, oroitzapen malenkoniatsuez mozorrotutako bizipen lausoak dira salbuespena.
Ospakizunera iristean, familia handiarekin elkartzean ohikoa izaten denez, begirada aztertzaile elektronikoak abian dira, bakoitzak aukeratu duen trajea da kritikatzen den lehen gauza, lehen kolpetik bestearen bizimodu tristeari erasotzea gogorregia baita . Endoskopia horretatik ihes egitea erabakitzen dute Simon, Lola eta Garancek, laugarren anaiaren bila doaz, Vincentekin elkartzea dute irrika, guztiak elkartu eta lipar batez atzera egiteko, bidegurutzera iritsi eta gelditzeko eta, ahal bada, norberaren bizimodu itsu horretan perretxiko bat jasotzeko, haluzinogenoa. Eta iraun beza haren astinduak, ahalik eta gehien.
Beranduegi da, ordea, gurpila azkarregi doa 180 graduko bira emateko eta galga dagoeneko non dagoen ahaztu zaie, istripua gerta daiteke. Geldialdia egiten dute eta ez da gutxi, baina bizimodu zaharraren ateak zabalik dituzte, zain.
Hau da Anna Gavaldari irakurri diodan lehen liburua; ez da, ordea idatzi duen bakana «Maite nuen» eta «Ensemble, c'est tout» agertzen dira letra lodiz azpimarratuta kritika gehienetan. Aurrerago beharko du; egia da liburu hau erraz irakurtzen dela eta umorea ere ez zaiola falta, baina larunbat arratsaldean telebistan bota ohi dituzten film horiekin alderatzen dut, denbora pasatzeko ongi, baina ez bilatu bertan aparteko kontakizun edo zirrararik.
Jon Muñozek euskaratu du liburua, arreta eman didate esamolde zenbait erreproduzitzeko trebetasunak. Bikain baliatu ditu gure ku1tura linguistikoan iltzatutako zenbait esapide idazleak islatu nahi zuena azaltzeko. Gainerakoan ere fin, liburuari berez dagokion freskotasuna mantendu du, trebetasunez.
Horratx bada, ihesaldi honetan ezkutatzen dena, liburu mardulak alde batera utzi eta larunbat arratsaldea, etxean, ipurdia sofan botata, pasatzea hautatzen duzuenerako, gorde hau apalean.
Iker Zaldua