Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Hasi hasteko

ARALAR, GOGOKO ITURRI Koldo Zubeldia. Erroteta-Poesia.

li79    

Zaindu ezazu zure hizkera. Hitza. Bizitza laburregia da, eta gure lurra txikiegia bera gudu-zelai bihurtzeko. 

Irunen, 2011ko buruilaren 1ean.
Koldo Zubeldia olerkari maitea,
Zer moduz zabiltza Aralar alde horretan?

Beharbada txikiegia, laburregia da olerki-liburu hau, baina sakona bere umiltasunean, soiltasunean. Olerki-liburu gisa Zaldibiatik idatzi zenidan eskutitza otsailean, eta nik erantzuten dizut buruilean.

Kandu da bihotza, eta hotz pentsakor gelditu nintzen, neguturik udaberria eta uda pasatu da. Hiztegian begiratu dut “kandu” hitza, eta lanbrotu zait bihotz eguzkitsua, itxaropentsua. Lore bakun honen kirtenetik aterako ote da fruiturik?

Ez dakit, baina maite dut. Nire bihotza maitasunez beterik dago, eta oraindik ere, ahul bada ere, ematen segituko du. Ez dakit uda hotz eta bakarti hau nire errua izan den osoki, baina bihotzeko lagunak beti eramaten zaituztet bihotzean, gau eta egun, baita maitemindu ninduen hura ere duela ia sei urte. Uda hotz honetatik udazken epela dut amets, eta lagun minaren besarkada bilatzen dut.

Zur eta lur irakurri ditut olerkiok, harriturik, ezin baita poesiarik ulertu buruarekin, batez ere bihotzetik jalkitako hitz xume bezain jatorrak direnean. Harriturik nola hitz gutxirekin horrenbeste esan daitekeen.

Sor eta gor, zein naizen ni galdegin dizut zeure buruari, eta zu beti sufrimenduari atxikirik harriaren zama bihotzetik dilindan, oroitzapenek bulkatzen naute eta ametsek tiratzen gaur eta hemen ni.

O Zaldibi olerkariaren hizkuntzaren harrobi, o sufrimendu, o sormen, bihotz atsekabeak sorminean du bilatzen besarkada amultsu hori, eta soin izugarri horrek euria jasaten du. Kopeta izerdiz bustia, olerkaria malkoen mikaztasunean ongi sentitzen da, itsasoko uhinetan zain baitago. Ni ere zain nago itsasoari begira. Noizko? Zergatik?

Norberaren bidea eta egia bilatzeko irakurri ote dut zure eskutitzezko olerki-liburua? Zutoin sendoa naizela diostazu, ez egoteko lo, begiratzeko niri so. Egizak on eta begiratu non, eta bila bonbilla pila borobila. Ez dago aditz askorik olerkiotan, soilik hitzak, hitz jolasak eta herriak, sentitutako toki-izenak. Idaztea jolas hutsa baita, eta liburuak lau edo hamalau izanagatik ere, nik ere ez nahi eguna bihurtzerik gau. Idaztea jolasa dugu, baita babesa eta lanabesa ere.

Aralarreko belardiak ihintzaz blaituak dira, goizez oskarbi naizena, gauez naiz euri. Herri-jakintza zabala biltzen duzu, olerkari, zure baitan, xume. Mendian ibiltzen dira batzuek, beste batzuek mendian bizi diren bitartean.

Maite zaitut nik ere, olerkari maite, maite dut Oiartzungo txistu isila, maite dut Lartzabalgo bihotzeko laguna, maite Gorramendiko artzaina, maite dut Donamariako dama, Amaiurko sorgina, maite dut Alpeetako Leidia eta Irungo Madame-andrea… maite dut ama, eta maite zaituztet guztiok, ene bihotzean zaudeten guztiok, ene gogoko iturri zaren hori, fisikoki ikusi ez arren, gau eta egun eramaten baitzaituztet nirekin.

Maitasunez eta adeitasunez

Ainara Maia

E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago