Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
FATUM 
Patua eta fadoa
ARRETXE, Jon. Elkar , 2008
 
luma50a    
Fadoa, agurra, tristura, ustekabea, maitasuna..., osagai horiek eta beste asko ditu bidaiatzeko zaletasuna eta  polizia eleberria uztartzen dituen intrigazko nobela honek. “Bidaia-liburu  beltzak” delako etiketa asmatu zuen  Jon Arretxek, Fatum bezalako liburuak  izendatzeko, bertan nahasirik ikusten  baititugu, batetik, nobela beltz  klasikoaren bereizgarriak (pertsonaia  dekadenteak, hala nola, polizia ustelak,  jonkiak, etorkin pobreak, arloteak eta  prostitutak; eta tartean hilketa batzuk  ere bai) eta bestetik, bidaien literaturaren ezaugarriak. Nabarmentzekoa  da, baita ere, nolako garrantzia ematen  dion egileak patuari: fado hitza latinezko fatum-etik dator; eta fatum-ek patua esan nahi du. Alferrik da patuaren kontra ezer egitea, Jon Arretxek  liburuaren zenbait pasartetan adierazten digunez; horra liburuaren ardatz  nagusietako bat. Luze-laburraren harira, bere estiloarekin segitzen du Arretxek: liburua 150 orrialde ingurukoa da,  eta kapituluak motz samarrak; horrek,  inondik ere, erraztu egiten du liburuaren irakurketa.

Fatum Lisboan gertatzen da, eta Lisboan gertatze hori ez da kontu ñimiñoa: kontakizuna Lisboako zati baten deskripzio txukuna da (alderdi zaharrarena?) eta ia-ia bidaia-liburua dirudi. Lisboan banengo, seguru asko liburua hartu eta aipatzen diren kaleak elebe rriari jarraituz bisitatuko nituzke. Bisita polita izan daiteke, bai horixe.

Arretxek hiru bidaia egin zituen hiria gertutik ezagutzeko. Mouraria auzo marjinalaren ondoan bizi izan zen. Gauez, Alfamako fado-etxeetan, Barrio Altoko tabernetan eta Anjos-Intendenteko prostituzio eta droga-guneetan ibiltzen zen istorioen ehizan. Bizipen horiek guztiak inspirazio iturri agortu ezinak gertatu zitzaizkion Basauriko idazleari. Behin, Alfamako fado-etxe baten zegoela, gizon txiki eta lotsati bat ikusi zuen O cavalo russo kantari, eta berehala ikusi zuen bere lanaren protagonistak, Mario Barbosa polizia ohiak, itxura hori izango zuela. Hala izan zen. Eta itxura ere ezik, izena ere lapurtu zion gizonari, Mario izena jarri zion-eta Fatumeko protagonistari.

Zertan ikusi dut eskasago liburutxo hau? Hara: ikerketaren muina nahiko ahula da, nola deskubritzen du polizia ohiak “pastela”? Bada, besterik gabe, halako batean, batek esaten diolako. Horretarako, ez da polizia izan behar. Kontakatilua aldean edukitzea, nahikoa. Errazegi topatzen du Mario Barbosak giltzarria. Eta akats hori lehenago ere egin izan du Arretxek.
Horrelako kasu ilunak ezin dira hain erraz  argitu, sinesgarri izango badira.

Hala eta guztiz ere, merezi du liburua irakurtzeak. Hasieratik bukaeraraino gustura irakurtzen delako, batik bat irakurtzen erraza eta entretenigarria delako. Eta Lisboara joateko gogoa pizten duelako. Lastima orain Lisboan ez egotea.

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago