Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Garai ilunen indusketa 
HILOBIKO ISILTASUNA Arnaldur Indridason | Itz: Julen Gabiria Alberdania & Erein, 2010
 
li44    
pdf    
Arnaldur Indridason aukera dute Alberdania eta Erein argitaletxeek elkarren artean sortu duten Batera sailaren apalategia literaturaz hornitzen hasteko. Idazle islandiarra da, Reykjaviken sortua, eleberri beltzaren lagun eta sortzaile.
 

“Hilobiko isiltasuna”2001ean argitaratuzuen eta bederatzi urte behar izan dira Islandiatik Euskal Herrirainoko bidea egiteko. Esan bezala, eleberri beltza dugu aurrez aurre, poliziakoa, Reykjaviken kokatua. Horrenbestez, leku eta pertsonaia guztien izenak islandieraz ematen dira eta irakurlea trabatu egiten da ezinbestean, errepikaren errepikaz ezagun egin arte. Dena den, komeni da horri dagokionez aipu labur bat egitea, izan ere, idazlea jolasean ari da izenekin, irakurleari (islandiera menderatzen duenari, noski) pistak ematen dizkio izenetan ezkutaturik. Adibide batera, eleberriko pertsonaia nardagarrienak Grimur izena du, «basati»-ren baliokide dena. Bestalde, bada Grafarholt izeneko muino bat, islandieraz «muinoko hilobi» esan nahi duena. Azkenik, Erlendur aipatu behar, protagonista nagusia, eleberrian zehar sakabanatzen diren hari guztiak batzen dituena, Zuberoan erabiltzen zen «manexa» litzateke inspektorearen izena.

Hala ere, Erlendurren esanahia ez dugu soilik liburu honetan bilatu behar; Indridasonek 1997an sortu zuen pertsonaia  hau eta bere liburu poliziako guztietan agertzen zaigu, liburuz liburu eraikitzen den pertsonaia da. Kasu honetan, beste bi inspektorerekin ikusiko dugu, Grafarholt muinoaren hegal batean eraikitako auzoan agertu diren hezur batzuen miran, haien jatorri iluna argitu nahirik.

Hori da aitzakia, XXI. mendea zabaltzearekin batera lurraren azpitik altxatu den eskeletoa norena den jakitea. Hala, idazleak bi istorio sortzen ditu, paralelo izan nahi dutenak, amaieran elkartu egingo direla ageriko kontua dirudien arren. Alde batetik, XX. mendeko lehen erdira egingo dugu atzera, Bigarren Mundu Gerrak Islandia harrapatu zuen garaia zapaldu arte; orduan jazotakoak bigarren istorioan ikergai dira, XXI. mende hastapenean.

Horrenbestez, ez nuke intriga azpimarratuko, baina erritmoa sartzerakoan asmatu egin dela esango nuke. Batetik besterako jauziak egiteko disimulurik ez du, badakigu noiz gauden gerra garaian eta badakigu noiz haiek aztertzen. Gainera, pertsonaia bakoitzak badu bere istorio txikia eta luzamendu gehiegitan ibili gabe garatzen ditu, istorio nagusia ahantzi gabe. Dena den, zenbaitetan eztabaidagarria ere izan daiteke ildo nagusia krimena argitzea ote den, horregatik erabili dut aitzakia.

Izan ere, genero-indarkeriak garrantzia nabaria du eleberrian; indarkeria fisiko eta psikologikoa Grimurren atzaparretatik irteten dena eta tratu txar psikologikoa Erlendurrek eragin eta jasan duena. Alde batetik, inspektore tristearen emazte zein alabak isiltasun eta hitz pozoituak oparitzen dizkiote, gorroto plastikotan bilduak. Baina, beste alde batetik, gozoki maltzur horiek zerbaiten buelta direla dirudi, nahiz eta idazleak Erlendur gizajoaren aldeko epaia eman.

Liburua ustekabe txiki batekin amaitu arren, irakurleak aurreikusi egin dezake azken puntuak zer gordetzen duen, ustekabeak zein bide egingo duen, nahiz eta agian, bete-betean ez asmatu, arestian aipatu dut intriga ez dela giro horretan hegan dabilen txoria.
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago