Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Mozorrorik gabe

HERIOTZARAKO JANTZITA Donna Leon /Itz. Jesus Maria Lasa Erein, 2009

li15    
pdf    

Donna Leon estatubatuarra izan arren, aspalditxoan Italian bizi da, Venezian, eta bertan kokatzen ditu bere liburu gehienetako gertaerak. Honako hau, Guido Brunetti komisarioa pertsonaia nagusi duen hirugarren alea da, jatorrizko bertsioan 1994an atera zena. Harrezkero, beste hainbat argitaratu ditu, azkena iaz bertan, eta dagoeneko polizia eleberriko idazle ezagun bihurtu da.

Venezia inguruko Mestren hilotz bat agertu da, trabesti itxura eta aurpegia erabat desitxuratua duena. Egunez langile mordoa biltzen duen industrialdea, iluntzean prostituzio gune bilakatzen da, eta badirudi gauak utzitako biktima berri hau ere inguru honi lotzen zaiola. Hemendik abiatuta eta nobelak aurrera egin ahala, guztia hain sinplea ezin dela izan ikusiko da, Eliza, Finantzak eta Gobernua zuzenean ala zeharka ukitzen dituen argumentuan.

Gertaerak eta zantzuak pixkanaka joango dira agertzen, haserako hariei tiraka, ikerketa lanari jarraituz, pausuz pausu, ustekabe arraro edo tranparik gabe. Alde honetatik, beraz, idazleak zuzen jokatzen du, polizia lana nola burutzen den azalduz eta amaiera honda zezakeen sorpresarik gabe.

Protagonista nagusia Brunetti komisarioa bada ere, istorio guztia jazotzen den tokiak ere aparteko garrantzia du. Venezia hiri aski ezaguna izanik bere inauteri, zinema jaialdi, gondola edota biltzen dituen turista andanarengatik, guztiok dugu nolabaiteko irudia buruan, bisitariaren begiekin ikusten duena. Donna Leonek, aldiz, bertan bizi eta lan egiten duen jendearen begietatik erakusten digu hiria. Zubi, kale eta elizak aipatzen ditu, baino baita hiriko dialektoa, kutsadura, etxebizitzen prezioak eta beste hainbat kontutxo ere. Horrez gain, eta modu berezian aipatzearren, uda garaiko etengabeko bero eta hezetasuna, bertakoak kanpora bultzatzen dituena, kanpokoak bertaratzen diren bitartean. Bero sargoriak markatu egiten du nobelaren erritmoa; lasaitasuna, patxada ematen dizkiola esango nuke.

Egungo Italiako gizarte (beste askoren ispilu) ustelduaren trazak ere modu askotan agertzen dira, etika ezaren, hipokrisiaren, gorrotoaren edota diruzalekeria itsuaren eskutik. Oroz gain finantza mundua nagusitzen den Mendebaldeko kulturan, esperantzarako leku murritza den honetan, Brunettiren modukoek bigarren mailako paperak betetzen segituko dute. Horren jakitun izanik, komisarioak ez du ur handitako borrokatan sartzeko asmorik eta berari dagokiona, arlo pertsonal zein profesionalean, ondo egitearekin nahikoa du. Superheroietatik urrun, pertsonaia atsegina iritzi diot.

Laburbilduz, gustura irakurtzen den liburua da, gai eta ertz asko ukitzen dituena eta ongi landutako pertsonaiak aurkezten dizkiguna. Erein argitaletxeak hasi berri duen Uzta Gorria sailak, beste hizkuntza batzutan salmenta handiak lortutako liburuak euskaraz irakurtzeko aukera berri bat eskaintzen digu. Gainera beste zenbaiten aldean, formatua ere gustatu zait, batez ere, bistari gehiegizko lanik eskatzen ez dion hizki tamaina erabili dutelako.

Irakurleak badu Venezia etxetik bertatik ezagutzeko modua, baina aurtengo udan bisitatzeko asmorik izanez gero, ez dut uste hau irakurrita gogo handirik geldituko zaionik.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago