Etapa guztiz normala
BI MARRA ARROSA Jasone Osoro Txalaparta, 2009
Bi marra arrosekin hasten dena liburuaren hasieran, Duna bihurtzen da beronen akaberan. Hauxe da Jasone Osorok kontatzen duena liburu honetan, bere lehen alabaren haurdunaldia, alegia. Dirudienez, bederatzi hilabete inguru horietan zehar egunkari bat idatzi zuen bere aldaketa fisiko eta psikologikoen berri emanez, bere burutazioak esplikatuz, eta horren ondorioa da gure eskuetaraino heldu den testigantza. Horrena eta bizitza berri baten sortzearena.
Egitura aldetik, hiruhilekotan zatitu du elgoibartarrak honako lana. Bakoitzaren hasieran haurraren eboluzioa kontatzen du, zelula izatetik, enbrioi izatera lehenengo eta fetura ondoren nola pasatzen den. Besoak, eskuak, hatzak, azkazalak garatzen nola doazen. Honez gain, garaian garaiko amaren sintoma fisiko eta emozionalak zeintzuk izan ohi diren esplikatzen du. Honen ondoren eta atal laburren bidez, haurdunaldiarekin lotutako gauza txiki eta ez hain txiki horiek berak nola bizi izan zituen azaltzen digu. Hasieran inori esan behar ez baina guztiei esan nahi den albistea, geroagoko amniozentesia eta O’Sullivan testa, bukaera aldeko hanka astunak edo haurraren kokapena. Eta une oroko zalantza, beldur, errezelo eta antzekoak.
Liburuan zehar aita eta bikotekideari buruz ere mintzatzen da idazlea, baina gibel solasean, Lander Garrok aitaren ikuspegitik bere kasuaren berri ematen du. Gizonaren paperaren parekoa da pasarte hau luzerari dagokionez. Haurra eta amaren atzetik, beti beste maila batean egotea tokatuko zaio prozesu osoan, baina interesgarria da horri ere erreparatzea.
Oro har, oso modu arinean kontatzen du guztia Osorok, gertutasuna antzemateko moduan, konplizitatea sortu nahirik. Izan ere, berak pasatutakoaren moduko zerbait bizi baitu egunero hainbat emakumezkok. Dena den, ez du gida bat izan nahi, zer egin edo egin behar ez den dioena. Bere kasua azaldu nahi du baina hartu beharreko erabakietan alde batera edo bestera lerratu gabe. Horregatik ez da gomendio kontuetan erortzen, berari esan zioten bat emanez bakarrik, «erabakiak hartzeko garaian, gehien lasaitzen zaituena har ezazu».
Informazioz gainezka bizi den gaurko gizartean, etorkizuneko gurasoek hainbat eta hainbat iturri dituzte haurdunaldiari buruz gehiago jakiteko, hala nola paperezko aldizkariak, liburuak, webgune espezializatuak, Interneteko foroak, eta abar. Gainera, senide eta lagunen kontakizun nahiz aholkuak ere hortxe daude. Eta unea iristean, baita mediku eta emaginen eskarmentua ere, noski. Hala ere, euskal literaturan ez dago horrelako kroniken alerik, Arantxa Iturberen “Ai ama” salbu, eta hutsune hau betetzen laguntzera omen dator Osororena.
Izan ere, euskaraz gehienbat nobela, ipuin eta poesiak jasotzen dituzte euskal editoreek, baina horiek duten merkatua mugatua ei da. Aldiz, inguruko hizkuntzei erreparatuz gero, hankamotz gabiltzala diote beste era bateko liburuetan. Eta hala izango da ziurrenik. Beraz, ongi etorriak izan daitezela, bai liburu berriak, bai irakurle berriak. Eta hurrengorako, agian, haurra jaio osteko garaiaren gorabeherak konta daitezke edota prozesu osoa aita baten ahotik agertu. Ea nor ausartzen den, ez baita errazena norberaren intimitateak ere agertzen diren kronikak argitaratzea.