Poesiaren hausnarra
DENBORA ENAREN HEGALETAN Karmele Igartua Pamilea, 2009
Karmele Igartuaren bigarren literatur lana da Denbora enaren hegaletan, iaz argitaratutako Hitzak orbainetan poesia liburu sarituaren ondorengoa -Felipe Arrese Beitia saria jaso zuen-. Lan berria, poesiazkoa hau ere, Pamiela etxearen eskutik eman du argitara, eta liburu trinko eta landua da. Gehiegikeria gutxikoa, poema bakoitza halako perfekzio baterantz bideratzen da, hitz bakoitza poetikoki nahiz espazialki ondo zainduz. Ez da poema bilduma bat, osotasun markatua duen obra baino, eta zentzu honetan nahiko kasu berezia, poema bildumak nagusitzen diren egungo euskal poesian.
Liburuaren oinarrian dagoen kontzeptu nagusia, seguruenik, denborarena da, eta, beraz, poemetan denboraren igarotzearen inguruko hausnarketak topatzen ahal dira etengabe. Tradizio luzea dute poesiaren historian denboraren, eta orokorrago, izanaren gaineko poemek. XVII. mendeko poeta ingeles zaharrek dagoeneko gai filosofiko hauen ildoetan idatzi zituzten beren poemak, eta soka luzea osatu zuten, gaur egungo poeta handienetaraino (John Ashbery, ezagunena aipatzearren). Gurean ere, gutxi asko, poesia ulertzeko molde hau aski presente egon dela esan dezakegu, oraindik ere sano indartsu dagoela. Xabier Letek aurten jasotako Euskadi Saria edo azken aldian sortutako manifestu poetiko bakarra -Pentsamenduaren poesia- zentzu horretan uler litezke. Kontua da emaitza hauetariko franko aurreikusgarriak eta kontzeptualegiak begitantzen zaizkidala. Arazoa, funtsean, hizkuntza filosofikoa poetikora eramateko langintza horretan dagoela iruditzen zait, hizkera filosofikoak poema zapaltzen duelako. Beste modu batera esatearren, T.S Eliotek aipatzen zuen korrelatu objektiboa dute faltan. Tradizio anglosaxoian -poeta handienetan, bederen-, aldiz, pentsamenduaren sakontasun hau hizkera hanpatutik at eta elementu konkretuetatik abiatuz zertzen da. Gurean, neure ahoz, pentsamenduaren poesiatzat jotzen direnetatik dezentek arazo horixe dute, eta ez da kasualitatea, azken boladan auzi hau hobekien ebatzi duen poetetako bat Kirmen Uribe izatea -bere Bitartean heldu eskutik-en-, Iparramerikako poesiaren irakurle fina, agidanez.
Denbora enaren hegaletan honi, bada, eragozpenik ipintzekotan hor kokatuko nizkioke -nahiz eta ez beti-, eta hausnarketa filosofikoari molde poetiko zehatza ematen ahalegintzen denean, bide akaso urratuegiak -enara beltza, ortzadarra, izarrak- erabiltzean. Zenbaitetan errepikakorregia ere ez ote den begitandu zait, eta anaforaz gehiegi baliatzen ez ote den. Haatik, berretsi nahi dut Igartuak erakusten duen talentu eta argitasun poetikoa, batez ere arestian aipatu keria horiek dituztenen lan askoren aldean. Hala, ale bikain bat baino azpimarratuko nituzke: Memoria -I-, IZARRETARAINO...!, ERRARIAK. Gainera, aipagarria da, lehenago iradoki bezala, poemak materialki eta espazialki lantzeko modua, sarri askotan poemak erdibitu egiten dituelarik gidoien bitartez. Irakurketa moduak biderkatu eta poemei halako mugikortasuna ematen die honek.
Tere Irastorzak liburuaren aurkezpenean Igartua Leterekin erlazionatu zuen eta, baiki, lotura ez dela debaldekoa uste dut. Izan ere, denboraren hausnarketarekin batera, ia ezinbestean, galeraren ideia azaltzen zaigu Denbora enaren hegaletan-en, zeina Egunsentiaren esku izoztuak-en erdigunean dagoen ideia baita. Leteren tonu dramatikoaren aldean, ostera, Igartuaren poesiak aire apur bat ematen digu, iluntasun hori apalduz: «Eta orain, ba, / ez nau hiltzeak arduratzen, / biziak bai, eta bizirik bizitzeak.»
Beñat Sarasola