Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Arrasto baten testigantza

EUZKADI MEREZI ZUTEN  Koldo Izagirre  Susa, 2009

li6    

Duela 25 urte Koldo Izagirrek atzera begiratu zuen begien bistatik urrutiratzen ari zen garai ilun batek utzitako arrastoa ikusteko. Orduan mende erdia baino gehixeago joana zen eta gertaerak kontakizun bilakatuak ziren, merezi zuen ahaleginak, batez ere, aipatu arrasto horretan odol tanta ugari nahasten zirelako.

1984. urtea genuen eta Izagirreren lehen nobela zen hura. Ordutik ez da geldi egona eta ekarpen asko utzi ditu hainbat molde eta arlotan. Orain, Susa argitaletxeak arrasto hura ekarri nahi izan digu berriz ere, bi hamarkada gehiago bete dituen arrastoa, ia mendebete duen arrastoa beraz. Berrargitalpenak badu justifikaziorik kasu honetan, izan ere, Hordagotik Susara 25 urteko bidea egin du testigantza honek, eta tarte horretan izan da arrasto hura, gerra hura, borroka hura gogora ekartzeko ahaleginik, ia mendea igaro den arren, asko baitira desagertutako testigantzak, desagerrarazitako kontuak eta are, desagerrarazitako gorpuak, tantaka agertu direnak minaren aringarri saminaren oroigarri.

Gure bazter eta txokoak, bidezidor, kale, plaza, herri eta hiriek jasan zuten astindua irakur daitezke arrasto horretan. Monarkia, Errepublika, altxamendu militarra eta gerra, koktel izugarria, izugarriegia, sortutako mozkorraren ajea gainditzeko. Izagirrek mutiko baten mingaina ekarri eta dantzan ipintzen du, orduan jazotakoak jasotze aldera. Oroitu ahala ematen ditu azalpenak, sekuentziatan, solte; irakurlearen zeregina da guztiak batu eta egituratzea, ez da nekeza eta, bide batez, eskertzekoa ere bada, egun ez baita oso ohikoa irakurleari ere berea eskatzea. Pasadizo xumeenak patrikan pistola hartuta, orduko kezka eta egoeraren salatari.

Pasaia eta inguruetan gertatua eta gertagarriak, giro industriala eta landa giroa elkar hartuta, historia egin duten istorioek merezi duten errealismoz apaindua, izan ere, hainbat baserri izen ageri dira eta are, gure belarrietan ostatu hartu duten benetako pertsonaiak, Txirrita edo Victorio Luzuriaga kasu.

Errealismoari erritmoa gaineratuko nioke, deskribapen ugari gorde arren, istorio laburrek eta aurrez aipatutako soltetasunak abiadura ematen diote kontakizunari eta hona iritsita merezi du hizkuntzari aipamen berezia egitea. Argi dago, 25 urte ez direla alferrik joan, idazmoldeak ez dira egonkorrak eta orrialde hauetan nabari da aldaketa. Herri hizkerako hitzez zipriztintzen da kontakizuna, oso-osorik, hiztegi aldetik erakusketa aipagarria da, norberak erabaki behar du erakusketa horren aurrean zer egin, paratu eta behatu, burua nekatu eta hitza hitzari lotu edo aurrera jarraitu, hiztegia hartzearen nagi. Horrenbestez, Izagirrek, berariaz edo ez, beste ariketa bat dakarkigu hemen, berriro irakurleari lanari ekiteko proposamena luzatzen dio, nahiz eta ariketa hori egin gabe ere istorioa uler daitekeen, baina, jakina, ez da berdina.

Finean, hori da berrargitalpenak eskaintzen duena, arrasto hura hona ekarri eta ezkutatzen dena azaleratzea, gordetako bizipenak, isildutako testigantzak, garai hartan egokitu zirenei gertatuak, garai hartako egunerokotasuna, bataioak, bidaiak edota aski ezaguna dugun euskaraz hitz egiten ez duen eraztunaren egia. Orduko giroa, gure kaleetan, Hernanin edo Herreran, dena jauzika kontatua, erritmo biziz eta hiztegi aberatsa lagun.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago