Solasean Harkaitzekin
Argazkia: Gorka Azkarate |
Harkaitz Cano. Euskal literaturaren gailurrera hurbiltzen goiztiarra. Gaztea izanagatik, sormen literarioaren alorrean ibilbide luzea egin du dagoeneko, baina ibilbide are luzeagoa du oraindik aurretik. Askok, euskal literaturako erreferentetzat dauka egun idazle lasartearra; berak, ordea, umiltasun harrigarriaz, eguneroko lanean aurkitzen du laudorio eta miresmen hitzetatik babesteko gordelekuetan ezkutukoena. Udaberri estreinatu berriko arratsalde euritsu batean, aterkipean hurbildu nintzen, bustitzea saihestu nahian, Donostiako alde zaharreko kafetegi batean artistarekin adostu hitzordura. Alferriko izan nuen, baina, aterkiaren babesa, elkarri bostekoa eman bezain laster elkarrizketatuak eragindako hitz, keinu, ideia, forma geometriko edo kolore zaparradarengandik babesteko. Aterkirik gabe nahiago, gainera.
----------------------------------------------------------------
... eta egun hartan idazle izango nintzela erabaki nuen.
Gainetik zama handia kendu zenuen, beraz, zeure buruari eta ingurukoei idazle zinela
Hala da, bai. Azken finean, jendearengan eragin bat izateko idazteaz gain, jendeak bakean uzteko ere idazten dugu neurri batean, mundu honetan gaizki ikusia baitago ezer ere egin gabe bizitzea. Horrek zertan egiten du lan? Utziozue, idazlea da, egingo du zerbait. Bestalde, betidanik izan dut idazteko grina; gogoan dut 6-8 urterekin kazetaria izan nahi nuela, baina albisteak asmatzen zituen kazetaria. Geroago jakin nuen kazetariaren lana ez zela albisteak asmatzea, gertakizunen kronika ematea baizik. Etxean ordu asko ematen nituen egunkarietako orriak mozten eta albisteak asmatzen. Azken finean, kontakizuna, narrazioa bera, gurekin datorren zerbait da, idazlea izan ala ez.
Lubaki Banda taldeko kide izan zinela dio, haserako lerroetako batean, zure kurrimulumak; zer zen, zehazki, Lubaki Banda?
Geronek idatzitako testuak irakurtzeko elkartzen zen taldea zen Lubaki Banda; Urruzuno bezalako lehiaketetan saridun suertatu ginen gazte batzuk eta Susa argitaletxearen inguruko jendeak sortu genuen 1993. urtearen bueltan. 15 edo 16 urterekin, ez zen erraza idazteko zaletasuna zuen jendea topatzea, eta esperientzia oso aberasgarria izan zen, nahiz eta taldea osatzen genuen lagunetako bakoitza Euskal Herriko punta batekoa izateak taldearen mugikortasunari gehiegi lagundu ez. Bermuden triangeluaren moduko zerbait ginen...
Ikasketaz abokatu, ofizioz idazle.
Kuriosoa da: jendeak uste zuen zuzenbidea ikasten nengoela eta idaztea nire zaletasun edo hobbya zela; baina alderantziz zen, zuzenbide ikasketak ziren hobby. Egia esan, ez dakit nola bukatu nituen ere. Neurri batean, hala ere, zuzenbideak badu literaturarekin nolabaiteko antzekotasuna, anbiguotasun eta zehaztasunaren eremua zingiratsua baita, nola zuzenbidean, hala literaturan. Eta nik eremu zingiratsu hori dut gustuko.
Nola definituko zenuke, hitz gutxitan, zure estiloa?
Zaila da definitzea; gainera, oraindik nire estiloaren bila ari naizela sentitzen dut. Kontakizun nagusitik pixka bat aldendu eta istorio paraleloak kontatzeko joera natural bat badudala uste dut, digresiorako joera natural bat, alegia. Bestalde, gustuko dut oinarri batetik abiatu eta, iparrorratzaren laguntzaz, istorioak nora naraman deskubritzea, kontakizunaren garapenean sorpresak topatzea. Distantzia luzekoa baino laburrekoa gehiago naizela ere esango nuke, hots, ipuinzalea. Ipuina amaitzen da eta utzi, abandonatu egiten duzu. Kitto, amaitu da.
Orain arteko bere obra aztertuta, surrealismora edo hain agerikoa edo azalekoa ez den mundu batera
Egia da, bai, neure burua kontrolatu beharra daukadala batzuetan, kontakizuna onirikoegia edo ametsen mundutik gertukoegia aterako ez bada. Hala ere, surrealismora jotzeko joerarena ez da ondo interpretatu. Gauza irrazionalak omen daude nere testuetan; konforme, hori hala da. Baina ez dut uste irrazionaltasun hori errealitatearen aurka doan zerbait denik. Irrazionaltasuna errealitate ezarekin identifikatu da eta ez nago horrekin ados. Gauza irrazional andana egin ohi dugu denok egunero. Azken finean, irrazionaltasuna errealitatean sartzeko ate bat da, kontaketan sartzeko ate bat. Nire ustez, badago, neurri batean, errealitatea irrazionaltasunaz esplikatzerik.
Zure liburuetan, halaber, nolabaiteko blues giroa
Idazle guztiok dugu gure kutxa beltza. Kutxa beltzari uko egin diezaiokezu, baina ez da erraza. Borroka zaitezke, ez dakizuna egiten saiatuz, zure berezko ezaugarrien, inpultso naturalen aurka, baina zaila da. Zaila, baina era berean erakargarria. Ez dakizuna egiten saiatzeak baitu benetako interesa. Hala ere, bere berezko estilo edo joeraren aurkako borroka latz horretan, iristen da momentu bat zeinetan idazlea, bere joera horri trabak jartzeaz guztiz akiturik, erotzeko zorian egotera iristen den. Borrokatzeari utzi eta bere kutxa beltza gailentzen da azkenean. Liburu batzuetan nabarmen ikus daiteke prozesu hori. Izan ere, zaila da norbere kutxa beltza, kontakizunaren haseratik bukaerara, guztiz ezkutatzea.
Tarteka, beraz, tronpeta joleak zure kutxa beltzetik burua atera eta kontakizuneko lerroen joana blues doinuz janzten du...
Izan liteke, bai. Aipatu duzun tronpeta jolea, esaterako, nire kutxa beltzean dagoen norbait da. Kutxa beltz horretan daude, halaber, nire lagunek kontatutako istorioak, Cortazar bera, Hemingway... Eta guzti hauek, nire liburuetan agertzen dira ondoren. Azken finean, guztiak datoz nirekin, bat gara. Norbaitek pentsatuko du aipamen hauek, agerpen hauek, bortxatuak direla, ez direla sinesgarriak, apaingarri moduan txertatu ditudala eta ez direla keinuok istorioan era natural batean barneratu. Sinesmenaren eremuan sartuko ginateke. Nik, idazle eta artista batzuei sinesten diet era naturalean egiten dituztela horrelakoak, beste batzuei ez hainbeste...
<< Irrazionaltasuna errealitate ezarekin identifikatu da eta ez nago horrekin ados. Gauza irrazional andana egin ohi dugu denok egunero. Azken finean, irrazionaltasuna errealitatean sartzeko ate bat da, kontaketan sartzeko ate bat>> |
Gidoigile lanak egindakoa zara, telebista eta
Gure belaunaldikook era bisual batean idazteko joera dugu, hori hala da. Irudi gabeko zine zuzendariak gara, funtsean. Hala ere, gaur egun ez didate horrenbesteko inbidiarik ematen zine zuzendariek. Zehaztasunaren kontuagatik, batik bat. Zinean nola adierazi, esaterako, etxe bat hutsik dagoela? Kamera hartu eta gelaz gela inor ez dagoela erakutsiz? Zine zuzendaria etxea hutsik dagoela erakusteko eginahalean tematuko balitz, ordea, zerbait ezkutatzen ari ote den inpresioa sorraraziko luke... Idaztean, berriz, etxea hutsik dago esanaz, etxea hutsik dagoela transmitituko diogu irakurleari. Egia da, baita ere, leku bat deskribatzean hiru segunduko plano batekin lortzen dela zinean, literaturan bi orrialdeko testu batekin agian lortu ere egingo ez dena. Egun, ikusi berri dudan pelikula bati buruz norbaitekin hitz egite hutsak asebetetzen nau; ariketa hau, pelikula berriro errodatzen aritzea bezalakoa da, aktorerik gabe, kamerarik gabe, hitzekin soilik.
Ipuin liburua, narrazio luzea, poesia... Euren artean ezberdin diren literatura motak landu dituzu maisutasun handiz.
Ariketa mota ezberdinak landu ditut; poesia, esaterako, motza da narrazioaren aldean, eta buruan idazteko aukera dago. Narrazio luzean, aldiz, ez da erraza denbora luzez hari narratiboa mantentzea. Kasu honetan, narrazioa idazten hasteko momentuarekin asmatzea da garrantzitsuena. Hainbat gauza argi izatea komeni da, pertsonaiak, inpultsoak... Baina, era berean, ziurgabetasun puntu hori mantentzea ere ezinbestekoa da. Oreka bat egon behar da bi elementuen artean. Gauza gehiegi argi edukita, motibazioa jaitsi egiten da. Zertarako idatzi? Hari gehiegi badaude irekirik, aldiz, galtzeko arriskua handiagoa da. Oreka momentua aurkitu eta olatu hori hartzea, funtsezkoa da. Zenbait gauza argi izanda, baina istorioa usteltzen hasi aurretik.
Ipuin bilduma idaztea, berriz, ariketa erabat ezberdina izango da...
Nobela edo ipuin liburua egitea, ariketa mota ezberdinak dira, bai; bietatik errazagoa zein den esatea, ordea, zaila da. Nobela bat idazteko planifikazio minimo bat behar da. Irakurlegoak, orokorrean, nobelak nahiago ditu, eta egia da, baita ere, nobelagileari errazago barkatzen zaiola, baldin eta kontaketak, gorabeheratsua izanagatik, amaiera on bat badu. Ipuin liburu batek hasi eta buka izan behar du ona, KOz irabazi behar du. Bestalde, oso istorio gutxi daude benetan 600 orri eskatzen dituztenak eta badirudi zure totxoa idatzi arte ez zarela benetako idazle bilakatzen...
Haur eta gazte literaturan ere aritua zara. Omar dendaria, Itsasoa etxe barruan edo Lesterren logika bezalako liburuak argitaratu dituzu, besteak beste...
Egia esan, kasualidadez hasi nintzen alor honetan lanean, enkarguz. Haur eta gazte literaturan, istorio berbera konta daiteke, baina hitz esparrua mugatu beharra dago. Alor honetan erantzunkizuna handiagoa den arren, ez da komeni paternalismo hutsean erortzea ere. Gauzak sinplifikatu egin behar dira eta argiago idatzi. Dena den, poztasun iturri agortezina da haur eta gazte literaturan jardutea. Liburua ilustratua izatea, esaterako, ederra da. Zinearen aspirazio zapuztuaren kontsolazio txikia litzateke marrazkilariak zure istorioa nola birsortzen duen ikustea. Marrazkilaria eta idazlea, biak dira koautore. Biena da arrakasta edo biena porrota.
Irakurle gaztetxoentzat argitaratu duzun azken liburuan, Lesterren logika izenekoan, ez da, ordea, helduei zuzenduriko keinurik falta...
Lesterren logika helduagoentzat da, agian; kontakizunak helduei keinuak egiten dizkie zenbait unetan. Keinu horiek, gainera, liburuan txertatzen dira jakinik haurrak ez dituela ulertuko. Hala ere, ez da txarra zenbait gauza ez ulertzea, aukera bat da, sabaizulo moduko bat. Hitzen bat edo espresioren bat ez ulertzean, jarrera bi hartu daitezke: amorratzea edo zerorrek suposatzea. Suposizioaren bidearen aldekoa naiz ni, litekeena baita ipuina funtzionatzera heltzea, ulertzen ez den hori suposatzeak eragindako zentzu ezberdina hartuz. Kasurik onenean, gainera, posible da istorio paralelo hori jatorrizkoa baino hobea izatea ere!
Zenbateraino izan ohi duzu irakurlegoa gogoan idazten ari zaren bitartean?
Batzar moduko bat daukat nik buruan, buru batzarra deitzen diodana, nire gurasoek, arrebak, lagunek, Borgesek, Italo Calvinok eta abarrek osatua. Zerbait idatzi bezain laster, buru batzarrari igortzen diot, batzarreko partaideek imajinarioki irakur dezaten. Zer pentsatuko luke, esaterako, nire koadrilako Aitorrek hau irakurriko balu? galdetzen diot neure buruari. Aldi berean, neronek eraikitzen dut Aitorren iritzia. Neurri batean tranpa pixka bat egin ahal dudan arren, neure buruarekin zorrotza izatera derrigorturik nago ariketak zerbaiterako balioko badu.
Euskaraz erabat zuzen idatzi beharra hautsi ezin den lege bilakatu den honetan, ba al dago
Poliki poliki pausoak ematen ari garen arren, gai honetan zurrunegi jokatu dugula uste dut. Gidoi batean esnifatu idatziz gero, zuzentzaileak arnastu erabiltzeko gomendatuko dizu. Sentitzen dut, baina ez da gauza bera, arnastu hitzarekin ez dago esnifatu erabiliz lortu nahi nuen efektu bera lortzerik. Oraindik ere horrelako arazoak dauzkagu. Literatura afroamerikarrean, esaterako, hitzegin bezala idazten dute eta ez dago inolako arazorik. Gure idazteko era, ahozkotasun lokalera ireki beharko litzateke. Hogeita bost urtetan hainbat filma eta telesail euskarara itzuli diren arren, ez dago espresio kolokialak biltzen dituen bankurik, ez da sistematizazio bat egin, oraindik ere zalantza egiten baitugu espejo retrovisor edo encogerse de hombros bezalakoak itzultzean. Nola esaten da espejo retrovisor euskaraz? Energia kopuru handia galtzen da honelakoetan...
Dioten bezain garrantzitsua al da lanaren
Batzuetan, izenburua haseratik oso argi izaten dugu eta hori lagungarria da, koordenatu batzuen antzeko funtzioa betetzen baitu idazterako orduan. Beste muturrean, badira inprentara izenbururik gabe iristen diren liburuak ere... Izenburua problema bat da neurri batean, kontakizuna markatu egiten duelako. Izenbururik ez jartzea ere ez dago ondo ikusia... Autorearen kapritxoa behar luke izan, nahiz eta beti horrela izan ez. Argi dagoena da hasera-haseratik izan ezean, buruhauste bat dela amaierararte. Badira izenburu esplikaezinak, Vredaman bezalakoak, adibidez, edo ia ia marka bihurtu diren Sorotan Bele bezalakoak. Zer da Sorotan Bele? Aleatorioki jartzen duzu izen bat eta marka bihurtzen da.
Langile arruntak, astelehenetik ostiralera 8
Idazle izateko autodiziplina handia behar da; gure kasuan, egunak ez dira euren artean gehiegi bereizten. Asteburuan telefonoa ixilik eta posta elektronikoa geldirik egotea, hori da, agian, alderik handiena. Jendeak uste baitu beti libre zaudela eta hori arazo bat da. Gauez idatzi ohi nuen garai batean, igande txikiak bezalakoak baitira gauak, etenik gabeko ordu blokeak. Hala ere, mundua gure lan egiteko moduaren aurka doa, dena baitago tipifikaturik, lanean ebaluazioak egiten dira... Nire kasuan, ebaluazio bat egingo balidate, askotan ez nintzateke 6-8 ordutan egindako zerbait erakusteko gai izango.
Ari al zaizu literatura berari ematen ari zaren guztia
Literaturak, guztiaren gainetik, bizitzeko eta pentsatzeko modu bat eman dit. Jende ugari ezagutzeko aukera ere bai, noski, telebistako jendea, artistak, sukaldariak... Jende askok baitu testuen beharra, euren ideiak ordenatzeko. Idaztea, eta irakurtzea, munduan egoteko era bat da. Irakurri eta idatzi: irakudatzi. Aditz berri horren erabilera bultzatuko nuke nik. Edozein kasutan, ez da ahaztu behar idazle idaztea ofizio bat gehiago dela, eta idazlea, berriz, etengabe pilotu automatikoa martxan daukan norbait, inguruan gertatzen diren istorioak ezagutu eta ikusi nahi dituena.
Adituen ustez, bost euskal idazle onenen artean omen
Egia esan behar badut, neure burua hastapenetan ikusten dut oraindik, bilaketa lanean. Sariak, rankingak eta horrelakoak hor daude eta idazleok horiekin bizitzen jakin behar dugu, baina hori guztia benetako jardun literariotik aparte dagoen zerbait da, gure benetako pasio den idaztetik urrun. Komeni dena da sekula ez ahaztea bat nondik datorren. Ondo gogoan dut, nola ibili nintzen, nere lehen poesia liburua besapean, argitaletxez argitaletxe. Susako Gorka Arresek esan zidan: liburu hau ez diagu argitaratuko baina egin ezak bat hobea eta hori argitaratuko diagu. Beti izango dut zor hori berarekin. Une hartan nigan sinetsi zuen, txeke zuri moduko bat eman baitzidan. Lanean murgildu eta Kea behelainopean bezala izango zena idatzi nuen.
Irakurtzea funtsezkoa da, baita beti adi egotea ere. Bestalde, xehetasunak zaindu eta laztantzea ere, ezinbestekoa da. Kontuan hartu behar da, bigarren mailako pertsonaiek eta xehetasun txikiek, istorioa jaso egiten dutela. Xehetasunak zaindu beharrak atzeraka idaztea eskatzen du sarritan, baina emaitza, irakurketa paraleloak ahalbidetzen dituen istorioa izango da, dimentsio anitzeko istorioa, alegia. Azkenik, nola ez, idaztea, idaztea eta idaztea aholkatuko nuke. Ez dago beste sekreturik. Azken finean, idaztea arraroa bada, arraroagoa da idazten ez duen jendea, denok baitugu kontatzeko zer edo zer. Gabonetan kontatzeko istoriorik ez duena da benetan arraroa.
FLASHA: Itsasoa etxe barruan liburuaren hazia
Haur eta gazte literatura deitu ohi den alorrean, Itsasoa etxe barruan liburuarekin soilik bizi izan dut bete-betean asmatu izanaren sentipena; ideiaren lehen hazia, New Yorkeko jatetxe mexikar batean jaso nuen. Jatetxeko hormak erdiraino urdinez margotuak zeuden eta mutiko bat zebilen, igerian ariko balitz bezala, bi besoez keinuak egiten. Tarteka, burua urdinaren muga baino gorago igotzen zuen, arnasa hartzeko itsasotik burua ateratzen ariko balitz bezala. Eszena hori ume ipuin bilakatu zen azkenean.
|
BURUHAUSTEAK IZENBURUAREKIN: Belarraren ahoa Belarraren ahoa liburuak, izenburu asko izan zituen azkenekoa heldu artean. Hitler Manhattanen deitu nion haseran, nolabait deitzearren, azken izenburua hori ez zela izango ziur nekien arren. Jarraian, Belarraren bisturia ere deitu zen kontakizuna bolada batean. Amaiera aldera, Belarraren ahoa izena jartzea erabaki nuen, baina, poetikoegia zelakoan, Belarraren aiztoa izena jartzea adostu genuen editoreak eta biok. Belarraren aiztoa. Liburua inprentan zegoela erabakia aldatu eta Belarraren ahoa jar zezaten agindu nuen azkenean.
|