Ione Gorostartzu |
--Elkarrizketa: Ibarraldeko Hitza--
<<Adierazi nahi dudana ederki moldatzen da poesiara>> |
Mungiako Udalak antolatzen duen Lauaxeta Poesia saria irabazi berri du berastegiarrak. Horrez gain, laster ikusiko du bere lehen poema liburuak argia, Elkar argitaletxearen eskutik. Poesia duela gutxi deskubritu zuen, eta bertan topatu du bere barnean duena aurkitzeko tresna.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Lehiaketa honetan aurkeztu naizen lehendabiziko aldia izan da. Poesia serioski idazten duela gutxi hasi naiz, eta lehiaketa honetara aurkeztuz, idazteko aitzakia bat nuen.
Nolako lehiaketa da Lauaxeta Poesia lehiaketa?
Mungiako Udalak antolatzen du sariketa. 2011koa laugarren urtea izan da. Lauaxetaren olerki baten izena hartzen dute, eta hori gai bezala erabili behar duzu poesia idazteko. Poesiaren luzera ere zehazten dute.
‘Itsasora!’ izan da aurtengo lehiaketarako proposatu duten gaia. Zer moduz moldatu zara?
Ondo, pentsatzen nuena baino errazagoa izan da. Gaia oso zabala da. Itsasoaz gauza asko idatzi izan da, eta poesian zer esanik ez. Nire kasuan, metafora bezala hartu dut itsasoa, eta jaiotzetik heritzera bitarteko bidaia modukoa egin dut. Azken aldian, heriotzaz eta bizitzaren zentzuaz ari naiz hausnarketa egiten, eta, itsasoa nire ideietara egokitu dut. ‘Itsaso ginen eta itsaso gara’ bezala osatu dut metafora, ‘lur ginen eta lur izango gara’ moldatuz. Hala, jaiotzetik edo itsaso ginenetik, hiltzeraino, itsaso izango gareneraino osatu dut olerki multzoa.
Zergatik heriotzaz idatzi?
Heriotza bertan dagoen gai bat da, baina askotan ezikusiarena egiten dugu. Nire ustez, bizitzak ez du zentzurik heriotzarik gabe. Azken batean, heriotza hemen dugu, eta txoko guztietan ikusten duzu. Literaturan betidanik erakarri izan naute heriotzaz ari diren lanek, eta poesian are eta gehiago.
Ze sari jaso duzu lehiaketa irabazteagatik?
Mungiako udalak bi lan irabazleak argitaratuko ditu bai sarean bai eta paperean ere. Horrez gain, garaikurra eta 800 euroko saria ere jaso dut.
Bigarren sari edo opari bat laster izango da kalean, ezta?
Poema liburu bat idatzi dut, eta Elkarrek argitaratuko du martxoan. Proiektu hau lehiaketa baino lehenagokoa da. Idazle Eskolak ematen duen Karmele Igartua beka irabazi nuen duela urte batzuk. Horren ondotik animatu nintzen idatzita nituen lanen aukeraketa eginez bilduma osatzera. Horrela egin nuen liburua, eta ondoren argitaletxera bidali nuen. Des-egiten izenburupean argitaratuko dute. ‘Deseginez egiten’ ideari jarraitzen dio. 80-90 orrialde izango ditu, eta 60 olerki inguru.
Zer gai ukitzen dituzu liburuan?
Olerki solteak dira. Bizitzaz, heriotzaz eta maitasunaz ari da. Izatearen inguruko poema sorta bat da. Poema solteak dira, baina euren artean lotura dutenak.
Olerki hauek irakurtzen dituenak Ione hobeto ezagutzeko aukera al du?
Neurri batean, bai. Poesia asko erabiltzen dut barruan dudana aurkitu eta ezagutzeko. Oso niretik idatzitako poesia dela esan daiteke.
Erraza egiten al zaizu hain zurea den zerbait kaleratzea?
Bai. Oso nirea den zerbait da, baina, aldi berean, ez ditut nire bizitzako xehetasunak kontatzen. Ez dut sekreturik azaltzen. Baina, ni ezagutzen nauena konturatuko da nire buruaz ari naizela, nire mamuak eta nire zalantzak azaleratzen baitira. Hori bai, beste norbaitek nire poesia irakurtzeak lotsatu egiten nau, ez zait gustatzen, oso nerea baita.
Nola izan da liburua idazteko prozesua?
Ez naiz denbora luzez paperaren edo ordenagailuaren aurrean idazten egotekoa. Esaterako, lagunekin kafe bat hartzen ari naizela ideia on bat etor dakidake, eta gorde egiten dut, gero etxean garatzeko. Zirriborro asko nituen horrela, eta guztiak batu eta txukuntzen lan handia izan dut.
Nondik datorkizu poesiarako zaletasuna?
Txikitatik asko irakurri izan dut. Orain hiru urte Idazle Eskolan hasi nintzen, eta han poesia idaztea egokitu zitzaidan. Hauek idazten oso eroso sentitzen nintzela konturatu nintzen. Nik adierazi nahi dudana egokiago moldatzen da poesiaren neurrira. Orduan, poesia gehiago irakurtzen hasi nintzen, olerkari desberdinen lanak gehiago ezagutzeko helburuz.
Olerkariren bat ba al duzu erreferentzi bezala?
Joseba Sarrionandia asko gustatzen zait, baita Karmele Igartua eta Leire Bilbao ere.
Liburu bat aukeratu beharko bazenu?
Poema liburuetan gehien markatu nauena Karmele Igartuaren Denbora enaren hegaletan izan da. Nire estiloarekin oso bat dator.