Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Solasean Ainararekin

ei_maia   Ainara Maya
(Irun, 1976ko ekainaren 6)

Irungo Txingudi Ikastolan ikasi zuen Ainarak. Gaztetan eguneroko bat idatzi eta letren munduan harrapatuta geratu zuen gipuzkoarra. Hala, ez da harritzekoa, Goi Mailako ikasketak aukeratzerakoan Euskal Filologia hautatu izana. 2006an UNEDeko Idazle Eskolan eman zuen izena eta idazketa teknika perfekzionatu zuen. Donezteben aurkitu zuen euskara teknikari lana, eta handik Txekiar Errepublikara joateko aukera eduki zuen, Brnora hain zuzen eta 2008tik da bertako unibertsitatean irakasle.
 
       

Ainara Maya Urroz.

(Brnoko Unibertsitatean irakasle)

Txekiera eta euskararen artean

antzekotasunak daude

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Argazkiak: Ainara Mayak utziak

Margotzea, kantatzea, antzeztea eta oro har, lotsati ez izaten laguntzen dioten zaletasunak ditu Ainarak. Halere, guztien gainetik, idazteko pasioa daukala aitortzen digu, eta ondorengo elkarrizketa irakurrita, ez zaigu zalantza izpirik geratzen. Bere jaioterritik urruti bizi da, Txekiar Errepublikan. Ondorioz, hizketa gai bakar batera mugatu gabe, hizketaldi zabala eduki nahi izan dugu eta Ainara ezagutzeaz gain, Brno, hiritarrak, txekiera eta bestelakoak hartu ditugu ahotan.

Zer egiten du zu moduko irundar batek etxetik 2000 kilometrotara, Txekiar Errepublikan?

Nik ere ez dakit seguru, baina 2008an Malerrekako euskara teknikari nenbilen ordezko gisa, Donezteben, eta urte hartako maiatzean Eusko Jaurlaritzatik deitu zidaten Brnora, Txekiara, joan nahi ote nuen euskarazko irakurle gisa unibertsitatean aritzera. Nik ez nekien Brno non zegoen ere, baina Praga beti ezagutu nahi izan nuen hiria zen. Halere, maiatza hartan zalantza eta beldur handiak izan nituen, ez nekien aukera horri heldu edo ez.

Zalantzak bai baina animatu eta mundu berriak ezagutzera abiatu zinen azkenean!

    ei2
    Ainara lantokian atarian

Euskal Herrian behin behineko lan bat nuen, eta ez nuen bikotekiderik ez lotzen ninduen inor ere. Hala ere, bazen norbait, lagun min bat, ene bihotzean eta bizitzan, eta aspaldiko partez itxaropentsu zegoen ene bihotza. Lagun min horrek animatu ninduen atzerriratzera, animatu zuen ainara hau hegaldatzera. Eta baiezkoa eman nion Brnoko aukerari, txekiera jakin ez arren.

Momentuz aurtengo –2010eko– ekainera arte geratuko naiz hemen. Ez dakit, egia esan. Lagun batek berriki idatzi dit erranez “ziklogenesi existentzial” batean murgildurik nabilela, eta pertsonalki ez dut neure tokia aurkitzen. Euskal Herrian ez dut lanik edo tokirik, soilik familia eta lagunak –egia esan, garrantzitsuena bizitzan!

Gustuko dut nire lana, baina ez dit inork deitzen ez handik ez hemendik. Ez dakit duela ia bi urteko erabaki horrek nora eramango nauen...

Ikasketez filologoa zara, zer esan nahi du horrek?

Euskaran aditua omen naiz (barre), eta hizkuntzaren alor guztiak (historia, literatura, hizkuntzalaritza, dialektologia...) aztertzen dituen zientzian lizentziatua; ez dut doktoretza–tesirik egin.

Lanari dagokionez, Hondarribiko portuko hizkera biltzen aritu nintzen urtebetez udalaren aginduz eta lan polita izan zen. Bestela, euskararen irakaskuntzan eta itzulpengintzan ibili naiz.

Hizkuntzen zurrunbiloan murgilduta bizi zara. Eleaniztuna izango

zarela sumatzen dut...

Euskara dut ama–hizkuntza eta horrezaz gain, gaztelania hitz egiten dut. Frantsesez ere moldatzen naiz, idatziz eta ahoz. Gerora, ikastolan hasi eta batxilergoan segituz, ingelesa modu akademikoan ikasi nuen; eta alemana hitz egiten dut, Alemanian urtebete pasa nuelako hizkuntza hori ikasten, batxilergoa amaitu eta berehala.

ei1    

Eta orain txekiera ikasi nahian nabil, asko hitz egiten ez dudan arren. Nire laneko hizkuntza gaztelania eta frantsesa dira, hizkuntza horietan azaltzen baitiet euskal kultura bertako ikasleei. Bestela, jendearekin ingelesez edo alemanez komunikatzen naiz, baina eguneroko oinarrizko gauzetarako (erosketak, adibidez) txekieraz egiten saiatzen naiz.

Gainera, Euskal Herritik irten aurretik ez nekien ezertxo ere ez bertako hizkuntzaz, eta hemen ikasi behar izan dut hasiera–hasieratik. Unibertsitatetik kanpo, jende askok ez daki txekieraz besterik, eta hasiera gogorra egin zitzaidan. Gauza bat da gramatika ikastea eta beste gauza bat txekiarrak beraiek entzutea... Erabat desberdina egiten zait!

Gure hizkuntzan ez ditugun hots batzuk daude txekieran, baina antzekotasunak ere badira, nahiz eta idazkera (ortografia) pixka bat aldatu.

Hizkuntzekin jarraituz, nola ikusten duzu euskararen egoera?

Euskarak azken urteetan euskaldunak irabazi baditu ere, argi dago erdaren eragina handia dela, eta politika normalizatu edo normaldu gabe dagoenez, ez da erraza hizkuntza politikarik gabeko lurraldeetan, hala nola Nafarroako hegoaldean edota Iparraldean. Argi dago erakundeen aldetik beti behar dutela hiztunek bulkada, euskara alor guztietan erabil dezaten bermatuz.

Bestela ere, euskararen erabileraren etorkizuna hiztunen esku dago. Euskara oso ongi dago. Milioi bat inguru pertsonek jakin badakite euskaraz Euskal Herri osoan, eta horietatik 700.000 inguruk du euskara ama–hizkuntza. Ez da kopuru handia txekierarekin konparatuz –12 milioi pertsonen hizkuntza baita–, baina lurraldea ere txikiagoa da. Beharbada, euskal estatu bat balego, Estonia edo Mazedoniako kasuetan bezala –lurralde txikiak eta tokiko hizkuntzak hiztun gutxikoak–, berme instituzional handiagoa izango genuke Europan, eta menpekotasun politiko gutxiago Espainiarekiko edota Frantziarekiko.

Egoera hobetzeko errezetarik bai?

Malerrekako euskara teknikari aritzeak esperientzia eman zidan euskalgintzan. Herritarrengan dago giltza, eta haiei eskatzen dutena eskaini behar zaie. Euskaraz bizi badira, euskaraz eskaini zerbitzu eta produktu oro.Jendea ezin da behartu nahi ez duena egitera, eta horretarako, erakartzeko eta seduzitzeko teknikak ikasi behar ditugu euskaraz bizi garen euskaldunok. Euskara ona eta egokia da alor guztietan bizitzeko eta gozatzeko, eta gozatze horri zukua ateratzen jakin behar da.

ei5    
Maia deituriko kafetegia du gogoko    

Itzul gaitezen Brnora. Zer moduz handik?

Negu luze eta zuri honen ondotik, elurra urtzen ari da, eta eguzki hotza zeru urdinean agertzen hasi da. Udaberria hurbil dago, eta oroitzapenekin batera, lotan zegoen oro ernaltzen hasten da.

Eta nolakoak dira hiritarrak?

Biztanleak orokorrean zuzenak dira, isilak eta nahiko indibidualak. Astean zehar ikasle asko ibiltzen da hirian, eta hori nabari da. Bertako kulturari dagokionez, txekieraz oso gutxi hitz egiten dut, moldatzen naiz oinarrizko gauzetarako, baina aitortu behar dut bertako hizkuntza ez egiteak mugatzen nauela. Halere, musikarako eta antzerkirako joera eta gustu handia dute, nire uste apalean. Baina bestaldetik, jokorako zaletasun handia dute txekiarrek, eta horren erakusgarri Non Stop Herna bat aurkitzen dugula ia urrats bakoitzeko: kasinoak edo diru–makinak dituzten lokalak, itxi gabe, 24 orduz irekirik.

Deskribatuko zeniguke hiria inoiz bertaratu ez garenoi?

Brno/Brünn: Kafetegien Hiri Inperiala. 500.000 biztanle ditu Txekiako hego–ekialdeko hiri honek, Pragaren ondotik bigarren hiria da biztanle kopuruari dagokionez, eta hemen bada halako harrotasun edo abertzaletasun moraviar bat sentimenduz bohemiarrengandik bereizten dituena.

Hogeita hamargarren hamarkadan, gerraren aurretik, kafetegien hiria omen zen. Aleman hiztunen komunitatea esanguratsua zen, eta gainera, aberatsak ziren. Vienarekin batera, Brnon kafetegi finak eta onak zeuden, eta gaur egun birgaitze–fasean dago Moraviako hiriburua. Garagardo txekiarra ona eta bikaina da, baina Txekiako Moravia eskualdean, hego–ekialdean mahastiak daude, eta ardo zuria ona da hemen; ondorioz, hiriaren paisaia kafetegiek eta ardandegiek apaintzen dute.

Gau eta egun dabiltza garraio publikoak, gelditu gabe, eta gaueko autobusari “hontza” deitzen dio Brnoko jendeak. Ekitaldi kultural dezente antolatzen dira (zinema–jaialdiak...).

ei3    
Kokodriloa Brnoko sinboloa    

Bizitzeko toki atsegina da, eta erdialde edo alde zahar polita du. Gustuko dut MAIA izeneko kafetegi bat. Gutxien gustatzen zaidana, beharbada, eraikin eder asko nahiko zaharkiturik daudela da. Bestalde, aski bazterturik bizi den ijito–komunitate handia dago bertan, eta horren ondorioz, arrazakeria pittin bat nabari da.

Uste dut bati baino gehiagori hiria bisitatzeko gogoa sartu zaiola!

Egingo al zenituzke gidari lanak?

Noski! Toki asko daude bisitatzeko, baina Brnora iritsi eta berehala, tren–geltokitik Spilberk gaztelu–gotorlekura eramango zintuzketedan, izan udaberrian izan udazkenean, goitik beherantz hiri osoa ikus dezazuen. Gero, jaitsi eta bada kafe bat giro onean hartzeko kafetegi bat terraza ttipi batekin.

Traubka tabernara joango ginateke arratsaldean, Txekiako janari tipikoa bertako garagardoarekin har dezazuen, toki xelebrea benetan.

Staubsee lakua eta han inguruko gaztelura ondoren. Lau urtaroetako edozeinetan ibilaldi atsegin bat egiteko aproposa da, eta bide batez, Brno kanpoaldea ezagutzeko.

Lanera joandako emakumea zara, baina denbora librerako tartea

edukiko duzu, ezta?

Bai. Baina idazteak eta irakurtzeak denbora asko hartzen dit, klaseak prestatu eta emateaz aparte. Aisialdian gitarra jotzeko aprobetxatzen dut, eta hemengo lagunekin ardotara, garagardotara edo kafetara joaten naiz, baita zinemara ere.

Munduko zilbor dela uste izaten du gizakiak eta horretan eroriz, nire ondorengo galdera:

txekiarrek ezagutzen al gaituzte?

Orokorrean ez gaituzte ezagutzen, eta Euskal Herria non dagoen ere ez dakite; ez bada, zerbait euskal gatazkaz, ETAri buruz zerbait noizbait albistegietan entzun dutelako.

Beste herrialde batetan bizi den emakumea izanik, nolakoa da emakumearen egoera Txekian?

    ei4
    Brnoko eraikin ugari zaharkituta daude.

Hemengo emakumeak hangoen egoera bertsuan bizi dira. Gizonaren antzera, “nahi duena” egiteko aukera du, ikasteko eta lan egiteko, baina nik uste dut ohiturak eta tradizioak indarra duela. Hemen gazte jendea lehenago ezkontzen da, eta 30 urtetik gora, emakumea ezkongabe ikustea arrarotzat hartzen da.

Hel diezaiogun orain idazle fazetari. Gaztetan hasi

zinen, ezta?

Hala da, bai. Txikitatik bi eskuak baliatzen nituen kolore anitzeko arkatzekin nahiz errotuladoreekin margotzeko. Idazteko zaletasuna bederatzi urterekin–edo etorri zitzaidan. Eguneroko bat oparitu zidaten, eta nire bakardadea idazten nuen, nire orduko bizitza mutua.

Euskonews Gaztean poesiarekin kolaboratu duzu.

Beste generorik lantzen al duzu?

Olerkiez gainera, ipuinak, istorio laburrak, iritzi–artikuluak, literatur iruzkinak idazten ditut. Olerkigintza dut nik etxe eroso, horretan aurkitzen baitut nire adierazpide egokia. Eta, nire lagun min batek erran zidanarekin ados nago: ni poeta baino, poetisa naiz.

Beti esaten da idazteko asko irakurri behar dela...

Idazteko ez da asko irakurri behar, aldiz, egoki eta ongi idazteko bai. Idazteko joera egoera pertsonalek (bakardadeak, minak...) bultzatzen dute, eta ez beste autoreak irakurtzeak. Baina zalantza barik, horrek laguntzen du ongi idazten.

Euskal literaturako idazle klasikoak nahiz oraingoak ezagutzen lagundu dit Euskal Filologiak, baita Senpereko HATSA ELKARTEAk ere. 2001etik aitzina, urtez urte atera duten HATSAREN POESIA poema–liburu kolektiboak nire olerki batzuk publiko egiten lagundu dit, eta bertan parte hartutako olerkari guzti–guztiak izan dira neuretzat erreferente, bidaide eta lagun.

Horietatik bati, ene lagun minari, bihotzetik eskerrik asko. Berak sinetsarazi baitzidan idazle on nintzela, 2005eko HATSAREN

    ei6
    Brnoko Marianské údoli lakua.

POESIAko nire olerkiez maitemindu zen, eta nire istorioak irakurri eta iruzkintzen ditu. Berak nire idazle auto–estimua aintzat hartzen lagundu zidan, eta horrela matrikulatu nintzen 2006ko Bergarako Idazle Eskola gradu–ondokoan, eta ezagutu nire ikaskide eta lagunak. Luma berri horien eleak ere erreferente izan ditut, baita nire (in)komunikazio ezintasuna komunikatu nahi mingarria ere.

Idazle ugarik eragin dute beraz zugan.

Olerkigintzaren ateak emakume olerkari ezezagun batek ireki zizkidan: Marlene Hörmann, Eine leise Lied. 1995–96eko Alemaniako negu luze eta ilun haiek tristura ekarri zidaten, maitemina, eta ur horri bide emateko, nire iturria ireki zen.

Gero, Euskal Herrian Sarrionandiaren poemak hartu nituen, eta berriro ere maitemindu. Gasteizko 1996–2000ko neguak eta ostegunak aitzakia, idazteko iturriak irekirik segitu zuen, Euskal Filologia ikasten ari nintzen garaian.

Tristuren eta pozturen iturburuak jarraitzen du oraindik, maiteminez beti. Batez ere, bidegabekeriak, minak eta sufrimenduak bultzaturik idatzi dut, nire salbazioa izan baita idazketa: aitaren gaitza eta heriotza, maitemina (maite zaitut erran nahi eta ezina), maitasuna emateak eta ez jasotzeak...

Zer nabarmentzen duzu faltan gehien Brnon egonda?

Itsasoaren kresala eta mendiko iratzea, ezpel ura eta nire bihotzeko jendea (familia eta lagunak). Batez ere, nire lagun leial Euri txakurraren huts–mina sentitzen dut, eta euskaraz hitz egitea eta bizitzea.

Hala bizi naiz hemen ere, dudan onena ematen saiatzen, maite ditudanei, maite nautenei, jaso nahi duenari. Denei, udaberri on!

Nire udaberria
(Brno, 2010eko martxoaren 2a)
 
Irribarre xume eta hotz hau
lorategi batean lore bat belar berde artean ernaltzeko
eki–laztan leun izpi bat
lur horren gainean
lorerik gabeko lorategi horren gainean.
 
Nire udaberria horixe da:
Neguko elur zuria eta hotza urtzerakoan,
tantaz tanta
ahantzitako oroitzapenak berriro agertzea
lurrazalera
etorkizun oparo bat amesteko
gaur
martxoko eguzkipean
urkiaren altzoan.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago