Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
giza_de_arana.gif
 
GIZA FAKTOREA

Lehenengo atala
 Hogeita hamar urtetik gora igaroak ziren leku hartan lanean hasi zenetik, beste edozein soldadu hasberri gazteren modura hasi ere. Ordutik hona Castlek beti bazkaltzen zuen St. James kalearen atzealdeko pub batean, bere bulegotik ez oso urrun. Baldin norbaitek galdetu izan balio zergatik joaten zen leku hartara, saltxitxa bikainak prestatzen zituztela erantzungo zuen. Hala ere, ausaz nahiago zuen Watney´s ez beste edozein garagardo-marka, baina saltxitxen kalitate paregabea garagardoaren gainetik zegoen. Castle beti prest egoten zen egiten zituen gauza guztien berri emateko, denik eta gauzarik xumeena izanik ere. Era berean, leku guztietara garaiz iristea zuen lege zorrotz.

    Eguerdiko ordu batean puntuan, Castle lana uztekotan zen. Arthur Davis, bere laguntzaile eta bulegokidea, eguerdian joan ohi zen bazkaltzera, ez lehenago ez beranduago, handik ordubetera itzultzearren, teorian behintzat. Baldin premiazko telegrama bat iristen bazen, bazekiten bietako batek hor beharko zuela mezua deskodetzeko. Alabaina, biek ere ondotxo zekiten ez zela sekula benetako premiarik sortzen euren lantokian, departamentuaren azpisail hartan. Euren ardurapean Afrikako ekialdeko eta Hegoafrikako eskualde batzuk zeuden. Ingalaterrako orduaren eta Afrikako eremu zabal hartako orduaren arteko aldea (ordubete baino zertxobait gehiagokoa, Johannesburgoren kasuan bezala) aski handia zen zerbitzutik kanpoko inor ez larritzeko, mezua berandu iritsiagatik. Davisek esan ohi zuen bezala, munduaren geroa ez zen inoiz kontinente hartan erabakiko, ez baitzen kontuan hartuko zenbat enbaxada zabal zitzaketen Txinak eta Errusiak Addis Abebaren eta Kronakryren artean edota zenbat kubatar lurreratu zitezkeen bertan. Castlek ohar bat zirrimarratu zuen Davisentzat: "Zairek 172 zenbakidunari erantzunik ematen badio, bidali kopiak Altxor Publikoaren Sailera eta Foreign Officera ". Erlojuari begiratu zion: Davis 10 minutu berandu zebilen.

    Bitartean, Castle bere kartera betetzen hasi zen: hantxe sartu zuen zerrenda bat gogoratzeko zer erosi behar zion emazteari Jermyn kaleko gazta-dendan, baita zer oparituko zion semeari (bi pakete Malteser), goiz hartan ez baitzen batere adeitsua izan harekin. Orobat, ez zuen kanpoan utzi Clarissa Harlowe liburua, liburu-bilduma hartako lehen liburukiaren LXXIX. ataletik aurrera inoiz irakurtzerik lortu ez bazuen ere. Igogailuaren atea itxi zen eta Davisen oin-hotsak entzun ziren pasiloan. Horretaz oharturik, azkar atera zen bulegotik. Uste baino hamaika minutu gutxiago zituen saltxitxak jateko. Davis ez bezala, Castle beti garaiz itzultzen zen. Urteek eman ohi duten birtuteetariko bat zen hori.

    Bulego hits hartan Arthur Davis bezalakorik ez zegoen bere xelebrekeriak zirela eta. Une hartantxe heldu zen hura pasilo luze zuriaren beste muturretik, asteburua hiritik kanpo zaldiz ibiltzen eman izan balu bezala jantzita edo, beharbada, hipodromo batetik baletor bezala. Artilezko kirol jaka berdeska bat zeraman soinean, eta titadun sudurzapi gorrimin bat goiko poltsikoan; hortaz, ez zen batere zaila izango apustu-artekaritzat hartzea. Ez dagokion paper bat interpretatu behar duen aktore baten gisa aritzen zen: bere jantziaren arabera jokatzen saiatzen zenean, ia beti hondatzen zuen bere pertsonaia. Londresen zegoela, herri batetik etorri berria ematen zuen; herrian zegoen bitartean bisita egiten bazitzaion, berriz, hiriburuko turista baten itxura osoa agertzen zuen.

—Garaiz, beti bezala —esan zuen Davisek, bere ohiko irribarre erruz betea erakutsiz.

—Erlojua beti pixkat aurreratzen zait —erantzun zuen Castlek inork esan gabeko kritika bategatik bere burua zurituz—. Nonbait antsia-konplexua izango dut.

—Beti bezala goi mailako sekretuekin kontrabandoa egiten, ezta? —esan zuen Davisek txantxetan, Castleri kartera kentzeko itxura eginez. Haren hats gozoak Porto ardorako zuen zaletasuna salatzen zuen.

—Hara, guztiak gorde ditut zerorrek saltzeko! Zuk prezio hobea lortuko duzu zeure kontaktu misteriotsuen bidez.

—Zu bai atsegina!

—Gainera, zu mutilzaharra zara, eta ezkonduok baino askoz diru gehiago behar duzu. Nik, berriz, gastuen erdia baino ez dut hartu behar nire gain.

—A, janari-hondar izugarri horiek —esan zuen Davisek—, jaki errearen hondarrak haragizko pastel gisa, almandrongila susmagarri horiek... Merezi al du? Gizon ezkondu batek ezin du Porto ardo on bat ere hartu.

    Davis sartu zen berak eta Castlek konpartitzen zuten bulegoan, eta Cynthiari deitu zion telefonoz. Bi urte zeramatzan Davisek Cynthia konkistatu nahian; hark, ordea, brigadako jeneral baten alaba zenez, asmo handiagoak zerabiltzan. Guztiarekin ere, Davisek ez zuen etsitzen; zioenez, seguruagoa zen beti amodio kontuak departamentu barruan izatea. Segurtasuna bermatzeko bide bat izan zitekeen hura. Castlek, berriz, bazekien nolakoxe zaletasuna zion Davisek Cynthiari. Monogamiaren aldeko jarrera tinkoa zuen, eta orobat gizon bakartien umore defentsiboa. Behinola, Davisek Ingurugiro Saileko bi gizonekin pisua konpartitzen zuela, Castlek bisita egin zion. Garai hartan, antiguedade-denda baten gaineko etxe batean bizi zen. Claridge´s-tik ez oso urrun. Hiriaren erdi-erdian eta oso West End  estilokoa.

—Beste nonbait bizi beharko zenuke, bulegotik hurbilago —aholkatu zion Davisek Castleri gauzez gainezka zegoen egongela hartan. Sofaren gainean baziren pilaturik era guztietako aldizkariak (New Statesman, Penthouse eta Nature). Era berean, edalontzi zikin batzuk ikus zitezkeen, beste lagun baten jai baten aztarnak, gelaren txokoetara eramanak, neskameak bil zitzan.

—Zuk ondotxo dakizu zenbat ordaintzen diguten —esan zuen Castlek—, eta, gainera, ni ezkonduta nago.

—Oker handia da hori.

—Nire kasuan ez —esan zuen Castlek—. Nik atsegin dut neure emaztea.

—Eta jakina, sasikumea ere ezin da ahaztu —Davisek berriro—. Nik ez nuke izango dirurik aski seme-alabak eta Porto ardoa batera edukitzeko.

—Baina zera gertatzen da: sasikume txikia ere gustatzen zaidala.

    Harrizko lau mailak jaitsita, Castle Piccadillyko espaloian oina ezartzekotan zegoela, atezainak esan zion:

—Tomlinson brigadierrak zurekin hitz egin nahi du.

—Tomlinson brigadierrak?

—Bai, A-3 bulegoan dago.

    Castlek behin baizik ez zuen ikusi Tomlinson brigadierra; zuela anitz urte, berak zenbatu nahi zituenak baino gehiago. Izan ere, bere izendapen-egunean, hots, sekretu ofizialen zinaren azpian izena ezarri zuen egunean, ikusi zuten elkar lehen eta azken aldiz; garai hartan, brigadierra ofizial gazte bat baino ez zen, ofiziala izatekotan. Gauza bakarra gogoratzen zuen gizon hartaz: haren bibotetxo beltza, objetu hegalari ezezagun baten gisa xukapaperezko azalera zuri-zuri eta aratz baten gainean pausatua (segurtasun-neurriek hartaraturik, apika). Haren sinadura lausoa zinaren azpian zirriborratu zuen; horixe zen agiri haren narrio bakarra. Seguruenik orri hura ebaki eta errausgailura botako zuten. Badira kasik ehun urte Dreyfusek paperontziaren arriskuak ezagutarazi zituela.

—Jarraitu pasilotik eta gero jo ezkerretara —gogoratu zion atezainak kontrako norabidean zihoala ikusita.

—Aurrera, Castle, aurrera —esan zion Tomlinson brigadierrak.

    Tomlinson brigadierraren bibotea xukapapera bezain zuria zen, eta urteen joan-etorriak eragindako tripazorro txiki bat ikus zekiokeen, txaleko gurutzatuaren azpitik somatzen zena. Haren graduazio zalantzagarriak bakarrik jarraitzen zuen lehenean. Inork ez zekien zein errejimentutan ibilia zen, errejimenturik izan bazen behintzat. Izan ere, eraikin hartako gradu militar guztiak apur bat susmagarriak ziren. Agian, graduazioak mozorroketa orokorraren zati bat besterik ez ziren.

—Uste dut ez duzula ezagutzen Daintry koronela —esan zuen Tomlinson brigadierrak aurkezpen gisa.

—Bai, hala da. Zer moduz?

    Bere jantzi ilun akatsik gabea eta bere aurpegi zorrotza gora-behera, Daintryk hiritik kanpo bizitzeko itxura handiagoa zuen Davisek baino. Tankeraren arabera, bere etxean bezala egongo zen Davis apostu-tartekari baten satorzuloan; Daintry, aldiz, oso gustura ibiliko zen leku berezi eta garesti batean edo basoilarren ehizarako barruti batean, dudarik ez. Castlek primeran pasatzen zuen bere lankideek sortzen zizkioten aurreneko irudipenak bat-batean mamitzen; batzuetan, idatziz ere egiten zuen lan hura.

—Uste dut zure lehengusu bat Corpus-en ezagutu nuela —esan zuen Daintryk atseginez, pitin bat kezkatuta zegoela ematen bazuen ere; seguru asko King´s Cross-en trena hartu behar zuen.

—Daintry koronela —azaldu zuen Tomlinson brigadierrak— gure zabor biltzaile berria da.

    Castle ohartu zen Daintryk keinu bat egiten zuela bere ikergaien definizioa entzutean.

—Meredithen postuan hasi da Segurtasun Sailean. Baina ez dakit ziur zuk Meredith ezagutu ote zenuen...

—Uste dut nire lehengusu Rogerrez ari zarela —erantzun zion Castlek Daintryri—. Urteak dira ikusi ez dudala. Bere promozioko lehena izan zen. Uste dut orain Altxor Publikoaren Sailean ari dela.

—Dagoeneko azaldu dizkiot Daintry koronelari erakundearen zoko-moko guztiak —esan zuen Tomlinson brigadierrak bere argudioen ildoari zorrozki jarraiki.

—Nik Zuzenbidea ikasi nuen. Aipamen berezi bat baino ez nuen lortu —jarraitu zuen Daintryk—. Zuk Historia ikasi zenuen, ezta?

—Bai, hala da. Baina nik aprobatu soila atera nuen.
    
—Eta Etxean ikasi zenuen?

—Bai.

—Daintry koronelari esana diot —ekin zion berriro Tomlinsonek—, 6.A Sailari dagokionez, zu eta Davis zaretela telegrama ultrasekretuen arduradun bakarrak.

—Baldin eta "ultrasekretu" izena merezi duenik bada... Ez da dudarik Watsonek ere dena ikusten duela.

—Davis? Reading-eko unibertsitatean ibili zen, ezta? —galdetu zuen Daintryk erdeinu apur bat agerian utziz.

—Ageri da gaia goitik behera menderatzen duzula.

—Egia esan, Davisekin hitz egin berria naiz.

—A! eta horrexegatik etorri da hamar minutu berandu bazkaritik.

    Daintryren irribarreak berriro irekitzen ari zen zauri mingarri bat ematen zuen. Ezpainak, gorri-gorriak, nekez banatzen zituen elkarrengandik ertzetan.

—Arestian Davisekin zutaz hitz egin dut. Orain, ordea, zurekin hitz egingo dut Davisez. Inspekzio bat argi betean. Izan zaitez bihozbera zabor biltzaile berriarekin. Erratza erabiltzen ikasi behar dut apurka-apurka —erantsi zuen bere burua pixka bat katramilatuz metaforetan—. Arauei men egin behar zaie... nahiz eta, jakina, zuongan biongan konfiantza dugun. Baina, hara, Davisek esan al dizu ezer honetaz?

—Ez. Hala ere, zergatik sinetsi behar didazu? Ados jar gintezkeen aurretiaz.

    Zauria berriro ireki zen pixka bat eta, handik lasterrera, gogor itxi zen.

—Uste dut politikaren aldetik Davisek ezkerretara dezente jotzen duela. Ez al da hala?

—Alderdi Laboristako kidea da. Berak ere esango zizun hori honezkero.

—Jakina, ez dago ezer txarrik horretan —iritzi zion Daintryk—. Eta zu?

—Niri ez zait politika interesatzen. Davisek hori ere esango zizun.

—Inoiz, ordea, bozkatuko duzu...

—Ez dut uste gerra ostean sekula bozkatu dudanik. Gaur egun ematen du sarriegitan auzi politikoak... beno, apur bat hutsalak direla.

—Ikuspegi interesgarria, benetan —esan zuen Daintryk gaitzespenez. Orduan, Castle ohartu zen hobe izango zuela gezurra esan balu. Dena dela, beti egiari eusten zion, jarrera aldatzea behar-beharrezkoa zenean izan ezik. Egia egiaztagarria da. Daintryk erlojuari begiratu zion.

—Beno, ez dizut denbora gehiagorik kenduko. Trena hartu behar dut King´s Cross-en.

—Ehizan zoaz asteburu honetan?

—Bai, baina nola igarri didazu?

—Intuizio hutsa —erantzun zuen Castlek.

    Castleri berriro damutu zitzaion bere erantzuna. Seguruago izaten zen beti norbere presentziaz inor ez ohartaraztea. Batzuetan —gero eta gehiagotan, urteek aurrera egin ahala— amets egiten zuen konformismo orokorrarekin, beste norbaitek Lord´s-eko kriket partidu batean sekulako jokaldi bat egitearekin amets egin zezakeen bezalaxe.

—Nire eskopetaren estutxea ikusiko zenuen ate atzean.

—Bai —onartu zuen Castlek ordura arte ez eskopetarik ez estutxerik ikusi ez bazuen ere—, horrexek eman dit argia —eta poztu zen Daintry lasaiago zegoela ikusita.

—Noski, kontu honetan ez dago ezer pertsonalik —ekin zion berriro Daintryk—. Ohiko inspekzio huts bat besterik ez da. Arau-piloa dago, eta, ugarien ugariez, batzuei ez zaie ematen zor zaien arreta. Gizakiok horrelakoak gara. Esaterako, lana etxera eramateko debekua...

    Daintryk begirada esanguratsu bat bota zion Castleren karterari. Militar batek edo heziketa oneko gizon batek berehala zabalduko zuen kartera hura eta, txantxa txiki bat egin ondoan, baimena emango zuen barruan miatzeko. Castle, ordea, ez zen militarra eta ez zuen inoiz bere burua heziketa handiko gizontzat jo. Hau ikusi nahi zuen: noraino heltzeko prest zegoen biltzaile berria, zaborra aurkitu beharrez. Gero, hau esan zuen:

—Oraindik ez noa etxera. Bazkaltzera noa, besterik ez.

(lehenengo bost orrialdeen bukaera)

  Inaxio Lopez de Arana

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago