MANHATTAN TRANSFER
Ontziralekua
Hiru kaio jira-biraka zebiltzan; behean, hesiaren ohol ezpalduen artean flotatzen, kutxa hautsiak, laranja-azalak eta aza ustelak zituzten. Uhin berdeak apar bihurtzen ziren ferryaren branka biribilaren azpian. Ur-azala arrailatzen zuen ferryak laprast egiten zuen eta, mareak bere altzoan eramanik, astiro-astiro iristen zen ontziralekura. Biraderak aurrera eta atzera kateen txilin-hotsa eginez, ateak gorantz, hankak lehorrera salto eginez. Gizonak eta emakumeak bultzaka sartzen ziren egurrezko tunel kirastuan, elkar estutuz eta zanpatuz, anteparatik dolarera erortzen diren sagarrak bailiran.
Erizainak gela handi, bero eta lehor bateko atea ireki zuenean, besoa luze-luze, saski bat zeraman, txizontzi baten modura erabiliz. Hango airean alkohola eta iodoformoa antzeman zitezkeen, eta horma berdexketan zehar kokatutako beste saski batzuetatik zetozen garrasi etengabeek indarge gora egiten zuten kiribilean. Saskia bere lekuan uzterakoan, ezpainak estu, begiratu bat egin zion erizainak. Jaioberria kotoien artean emeki-emeki iraulkatu zen, zizare-pilo baten gisan.
Ferryan, gizon zahar bat biolina jotzen ari zen. Haren tximino-aurpegiaren alde bat erabat zimurtua eta okertua zegoen, eta txarolezko zapata arrakalatu baten puntaz zeraman konpasa. Bud Korpenning, hari begira, barandan bermatuta eta ibaiari bizkarra emanez zegoen. Brisak kapelaren ertz estutuaren inguruko ilea harrotu eta lokietako izerdia lehortzen zion. Oinak babaz beteta zeuzkan eta leher eginda zegoen, baina ferrya ontziralekutik ibaiaren ur izurtuaren gainean zamalkatzen aldentzean, halako inurridura bero bat sentitu zuen zainetan.
– Aizu, ferrya porturatuko den lekutik hiria urrun al dago? –galdetu zion marra zuri-urdineko korbata eta lastozko kapela zeramatzan ondoko gizagazte bati.
Gazteak goitik behera begiratu zion Budi, ibilaldi luzeak desitxuratutako zapatetatik eskumutur gorrietaraino, jakaren mahuka higatuen azpitik ageri baitziren; Buden indioilar-lepo mehea zeharkatu zuen gero; eta azkenik, begirada hura haren begi ausartetan iltzatu zen lotsarik gabe, bisera apurtu baten itzalpean zeuden begietan.
– Joan nahi duzun lekuaren arabera.
– Nondik joan behar dut Broadwayra iristeko?... Gauza guztien muinera joan joan nahi dut.
– Joan sortalderantz, eta etxe-bloke bat atzean utzi ondoren, jarraitu Broadwayn zehar, eta gauza guztien muinera iritsiko zara, dezente ibiliz gero behintzat.
– Eskerrik asko. Horixe egingo dut.
Biolinjolea, haizeak ile urdinezko xerlo batzuk soilune higatuan inarrosten zizkion bitartean, kapela luzatuz, jendetzaren artean zebilen eskean. Budek antzeman zion begitartea bihurtzen zuela bera zegoen lekurantz; haren bi begi beltz zanpatuak, orratz-buruak ziruditenak, begira zeuzkan, adi-adi.
– Ezer ez –esan zuen zakar.
Eta burua jiratu zuen, ibaiaren handitasunari so egiteko, ibaia aizto-ahoz beterik zegoela baitzirudien, hain ere zen distiratsu. Ontziralekuaren oholak gerturatu ziren, karraska egin zuten ferryarekin talka egiterakoan. Kateek kirrinka egin zuten, eta jendetzaren zurrunbiloak Bud kaian barrena eraman zuen. Ikatza garraiatzen zuten bi bagoiren artetik, hautsez betetako kale batera irten zen, nondik tranbia horiak igarotzen baitziren. Belaunak dardara batean hasi zitzaizkion. Eskuak poltsikoetan sartu zituen, barruraino.
Kale-kantoira iritsi aurretik, EAT hitza irakur zitekeen otorduak ematen zituen bagoi baten gainean. Aulki birakari batean akiturik eseri eta prezio-zerrenda arreta handiz aztertzeari ekin zion.
– Arrautza frijituak eta kafea.
– Gorringoa gora ala behera? –galdetu zuen gizon ilegorri batek barraren atzealdetik, oreztaz beteriko beso lodiak amantalaz garbitzen ari zela.
– Zer? –Bud Korpenning zutitu zen asaldatuta.
– Arrautzak, ea gorringoa gora ala behera dutela nahi dituzun.
– A bai, gorringoa behera.
Bud, burua esku artean, gogorik gabe bermatu zen berriro barra gainean.
– Aizu, leher eginda ematen duzu –esan zuen tabernariak, zartagineko koipe kirrinkarira arrautzak botatzen ari zen bitartean.
– Oinez nator estatuko iparraldetik. Gaur goizean hamabost milia egin ditut.
Barrako gizonak txistu-antzeko hots bat jaulki zuen letaginen artetik.
– Lan bila etorri zara hirira, ezta?
Budek baietz egin zuen buruaz. Tabernariak arrautza karraskatzaile eta xigortuak plater batera bota zituen. Gero, platera Bud zegoen lekurantz bultzatu zuen, ertzean ogi apur bat eta gurina ezarri ondoan.
– Aizu, dohainik aterako zaizun aholku txiki bat emango dizut. Lan bila hasi baino lehen, bizarra egin, ilea moztu, jantzia eskuilatu eta kendu baldar-itxura hori. Horrela aukera gehiago izango duzu ezer aurkitzeko. Itxura da hiri honetan balio duen gauza bakarra.
– Nik ondotxo dakit zer den lan egitea. Langile ona naiz –marmar egin zuen Budek, ahoa beteta zeukala.
– Horixe da guztia. Esan dizut, bada –esan zuen ilegorriak eta su txikira itzuli zen.
Erietxeko atondo handiko marmolezko eskaileretan gora, Ed Thatcher dardarka zihoan. Sendagaien usaina eztarrian itsatsita geratzen zitzaion. Emakume aurpegi zorrotz batek so egiten zion idazmahai baten gainetik. Ed lasai hitz egiten saiatu zen.
– Esango didazu nola dagoen Mrs. Thatcher?
– Zu zeu igo zaitezke ikustera.
– Esadazu mesedez, andereño, dena ondo doa?
– Solairuko erizainak emango dizkizu nahi dituzun argibide guztiak. Ezkerreko eskailera, hirugarren solairua, ama berrien atala.
Ed Thatcherrek lore-sorta bat zeraman paper ezkoztatu berde batean bilduta. Estropozoka igo zen; hori zela eta, bazirudien eskailera handia kulunka zebilela, zuntzezko alfonbrari eusten zioten letoizko arrabolekin oin-puntez behaztopa egiten baitzuen Thatcherrek. Ate bat ixtearekin, txilio ito bat etenda gertatu zen. Edek erizain bat geldiarazi zuen.
– Mrs. Thatcher ikusi nahi nuke, mesedez.
– Tira, segi aurrera, non den baldin badakizu, behintzat.
– Beste leku batera eraman dute baina.
– Bulegoan galdetu beharko duzu orduan, galeriaren amaieran.
Edek ezpain hotzei haginka egin zien. Emakume aurpegi gorrixka batek irribarretsu behatu zion galeriaren amaieratik.
– Dena ondo atera da. Neskato sendo baten aita dohatsua zara.
– Begira, gure lehenengo umea da, eta Susie ez da oso gogorra... —esan zuen hitz etenez, begiak itxi-irekika zituela.
– A bai, ulertzen dut, zu kezkatuta zeunden, jakina... Barrura sartu eta esnatzen denean zure emaztearekin hitz egin dezakezu. Bi ordu dira neskatoa jaio dela. Saiatu ez nekarazten.
Ed Thatcherrek, bibotetxo horaila eta begi kolorgeko gizon txikiak, irribarre egiterakoan bere hortz horiak eta gorabeheratsuak erakutsiz, erizainari eskua hartu eta astindu egin zion.
– Lehenengoa da, badakizu...
– Zorionak –esan zuen erizainak.
Gas-lanparen argi zakarraren azpiko ohe-ilarak, izarak behin eta berriro astintzearen ondorioz sortutako usain okaztagarriak, aurpegi lodiak, zargalduak, horiak, zuriak. Hortxe dago. Ile horailak, txirikorda batean bildurik, Susieri bisaia txiki eta zuria zedarritzen zion; une hartan oker eta makala zirudien bisaia hark. Arrosak askatu eta gau-mahai gainean ezarri zituen. Leihotik begiratzea eta uraren hondora begiratzea bat ziren. Plazako zuhaitzak, amaraun urdinen gisan, elkarri lotuta zeuden. Farolak etorbidean gaindi izekitzen ari ziren eta isla berdeak jaurtikitzen zituzten etxe-bloke moreen gainean. Tximinien eta ur-deposituen soslaia nabarmenkiro ikus zitekeen haragia bezain gorrixka zen zeru hartan. Azkenik, betazal urdinxkak altxatu egin ziren.
– Zu al zara, Ed?... Ene, Jack-ak dira eta! Sekula halakorik!
– Ezin izan diot tentazioari eutsi, laztana. Banekien gustuko zenituela.
Erizain bat ohearen oinaldearen inguruan zebilen.
– Aizu, utziko al diguzu umea ikusten?
Erizainak baietza eman zuen. Emakume hark aurpegi zimel eta zurbila zeukan, eta ezpain bilduak.
– Gorroto dut –marmar egin zuen Susiek–: neure onetik ateratzen nau. Neskazahar zital horietako bat da, besterik ez.
– Ez egin kasurik, maitea. Hau egun bateko edo bi eguneko kontua baino ez da.
Susiek begiak itxi zituen.
– Oraindik Ellen deitu nahi al diozu?
Erizaina saski bat eskuan zuela itzuli zen; ohe gainean paratu zuen, Susieren ondoan.
– Ai ene, ze polita den! –esan zuen Edek–. Begira, arnasa hartzen ari da... Eta igurtzialdi bat eman diote.
Edek bere emazteari lagundu zion ohean ukondo baten gainean agoten. Susieren txirikorda horaila berez askatu zelarik, Eden besoa eta eskua estalita geratu ziren.
– Nola bereizten dituzu, erizain?
– Batzuetan ezin ditugu bereizi –esan zuen erizainak, ahoa urratuz irribarre egin nahian.
Susie, harro eta fidagaitz, aurpegi ñimiño morexkari begira zegoen.
– Seguru al zaude hau dela nirea?
– Jakina.
– Ez dauka etiketarik baina.
– Oraintxe jarriko diot.
– Nirea, ordea, beltzarana zen.
Susie, arnasestuka, burukoaren gainean etzan zen.
– Zure ilearen kolore bereko bilotxo argia dauka.
Besoak buruaren gainetik luzatuta, Susiek deiadar egin zuen:
– Ez da nirea, ez da nirea!... Eraman ezazue hemendik... Emakume honek alaba lapurtu dit!
– Maitea, Jainkoarren! Maitea, Jainkoarren! –erregutu zuen senarrak, emaztea estalkiaz ondo tapatzen saiatzen ari zen bitartean.
– Jesus! –esan zuen lasai erizainak, saskia biltzen ari zela–; lasaigarri bat eman beharko dizut.
Susie, zurrun, ohe gainean eseri zen.
– Eraman ezazue hemendik! –oihu eginda, atzerantz erori zen nerbio-atake batek jota, auhen indargeak etengabe eginez.
– Ene Jainkoa! –oihu egin zuen Ed Thatcherrek, eskuak batuta.
– Hobe duzu alde egitea... Zuk alde egin bezain laster lasaitu egingo da. Arrosak uretan ipintzera noa.
Eskaileraren azken aldean, astiro jaisten ari zen gizon lodikote baten parean jarri zen Ed. Eskuak igurtziz zihoan gizon hura. Bien begiek topo egin zuten elkarrekin.
– Dena ondo doa, jauna? –galdetu zuen gizon lodikoteak.
– Bai, baietz uste dut –esan zuen Thatcherrek indarge.
Lodikotea bere ahots zakarrari poza zeriola harengana jiratu zen:
– Emaskidasu sorionak! Emaskidasu sorionak! Nire emasteak mutil pat isan du!
Thatcherrek haren esku txiki eta lodia estutu zuen.
– Nirea neska da –aitortu zuen ahalkez.
– Nik post urrtetan post alapa, eta orain, pentsa, mutil pat!
– Bai –esan zuen Thatcherrek espaloira iristerakoan–, gaurkoa oso egun berezia da.
– Tragoxka pat harrtu nahi al dusu nirekin, hau dena ospatzeko?
(lehenengo bost orrialdeen bukaera)